Nor izan zen Pizpirri? 
Pizpirri, porlanezko horma eta hesiak besterik ez den tokian jaio zen, bizitzak nonahi bidea egiten duen erakusle ñimiño eta, aldi berean, erraldoia.
Pizpirri, inork inoiz erreparatuko ez zion landare horietako bat zen, preso batek izan ezik. Isolamendu patio hartako arrakala guztietatik ahal bezainbeste lur, hondar eta zikinkeriaz edalontzi erdia bete eta zoru berri bat eman zion presoak.
Ziega leiho batean eguzkiari begira eman zituen asteak hazten, funtzionarioren batek zakarrontzira botatzeko aginduko zuen beldurrez, bis batean aterata, presoaren alabak ilusio handiz etxera eraman zuen arte. Eta hala bizi izan zen, guztiok bezala, bizitzeari utzi zion arte.
Nor da egun Pizpirri?
Izan zenari omenaldia da Pizpirri, eta askoz gehiago.
CD bat da gaur egun. Alaba horrek, aitari ezer esan gabe, urte oso batez hara eta hona, bertan parte hartu duten guztien maitasunarekin osatu zuen, aitak, iazko gabonetan, begiak dir-dir, opari gisa jaso zuena.
Espetxealdian zehar bisetan elkarrekin kantatu eta telefonoz grabatutako kanta horien ondorioa da CD hau. Gure herriko artista batzuek audio horietatik moldatutako abestiak entzutea izugarri hunkigarria da, eta, are gehiago, telefono grabazio horien islada bertan aurkitzea.
Aita horrek jaso zuen opari hau da zuk orain esku artean izan dezakezuna.
2010ean jaioa, 2022/23an opari gisa loratua eta 2024an eman du proiektu honetan fruitua.
Zer izango den?
Pizpirri zer izango den zuek erabakiko duzue. Oraingoan, zuen elkartasunez beteriko edalontzian jaioko da berriro.
Lora dadila gure herriaren oroimenean!
Zabal dezagun lau haizetara!
Gora askatasuna!