Pentsamendua, Hizkuntza eta Adimena

Gizakiari buruzko ikuspegi adina adimen-teoria dago, eta, halaber, adimena ulertzeko moduak hainbat ondorio du bizitzako arlo gehienetan: hezkuntzan, gizarte-politiketan, norberaren zein besteen gaineko ikuspegian edota pertsonen inguruko edozein epai egitean, besteak beste. Horrek, bere horretan, justifikatuko luke gai hau landu nahi izatea. Gainera, Hezkuntzarako materiala izan nahi duenez proiektu honek, ikasleak hartu nahi dira kontuan, eta haiek gizarteko kide diren heinean, adimenaren gaineko ikuspegiaren arabera definitu ohi dute euren burua; horregatik, haien identitatearen bilaketan, interes handiko gai bilakatzen da adimena.

Adimena prozesu kognitibo konplexu bat da, eta beste prozesu kognitiboetatik bereizezina, prozesu konplexuak diren hauetatik bereziki: pentsamendua eta hizkuntza. Sarritan, eskura ditugun materialetan, adimena, pentsamendua eta hizkuntza bereizita lantzen dira, ulermena errazte aldera seguruenik. Halere, bereizezinak diren neurrian, gai bakarrean hiru prozesuen arteko erlazioa azalaraztea interesgarria da. Horra hor, beraz, izenburuaren arrazoia: Pentsamendua, hizkuntza eta adimena.

Prozesu kognitiboak hizkuntzalariek, neurozientzialariek, antropologoek, filosofoek eta psikologoek aztertzen dituzte. Psikologiari dagokionez, psikologia kognitiboa da horiek ikertzen dituena. Diziplina horietako ikerlariek hasitako mugimendu intelektualari Iraultza kognitiboa izena eman zitzaion, eta aipatutako diziplinak barne hartzen dituen zientzia kognitiboen hasiera izan zen.

Zientzia kognitiboak

Azken urteotan, neurozientziek aurrerapauso handia eman dute, besteak beste teknologiaren garapena dela eta. Neuroirudien bidezko teknikak lagungarri izan dira informazioa nola prozesatzen den ezagutzeko. Egindako aurkikuntza berriek eragina izan dute zientzia kognitiboen parte diren beste diziplina guztietan, horien artean psikologian. Ondorioz, psikologia diziplinak sortzen duen interesa handitu egin da, eta, horrekin batera, psikologia ikasteko ikasleen grina.

Horregatik guztiagatik, dagokigun gaian oinarrizkoak diren ideiak eta kontzeptuak batu dira webgune honetan. Ataletan banatutako site-a da beraz, eta hauek dira edukiak:

1. atala. Kognizioa. Kognizioaren deskribapena. Kontzeptuak eta prototipoak nola bereizi. Kontzeptu naturalen eta artifizialen arteko desberdintasunak.

2. atala. Hizkuntza. Hizkuntzaren definizioa eta hizkuntzaren osagaiak. Hizkuntzaren garapena gizakiarengan. Hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko erlazioa.

3. atala. Hizkuntzaren erabilera. Hizkuntzaren erabilera deskribatzeko zenbait termino. Hizkuntza erabiliz, informazio berria partekatzeko moduak. Elkarrizketen ohiko edukia eta elkarrizketen inplikazio sozialen ezaugarriak. Hizkuntzaren erabileraren zenbait ondorio psikologiko.

4. atala. Problemak ebaztea eta erabakiak hartzea. Problemak ebazteko estrategiak eta oztopoak. Erabakiak hartzeko jarraitu beharreko urratsak eta erabaki-joerak.

5. atala. Adimena eta sormena. Adimena definitzeko saiakera. Adimenaren gaineko oinarrizko teoriak. Adimenaren eta sormenaren arteko erlazioa.

6. atala. Adimenaren neurketak. Adimen-proben garapena. IQ testen erabilera historian zehar. Adimenaren neurketen gaineko hausnarketa.

7. atala. Adimenaren jatorria. Adimenaren biologia. Genetikak eta inguruneak adimenean duten eragina eta horren gaineko eztabaida.

8. atala. Adimenaren aspektu sozial, kultural eta politikoak. Genero eta arraza desberdinen kasuan, IQ testetan agertzen diren desberdintasunen gaineko azalpenak –biologiari eta inguruneari lotutakoak–. Estereotipo mehatxua zer den eta haren eragina adimen-probetako emaitzetan.

Terminologiaren gainean zenbait argibide

Psikologian –egia esan, zientzia kognitiboen parte diren diziplina guztietan–, ingeleseko mind esateko, gogamena zein adimena terminoak erabili ohi dira euskaraz, eta biak ondo erabilita daude. Ingeleseko intelligence esateko, aldiz, adimena da termino zuzena. Hori dela eta, nahasteak saihestu nahian, mind esateko gogamena terminoa hobetsi da; beraz, adimena hitzak intelligence terminoari baino ez dio erreferentzia egiten lan honetan.

Father John Misty Pure Comedy