UREPEL Abesbatza Sopelan sortu zen 2015eko otsailaren 12an, lehenago beste abesbatza batzuetan ibilitako lagun musikazale talde baten iniziatibaz. 

Urepel izenak gogorarazten digu Urepel/Urepele, Nafarroa Behereko udalerria, Aldudeko ibarrean eta Baigorri-Ortzaize eskualdean dagoena. Urepele, antzina Aldude herria besterik ez zena, udalerri independente bihurtu zen 1862ko otsailaren 15ean. Bere mugak dira Banka eta Aldude, iparraldean, eta Auritze, Auzperri eta Erro, hegoaldean.

Urepel herria Xalbadori esker da famatua, oroz gainetik. Xalbador, jaiotzako izen-deiturez Fernando Aire Etxart, Xalbadorrenea baserrian jaiotakoa, (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a - 1976ko azaroaren 7a) bertsolaria eta artzaina izan zen. Bertsolari liriko eta poetikoa, bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gaitzat. Bere garaiko bertsolari txapelketa eta sariketa gehien-gehienetan parte hartu zuen eta, 1946tik 1960ra bitartean, Hego Euskal Herriko bertso saioetako asko irabazi zituen. Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) bertso bildumak eman zituen argitara. Zorigaitzez, 1976ko azaroaren 7an bere jaioterrian egin zitzaion omenaldi-egunean, bihotzekoak jota hil zen. Euskaltzain ohorezko izendatu zuten 1977an.