Adimenaren neurketak

IQ terminoa entzun eta jendeak adimenarekin lotzen du, baina zer esan nahi du IQ siglak? IQ siglak (Intelligence Quotient) adimen-kozientea esan nahi du, eta adimena neurtzeko diseinatutako test batean ateratako puntuazioa deskribatzen du. Aurreko atalean ikusi bezala, adimena –edo zuzenago esanda, adimenak– deskribatzeko modu ugari dago. Gainera, IQ testak –adimena neurtzeko diseinatutako tresnak– eztabaidagai izan dira garatu eta erabili izan diren bitartean.

Noiz erabil daitezke IQ testak? Zer ondorio atera daitezke emaitzetatik, eta nola erabil dezake jendeak informazio hori? IQ testak garestiak dira, eta horretarako baimendutako psikologo batek egindakoak izan behar dute. Adimen-probak egitea hezkuntzarako eta politika sozialetarako onuragarria eta aldi berean kaltegarria izan dela pentsatu izan da. Atal honen helburua adimen-probek zer neurtzen duten, nola puntuatzen diren, eta nola garatu diren aztertzea da.

Adimen-proba gehienen helburua g adimenaren faktore orokorra neurtzea da. Adimen-probek honako bi ezaugarri hauek bete behar dituzte: fidagarriak izan behar dute –denboran zehar erregularrak– eta baliozkoak –adimena da neurtzen dutena–. Ez badituzte bi ezaugarri horiek betetzen, ez dira adimen-proba egokiak izango. Adimena hain da gizabanakoaren dimentsio garrantzitsua, ezen psikologoek ahalegin handia egin duten adimena neurtzeko probak sortzen eta hobetzen. Horregatik, hain zuzen, gaur egun zehaztasun handiena duten test psikologikoak dira IQ testak.

Adimenari neurria hartzen

Badirudi, adimen mota akademikoari bakarrik jartzen diogunean arreta, ez dugula adimena osotasunean ulertzen. Nola neur daiteke adimena orduan? Adimena neurtzean, nola ziurtatu benetan harrapatzen dela neurtu nahi dena? Bestela esanda, IQ testak adimenaren neurtzaile egokia al dira? Hurrengo paragrafoetan adimen-testak edo probak nola garatu ziren eta nola erabili diren aztertuko da.

Azken mende ia osoan zehar, IQ testak adimenaren sinonimo izan dira. XIX. mendearen bukaeran, Sir Francis Galton-ek, arlo ugaritan lan egin zuen zientzialariak, adimenaren lehen proba orokorra garatu zuen. Psikologoa ez zen arren, adimen-proben kontzeptuen gainean egindako ekarpena bizirik da gaur egun oraindik ere.

XX. mendearen hasieran, Alfred Binet psikologo eta pedagogoaren lanei esker, adimen-proben fidagarritasuna handitu egin zen. Frantziako gobernuak adimen-proba bat garatzea eskatu zion Bineti. Adimen-proba hori umeekin erabili nahi zen eskolan, zailtasunak zeintzuk izan zitezkeen identifikatzeko. Probak ahozkoan oinarritutako zeregin ugari zuen.

1905. urtean, Binetek eta haren ikasle izan zen Theodore Simon psikiatrak Binet-Simon adimen-eskala publikatu zuten.

1 Alfred Binet, adimen-proben garapenean lagundu zuen Frantziako psikologoa 2 Binet-Simon adimen-eskalaren 1908. urteko bertsioaren orrialde bat da. Testa egiten zuten umeei galdetzen zieten ea zein zen marrazkiko bikote bakoitzetik aurpegirik politena.

Amerikako Estatu Batuetako ikerlariak laster konturatu ziren horrelako probek zer nolako balioa zuten. Louis Terman Stanfordeko katedradunak Bineten lana moldatu zuen, probaren kudeaketa estandarizatzeko: hainbat adinetako milaka umeri proba egin zien, eta, horrela, adin bakoitzari dagokion batez besteko puntuazioa ezarri zuen. Horren ondorioz, proba arautu eta estandarizatu egin zen; hau da, populazioaren lagin esanguratsu bat hartu, eta proba egin zitzaion, erregularki. Proben emaitzek erakutsi zuten puntuazio-tarteak Gaussen kanpaia irudikatzen zuela.

Probak egiteko, puntuatzeko eta emaitzak interpretatzeko moduak koherenteak direla esan nahi du estandarizazioak.

Arautzea, berriz, populazio handi bati proba egiteko prozedura betetzea da. Modu horretara, esaterako, hainbat adin-talde konparatzeko datuak bil daitezke. Ateratako emaitzek datuak interpretatzeko erreferentziazko puntuazioak eskaintzen dituzte.

Probak arautu eta estandarizatuz gero, puntuazio berriak fidagarriak direla segurtatzen da.

Behin estandarizazioa lortuta, hainbat adinetako jendearen gaitasunen batez bestekoa ezagutzen da, eta orduan norbanakoaren adimen-adina kalkula daiteke. Norbanakoaren adimen-adina norbanakoaren adin kronologikoarekin konparatuz gero, IQ adimen-kozientea da emaitza: adinaren arabera doitutako adimenaren neurketa. IQa erraz kalkula daiteke formula hau erabiliz:

Binetek garatutako adimen-probaren gainean egindako moldaketekin, testaren bertsio berri bat diseinatu zuen Termanek, eta Stanford-Binet adimen-eskala izena jarri zioten. Harrigarriro, testaren eguneratutako bertsio bat asko erabiltzen da gaur egun ere.

Estandarizazioak probak puntuatzeko eta emaitzak interpretatzeko moduak koherenteak direla esan nahi du. Arautzeak, berriz, populazio handi bati proba egitea. Probak arautu eta estandarizatuz, puntuazio berriak fidagarriak direla segurtatzen da.

1939. urtean, David Wechsler psikologoak –denbora luzez I. Mundu Gerrako beteranoekin lanean aritu zen–, beste IQ test bat garatu zuen Amerikako Estatu Batuetan. Wechslerrek 1880. urtetik I. Mundu Gerra hasi artean erabilitako adimen-probak hartu, eta zenbait azpiproba konbinatu zuen. Azpiproba horiek ahozko eta ez-ahozko gaitasun aniztasuna hartzen zuten kontuan. Izan ere, Wechslerren aburuz, pertsona batek berariaz jokatzeko, arrazionalki pentsatzeko eta ingurunearekin elkarrekintza eraginkorra izateko ahalmen orokorra zen adimena. Wechsler-Bellevue adimen-eskala izena jarri zion testari.

Azpiproben konbinazio hori psikologiaren historian gehien erabilitako adimen-testa izatera iritsi zen. Handik gutxira izena aldatu zioten: WAIS Wechsler helduen adimen-eskala (Wechsler Adult Intelligence Scale), eta hainbatetan berrikusi eta zuzendu dute. Gaur egun, hiru dira Wechslerren izenean izendatutako testak: Wechsler helduen adimen-eskala (WAIS-IV), Wechsler umeentzako adimen-eskala (WAIS-V), Wechsler Haur Hezkuntzako umeentzako adimen-eskala (WPPSI-III).

Pertsona batek berariaz jokatzeko, arrazionalki pentsatzeko eta ingurunearekin elkarrekintza eraginkorra izateko ahalmen orokorra zen adimena Wechslerren aburuz.

Test horiek aldizka arautu, estandarizatu eta berriz kalibratzen dira. Aldizkako kalibratze berriek Flynn efektua erakusten dute –James Flynn Zeelanda Berriko matematikariak deskribatutako efektua –: belaunaldi bakoitzak aurrekoak baino IQ puntuazio handiagoa lortzen du. Flynnen arabera, IQ puntuazioen haziera horrek ez du esan nahi, nahitaez, belaunaldi gazteak adimentsuagoak direnik.

Adimen-proben garapenaren historia ikusi ondoren, zail samarra da jakitea adimen-probak zenbateraino diren baliagarriak. Egia da test horien bertsio berrienek konpetentzia gehiago hartzen dituztela kontuan; hala ere, galdera hauek oraindik ere eztabaidagai dira:

  • Zer gaitasun balioetsi beharko lirateke IQ testetan?
  • Zenbateraino neur dezake gizabanakoaren adimena test batek?
  • Zer erabilera eman zaie eta eman behar zaie IQ testetako emaitzei?

Gauss-en kanpaia

Adimen-proben emaitzek Gaussen kanpaiaren itxura hartzen dute, kanpai baten forma orokorra duen grafikoarena, alegia. Test psikologikoetan Gaussen kanpaiak ezaugarri jakin baten banaketa normala –kasu honetan adimenarena– adierazten du. Giza ezaugarri askok Gaussen kanpaia jarraitzen dute berez. Esate baterako, demagun Euskal Herriko unibertsitate bateko mutil guztiak hartu eta altueraren arabera ordenatzen direla. Hori horrela, gizon horietako gehienek, seguruenik, Euskal Herriko gizonen altueraren batez bestekoa izango dute, eta Euskal Herriko gizonen altuera irudikatzen duen Gaussen kanpaiaren erdialdean metatuko dira.

Gaussen kanpaiaren funtzioa.

Gaussen kanpaia irudikatzeko ezinbestekoa da lagin handi bat erabiltzea; are gehiago, lagina txikia bada, Gaussen kanpaiak ez du populazio osoa ordezkatuko. Izan ere, kontuan hartu behar da lagina esanguratsua izateko populazioaren azpimultzo bati egin behar diola erreferentzia, zeinak populazio orokorra zehaztasunez ordezkatuko duen. Beraz, eta adibide bera erabiliz gero, eskolako klase bateko mutilen lagina hartzen bada, nekez izango da hori lagin esanguratsua, Euskal Herriko gizonen altueraren berri emateko.

Gaussen kanpaian irudikatzeko laginak populazio osoa ordezkatzeko modukoa izan behar du.

Aurreko adibidean aipatutako printzipio berak aplikatzen dira adimen-proben puntuazioetan. Pertsona bakoitzak adimen-koziente bat du. Urteetan zehar, hainbat IQ test mota garatu dira, baina puntuazioa interpretatzeko modua bera da. IQ testetan, IQ puntuazioren batezbestekoa 100 izaten da. Desbideratze estandarrak datu-multzoa populazioan nola banatzen den deskribatzen du, eta datu-multzo handiei testuingurua eskaintzen die. Gaussen kanpaiak desbideratze estandarra erabiltzen du ikusteko nola desbideratzen diren puntuazioak batezbestekotik. Gaur egungo IQ testetan, desbideratze estandarra 15 puntukoa da. Beraz, 85 puntuko emaitza Gauss kanpaiaren muturretik behera dagoen desbideratze estandarra da.

Bestalde, IQ testetan lortutako puntuazioa desbideratze estandarraren tartean badago –85 punturen eta 115 punturen artean–, batezbestekoa dela onartzen da.

Datu horien arabera, populazioaren % 82k tarte horretako IQ puntuazioa du. 130 puntutik gorako IQ puntuazioa goi-mailako adimenari dagokio.

IQ test baten Gaussen kanpaia. Populazioa, ehunekotan (%)

Populazio osotik % 2.2k bakarrik du IQ testen araberako 70 puntu baino gutxiago (American Psychological Association [APA], 2013).

70 puntutik beherako puntuazioak hau erakusten du:

  • atzerapen kognitibo esanguratsua
  • egokitzapen funtzioan defizit garrantzitsua
  • adin bereko jendearekin konparatuz gero, independentzia pertsonalaren eta erantzukizun sozialaren komunitate estandarrekin bat egiteko zailtasuna

IQ tarte horretan dagoen norbanakoak ezintasun intelektualen bat duela esaten da, hau da, egokitze-jokabideetan eta funtzionamendu intelektualean defizitak erakutsiko ditu. Orain gutxira arte adimen-atzeratasun kontzeptua erabili izan da horrelako pertsonak izendatzeko orduan. Gaur egun, berriz, desgaitasun intelektuala erabiltzen da, eta lau azpimota daude: arina, moderatua, larria eta sakona.

The Diagnostic and Statistical Manual of Psychological Disorders-ek azpitalde bakoitzarentzako irizpideak zerrendatzen ditu (APA, 2013). Ikus taula.

Adimenaren IQ puntuazioaren beste muturrean puntuazio-tarterik altuena duten pertsonen multzoa dago. Gaussen kanpaiaren arabera, populazioaren % 2 kategoria horretan sartzen da. Jende horrek gaitasun handia duela esaten da 130 puntutik gorako IQ puntuazioa duenean (APA).

Sarritan aparteko talentu terminoa eta adimen-gaitasun handiko terminoa nahastu egin izan dira, eta garrantzitsua da ondo bereiztea nork duen aparteko talentua eta nork gaitasun handia, sailkapen egokia egitea nahi bada. Gaur egun, adimen-gaitasun handiko terminoa erabiltzen da lehen aparteko talentu terminoa erabiltzen zen tokian; izan ere, adimen-gaitasun handiko pertsonen multzoan talentu bat edo gehiago dituzten pertsonak ere sartzen dira, eta ez bakarrik talentu guztietan nabarmentzen direnak; hau da, Gardnerrek definitutako adimen motetako batean, bitan edo hirutan nabarmentzen diren pertsonak dira adimen-gaitasun handikoak.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) pertsona bat adimen-gaitasun handikoa dela esaten du adimen-kozientea 130 puntutik gorakoa bada, APAk esaten duen bezala. Hala ere, adimen-probak ez dira zehatzak, eta, gaur egun, adimen-gaitasun handiko pertsonen diagnostikoan espezialistek ez dute adimen-kozientea bakarrik kontuan izaten; nortasun- eta sormen-ebaluazioak ere egiten dira, behin betiko ondorio batera iritsi aurretik. Izatez, Askotariko adimenen teoria kontuan hartzen badugu, honela defini dezakegu aparteko talentua duen pertsona bat: test batzuk egin ondoren, adimen mota guztietan puntuazio altua atera duen pertsona.

Adimen-gaitasun handien gainean. Zer dira? Definizioa.

Psicoactiva testa. 30 minutuan erantzun beharreko 40 galderaz osatutako adimen-testa. Testak gutxi gorabeherako IQ adimen-kozientea kalkulatzen du.

Adimen-proben inguruko hausnarketa

Adimen-neurketei buruz aritzean, adituak ez datoz bat. Egia da test psikometrikoak erabiltzeak giza adimenaren gaineko gauza ugari ulertzen lagundu duela, eta baita gizabanakoen arteko desberdintasunak ulertzen ere. Baina zenbait adituk alde txarrak ere ikusten ditu.

Sentsazioak, emozioak, pentsamenduak, eta abarrak kualitatiboak dira, eta, hala ere, metodo zientifikoa erabiliz neurtu nahi dira; hau da, adimena IQ testen bitartez neurtu nahi da. Ez da ahaztu behar errealitatean esparru ugaritan erabiltzen direla: langileak kontratatzeko, krimen baten inguruko baldintzak arintzeko, zenbait erakundetan sartu ahal izateko...

Orain arte ikusi bezala, ez dago adimenaren definizio argirik. Gardnerrek, Golemanek, Gould-ek –The Mismeasoure of man liburuaren egileak– eta beste aditu batzuk adimena ulertzeko bestelako eredu batzuk proposatu dituzte: holistikoak, kualitatiboak eta multidimentsionalak.

Bestalde, adimena osatzen duten gaitasunak ez dira zehaztasunez ezagutzen. Horrenbestez, IQ testek benetan adimena neurtzen al dute? Nola neur daiteke behar bezala zer den ezagutzen ez dena? Galdera horiei erantzuteko orduan, kontuan izan behar da IQ testetako adimen nozioa egonkorra eta analitikoa dela.

Adimena eta IQa ez dira gauza bera, adimena gaitasun- eta ezagutza-multzoak baino gehiago baita. Izan ere, testek IQaren puntuazioa ematen dute prozesu kognitiboak kontuan izan gabe, eta ez dute ikertzen gizabanakoa erantzun bat ematera daraman prozedura. Gainera, sormena –irakatsi ezin dena– edo intuizioa –ezin dena hitz esplizituz azaldu– proba intelektualetatik baztertu izan dira.

Adimena eta IQa ez dira gauza bera, adimena gaitasun- eta ezagutza-multzoak baino gehiago da. Testek IQaren puntuazioa ematen dute prozesu kognitiboak kontuan izan gabe.

Batezbestekoa baino puntuazio baxuagoa ateratzen duten pertsonengan eragin negatiboa izan dezakete emaitzek; esate baterako, segurtasun gabezia eta autoestimu baxua sor ditzakete pertsonengan. Are gehiago, tresna horiek zenbait talde etniko edo sozioekonomikoren alde egin dezakete, eta, aldi berean, beste batzuk diskriminatu. Zientziaren historian kasu ugari izan da, zeinetan horrelako neurketa-tresnak arrazismoa edo sexismoa bultzatzeko erabili diren.

XX. mendearen hasieran, Amerikako Estatu Batuetan egin ziren lehen testen emaitzen arabera, etorkin gehienak desgaitu mentalak ziren. Adimen-eredu horren beste ondorio politiko bat ere izan zen: Hamaika-plus izeneko azterketa, XX. mendeko lehen erdialdean Ingalaterran egin zena. Ume bakoitzaren Spearmanen g faktorea kalkulatzeko asmoz, hamar eta hamaika urteko umeei egiten zitzaien testa. Test horiek kontuan hartuta, ikasleen % 20k goi-mailako hezkuntza jasotzen zuen, eta beste % 80 eskola teknikoetara bidaltzen zuten. 1969. urtean utzi zioten azterketa hori egiteari.

Beharrezkoa da adimena beste modu batera definitu nahi izateaz gain, horrelako neurketek sor ditzaketen ondorio etikoen gainean hausnartzea. Are gehiago, adimena IQ testetara murrizteak izan ditzakeen eragin negatiboak saihestea ezinbestekoa da.

Gouldek The Mismeasure of Man liburuan giza adimena neurtzea helburu duten planteamenduen faltsukeria salatzen du. Izan ere, planteamendu horiek erabili izan dira injustizia sozialak jaiotzetiko desberdintasunetan oinarritzen direla uste dutenen bidegabekeria justifikatzeko.

Crash Course Psychology: Controversy of Intelligence.

Orain arte adimenaren gainean esandakoa laburbiltzen duen bideoa.

Gaian sakontzeko

OWEN, Adrian (elkarrizketa): ¿Se puede medir la inteligencia? Los 12 pilares de la inteligencia; in Redes, RTVE.

Zer da adimena? Zer osagai ditu? Adrian Owen neurozientzialaria adimena definitu nahian dabil, eta jendeari sarean parte hartzeko eskatzen dio.