Pentsatzea da gure giza esperientziaren parte garrantzitsuenetako bat. Mendeetan zehar, gizakiak pentsamendua zertan oinarritzen den ezagutzeko jakin-mina sentitu du. Hori dela eta, gaur egun, pentsamendua psikologia-ikerketaren esparru bat da.
Giza pentsamendua goi-mailako prozesu bat da, eta adibide ugari dago giza pentsamenduak sortu duen lilura islatzen duena. Horren adibide dira, esaterako hainbat artelan, tartean honako hauek ere: XX. mendeko José Ferraz de Almeida Junior-en Moça com livro (1), Picassoren Woman with a book (2) eta X. mendeko Shi Ke-ren Huike Thinking margolanak batetik, eta August Rodin-en Le penseur eskultura bestetik.
1 Moça com livro 2 Woman with a book 3 Huike Thinking 4 Le penseur
Zergatik da horren zaila norberaren ohiturak apurtzea? Esaterako, gidatzean, sakelakoak jotzen duenean, nahiz eta jakin ez dela horrelakorik egin behar, zergatik erantzuten dio jende askok telefonoari? Nola daiteke elurra sekula ikusi edota ukitu ez duen pertsona batek elurraren kontzeptua ulertzea? Nola bereganatzen dute ume txikiek hizkuntza, inolako ikasketa formalik egin gabe? Pentsamendua aztertzen duten psikologo kognitiboak horrelako itaunei erantzuten saiatzen dira.
Dena dela, ez dute pentsamendua bakarrik aztertzen, baita adimena ere:
Zer da adimena eta nola aldatzen da pertsonatik pertsonara? Kaleko sena (street smart) adimen mota bat da? Hala bada, nola erlazionatzen da beste adimen motekin? Zer neurtzen dute benetan IQ testek?
Horrelako galderak eta beste hainbat lantzen dituzte pentsamendua, hizkuntza eta adimena aztertzen duten psikologoek.
Demagun pentsamendu guztiak entitate fisikoak direla, eta gogamenaren barruan dabiltzala abiadura handiko zurrunbilo batean sartuta. Nola liteke burmuina gai izatea pentsamendu batetik besterako bidea egiteko, modu antolatu eta ordenatu batean? Burmuina etengabe ari da hautematen, prozesatzen, planak egiten, antolatzen eta gogoratzen; une oro lanean ari da. Hala ere, egunerokoan, gizakia ez da gai burmuinaren joan-etorriaz jabetzeko. Hori guztia kognizioaren alderdi bat besterik ez da. Izan ere, kognizioak, bere osotasunean, pentsamendua eta honako beste gogamen-prozesu hauek hartzen ditu bere baitan: pertzepzio-, ezagutza-, uste-, hizkuntza- eta oroimen-prozesuak eta arazoak planteatzeko eta konpontzeko prozesuak.
Hori horrela, esan beharra dago kognizioa ikertzen duten zientzialariak honako prozesu hau ulertu nahian dabiltzala: nola txertatzen, antolatzen eta erabiltzen diren norberaren esperientzia kognitibo kontzienteak, burmuina egiten ari den lan inkontziente guztiaz jabetu gabe.
Goizero, ohetik altxatzean, norbanakoa pentsatzen hasten da, egunean zehar egin beharrekoei arreta jartzen. Hamaika galdera egiten dizkio bere buruari:
Zein ordenatan egingo ditu mandatuak? Bankura, udaletxera ala janari dendara joango da lehenbizi? Eskolara joan aurretik egingo ditu horiek guztiak ala geroko utziko?
Horrelako pentsamenduek kognizioa lanean ari dela erakusten dute.
Kognizioa ikaragarri konplexua da, eta, gainera, giza kontzientziaren oinarrizko ezaugarri bat da. Hori horrela izanda ere, aurretik esan bezala, kognizioaren alderdi guztiak ez dira kontzienteki bizi.
Psikologia kognitiboa pertsonek nola pentsatzen duten ikertzen duen psikologiaren adarra da. Hau da, nola eta zergatik pentsatzen dugun pentsatzen dugun bezala azaltzen saiatzen da. Horretarako, giza pentsamenduaren, emozioen, sormenaren, hizkuntzaren eta problemak ebaztearen arteko elkarrekintzak ikertzen ditu –bestelako prozesu kognitiboak ere izaten ditu kontuan–. Psikologo kognitiboak adimen motak zehazten eta neurtzen ahalegintzen dira, honako galdera hauei eta beste hainbati erantzuten saiatuz:
Zergatik dira pertsona batzuk beste batzuk baino hobeak problemak planteatzen eta konpontzen? Nola eragiten du adimen emozionalak lanean arrakasta izateko orduan?
Adimen motez gain, psikologo kognitiboek beste gai hau ere ikertzen dute: pentsamenduak eta testuinguruan jasotako informazioa nola antolatzen dituen burmuinak esanahia duten kategoriatan.
Gizakiaren nerbio-sistema gai da informazio-jario etengabea gobernatzeko. Zentzuek gogamenaren eta ingurunearen arteko interfaze gisa lan egiten dute: estimuluak jaso eta nerbio-bulkada bihurtzen dituzte, eta, ondoren, horiek burmuinera helarazi. Orduan, burmuinak informazio hori guztia prozesatu eta informazio horren atalik garrantzitsuenak erabiltzen ditu pentsamenduak (ideiak) sortzeko.
Ideia horiek hizkuntzaren bidez momentuan espresa daitezke, edo, bestela, oroimenean biltegiratu, etorkizunean erabiltzeko. Gainera, izan kontuan burmuinak ez duela informazioa ingurunetik soilik jasotzen, eta horrek prozesua are eta konplexuago bihurtzen du. Izan ere, ideiak edo pentsamenduak eratzen direnean, burmuinak emozioetatik eta oroimenetik ere jasotzen du informazioa, eta horiek eragin handia dute pentsamenduan nahiz jokabideetan.
Burmuinak sentsazioak eta informazioa jaso, eta emozioen eta oroitzapenen iragazkitik pasa ondoren, pentsamendu bilakatzeko prozesatzen ditu.
Sentsazioak eta informazioa pentsamendu bilakatzeko prozesua.
Informazio-kopuru harrigarria antolatzeko, burmuinak fitxategi moduko bat garatu du gogamenean. Fitxategian gordetako fitxetako bakoitzari kontzeptu deitzen zaio. Informazio linguistikoaren, irudien, ideien edota oroitzapenen taldekatzeak edo kategoriak dira kontzeptuak. Azken batean, xehetasunak behatuz, kategoriatan sailkatuz, eta xehetasun horiek egitura kognitiboetan konbinatuz sortutako ideiak dira kontzeptuak. Kontzeptuak esperientzietako elementuen arteko erlazioez jabetzeko eta informazioa antolatuta eta gogamenean eskuragarri mantentzeko erabiltzen dira.
Kontzeptuen eraketan oroimen semantikoak ere –gertaera historikoak jasotzen dituen oroimenaren atalak– hartzen du parte, eta horrek kontzeptuak osatzea ahalbidetzen du.
Demagun Euskal Herriko Historia lantzen dela eskolan –oso leku aproposa da kontzeptuez ohartzeko– . Ikasgai horretan, iraganeko gertaera solteak ikasten dira, oroimen semantikoan biltegiratzen direnak. Gertaera horiek ikasteko, hainbat jarduera egiten da: elkarrizketak, mapa-azterketak, biografien irakurketak… Jarduera horietatik informazio-kopuru ikaragarria jasotzen du burmuinak, eta informazio horri guztiari lotutako kontzeptuen ulermena areagotzeko, xehetasunak biltzen eta gordetzen ditu. Adibidez, demokrazia, boterea eta askatasuna dira mota horretako zenbait kontzeptu.
Kontzeptuak askotarikoak izan daitezke. Esaterako, konplexu edota abstraktuak (justizia) edo zehatzak (txori motak). Zenbait kontzeptu, tolerantzia adibidez, jende askoren artean adostutakoak dira; izan ere, urteetan zehar, modu askotara erabili izan dira. Beste hainbat, ordea, pertsonalak eta gizabanako bakoitzari dagozkionak dira, esaterako, norberaren lagun idealaren ezaugarriak edota familiartekoen tradizioak. Kontzeptuak horrelakoak direlako, hain zuzen, bizitzako alderdi guztiak ukitzen dituztelako, eguneroko errutinetatik hasi eta gobernuen funtzionamenduaren atzean dauden printzipioetaraino.
Informazioa antolatzeko beste modu bat ereduak dira. Burmuinak kontzeptu bakoitzari eredu bat lotzen dio, eta eredua izaten da kontzeptu horren irudikapen onena. Adibidez, desobedientzia zibilaren kategoriarako eredua Rosa Parks izan daiteke –Montgomery-n (Alabama), hiriko autobus batean, segregazioaren kontra egindako erresistentzia baketsuagatik ezaguna– edo Mahatma Gandhi, protesta baketsu askoren buru ezaguna.
Indian, 1930. urtean, Britainia Handiak gatzari ezarritako zergaren kontra egindako protesta baketsuan, Mahatma Gandhi buru izan zen.
Aurretik esan bezala, kontzeptuak askotarikoak izan daitezke, eta abstraktu/zehatza dikotomiaz gain, badira beste batzuk ere: artifiziala/naturala esaterako.
Kontzeptu naturalak norberaren esperientzietatik berez sortutakoak dira, eta zuzeneko zein ez-zuzeneko esperientzietatik gara daitezke. Esate baterako, Suedian bizi den herritar batek, seguruenik, zuzeneko esperientzia ugari bizi izango ditu; elurra bere horretan ezagutzen duelako suediarrak, eta badaki zein diren beraren itxura, usaina eta zaporea. Kanarietan bizi den herritarrarentzat, berriz, elurra ikustea zail samarra izango da, baita hura usaintzea, ukitzea edo dastatzea ere. Beraz, laburbilduz, kontzeptuak bi modutara ezagut daitezke: esperientzia ez-zuzenen bidez –elurra argazki edota filmetan ikusita– edo esperientzia zuzenen bidez –egunerokoan ikusita eta ukituta–. Hori guztiori horrela bada ere, elurra kontzeptu naturala da, elurraren zuzeneko behaketetan zein esperientzietan oinarritutako ulermena eraiki daitekeelako.
Elurra kontzeptu naturala da, elurraren zuzeneko behaketetan zein esperientzietan oinarritutako ulermena eraiki daitekeelako. Kontzeptu artifizialak, aldiz, ezaugarri multzo zehatzez osatutako kontzeptuak dira, oinarrizko forma geometrikoak, esaterako.
Kontzeptu artifizialak ezaugarri multzo zehatzez osatutako kontzeptuak dira, hau da, kasu guztietan berdinak diren ezaugarri zehatz horiek erabiliz definitzen dira kontzeptu artifizialak. Adibidez, forma geometrikoen zenbait ezaugarrik kontzeptu artifizialen adibide erabilgarriak ematen ditu. Esaterako, triangeluak beti ditu hiru alde eta hiru angelu, karratu batek lau alde berdin eta lau angelu zuzen dituen bezala.
Kontzeptu artifizialek, bata bestearen gainean eraikitzen badira, gai edo termino baten inguruko ezaguera zabala sor dezakete. Esaterako, karratuaren azalera-kontzeptua behin ulertuta, beste edozein forma geometrikoren azaleraren ulermena eraiki daiteke, azaleraren jatorrizko ulermenaren gainean.
Besteekin komunikatzeko eta norberaren pentsamendu konplexuan barneratzeko, beharrezkoa da ideiak definitzea, eta horretarako funtsezkoa da kontzeptu artifizialak erabiltzea.
Eskema kognitiboa elkarri lotutako kontzeptu-bildumaz osatutako gogamen-eraikina da. Askotariko eskemak daude eta gauza bakar bat dute amankomunean haien artean: eskema guztiak informazioa antolatzeko metodoak dira. Horiei esker burmuinak modu eraginkorragoan egiten du lan. Eskema bat aktibatzen denean, berehala, behatutako pertsonaren edo objektuaren inguruko usteak agertzen ditu burmuinak.
Eskema kognitiboen artean rol-eskema eta gertaera-eskema ere badaude. Rol-eskemak bere baitan jasotzen du gizabanakoak rol zehatz batzuen inguruan dituen jokabideen inguruko usteak. Norbaitek suhiltzaile bat ezagutzen duenean, burmuinak automatikoki suhiltzaile-eskema aktibatuko du, eta ezagutu duen pertsona hori ausarta eta altruista dela uste izango du. Hau da, pertsona hori ezagutu ez arren, dagoeneko aurreiritziak aktibatu egiten dira.
Eskemek, horrez gain, ingurunetik jasotako informazioaren hutsuneak betetzen laguntzen dute. Izan kontuan eskemek ez dutela informazioa prozesatzen, hori burmuinak egiten duela; baina eskemei esker burmuinak modu eraginkorragoan prozesatzen du informazioa. Hala ere, aldi berean, usteen zehaztasun falta dela eta, eskemek arazoak sor ditzakete; izan ere, baliteke aipatutako suhiltzailea ez izatea hain ausarta.
Gertaera-eskemak gidoi kognitibo izena ere jasotzen du, eta eguneroko errutinei erantzuteko jokabide-multzoa da.
Pentsa zer egiten duen edozein lagunek igogailu batera sartzean:
Orain pentsa igogailuaren ateari bizkarra emanda gelditu dela pertsona hori, eta ezin duela buelta eman igogailua bete-beteta dagoelako. Nola sentituko da? Egoera hori ez al da deserosoa?
Interesgarria da ohartzea gertaera-eskema bat ikaragarri alda daitekeela kultura batetik bestera. Euskal Herrian ohikoa da baten bati kasu egitean eskua ematea; Tibeten, berriz, agurtzeko orduan, mingaina ateratzen da.
Gertaera-eskema automatikoa da, eta aldatzeko zaila izaten da batzuetan. Eskema horrek ekintza zehatz batzuk aktibatzen ditu: kotxean sartu, atea itxi eta gerrikoa jantzi, motorra martxan jartzeko giltza sartu eta giltzari eragin. Bestalde, gidatzen doala, kotxeko gidariaren sakelakoak jotzen badu, une horretan beste eskema bat aktibatuko da: Sakelakoaren eskema. Eskema hori aktibatzen denean, gidariak sakelakoa hartu eta erantzuteko joera izango du, pentsatu ere egin gabe, eta sakelakoaren bila hastea da ohikoena.
Eskema horren boterea neurtzeko orduan, bi irizpide izan behar dira kontuan: jokabide-eredua bera eta eskemak burmuinari ematen dion plazera. Beraz, eskema zenbat eta boteretsuago izan, orduan eta zailago da eskemari kasurik ez egitea, nahiz eta egoera zehatz horretan oso arriskutsua izan. Esaterako, Sakelakoaren eskema egunero eta hainbeste erabiltzen da, non eskema horren boterea oso handia den eta zaila den hari jaramonik ez egitea. Horregatik, Sakelakoaren eskema boteretsuak nola apurtu jakiteko, hainbat psikologo lanean ari da.
Orain arteko guztia kontuan izanda, aipatu beharrekoa da oso zaila izaten dela nork bere egindako hainbat ohitura baztertzea, kontzeptu eta eskemek eragin izugarria dutelako pertsonek mundua ulertzeko duten moduan.
Crash Courses Psychology: How your mind can amaze and betray you.
'Kognizioa' atalean landutakoa laburbiltzen duen bideoa.