Hizkuntza komunikazio-sistema bat da. Gizabanako batek beste bati informazioa helarazteko, hitzak eta hitz horiek antolatzeko arauak ditu hizkuntzak. Komunikatzeko modu bat baldin bada ere, komunikatzeko modu guztiak ez dira hizkuntza. Izan ere, animalia-espezie ugarik jarrerak, mugimenduak, usainak edo bokalizazioak erabiltzen ditu. Komunikazio mota hori erabakigarria da espezie-kideekin harremana izan nahi duten animalientzat. Horregatik, askoren ustez, hizkuntza da gizakiak beste animalia-espezie guztiengandik bereizten dituena.
Datozen ataletan hizkuntzaren inguruko zehaztasunak azalduko dira, eta honelako galderei erantzungo zaie:
Zergatik da hizkuntza komunikatzeko modurik bereziena? Nola garatzen da hizkuntzaren erabilera? Nola eragiten dio hizkuntzak pentsatzeko moduari?
Ahozko, zeinuzko zein idatzizko hizkuntzek osagai zehatz batzuk dituzte: lexikoa eta gramatika. Lexikoak hitzei egiten die erreferentzia, beraz, neurri batean, lexikoa hizkuntza baten hiztegia da. Gramatikak, berriz, arau sorta bati egiten dio erreferentzia, eta arau sorta horrek ezartzen du lexikoa modu esanguratsuan nola konbinatu. Esate baterako, euskararen gramatikak honako hau agintzen du: zenbait aditz erabiltzean, subjektuari bukaeran k (ergatiboa) eranstea.
Hitzak fonemak konbinatuz eratzen dira. Fonema hizkuntza baten oinarrizko unitatea da eta hizkuntza desberdinek fonema sorta desberdinak dituzte. Fonemak elkarrekin konbinatuz, morfemak sortzen dira, esanahia duten oinarrizko unitaterik txikienak.
Semantika eta sintaxia ere erabiltzen dira hizkuntzak eratzeko. Biak gramatikaren parte dira. Semantikak morfemei eta hitzen esanahiari egiten die erreferentzia. Sintaxiak, aldiz, hitzak esalditan josteko eta antolatzeko moduari.
Bestalde, gramatika-arauak lexikoa antolatzeko erabiltzen dira, eta modu berri eta sortzailean aplikatzean, egitura berriak sortzen dira, aurretik inoiz erabili gabekoak. Horri esker, kontzeptu zehatzei zein abstraktuei buruzko informazioa komunika daiteke. Izan ere, askotariko informazioei buruz jarduteko malgutasuna da gizakien arteko komunikazioaren bereizgarria: begibistan ditugun objektuei buruz nahiz ikusi gabeko planeten gainazalaz hitz egin, pentsamendu ezkutuak konpartitu, etorkizunerako planak egin, hezkuntzaren balioaz eztabaidatu eta jaki bat prestatzeko argibideak eskaini daitezke, besteak beste.
Hizkuntzak ikaragarri konplexuak direnez, hizkuntza batean ongi aritzea lan nekeza dela pentsa daiteke –seguruenik, bigarren hizkuntza bat ikasten ari diren helduek hori horrela dela pentsatuko dute–. Hala ere, ez da umeen kasua. Haurrek azkar eta erraz ikasten dute hizkuntza. Burrhus Frederic Skinner-ek, esaterako, errefortzuak erabiliz ikasten dela esan zuen. Noam Chomsky-k hurbilketa behaviorista hori kritikatu eta honako hau nabarmendu zuen: hizkuntza eskuratzeko eta trebetasunez erabiltzeko mekanismoak biologikoki determinatuta daude. Arauen gidarik gabe garatzen da, eta badirudi antzeko patroia jarraitzen dutela background –jatorri, esperientzia eta kultura– desberdina duten haurrek. Beraz, esan daiteke gizakiak hizkuntza eskuratzeko jaiotzatiko joera biologikoa duela. Are gehiago, badirudi hizkuntza eskuratzeko aldi kritiko bat dagoela, eta, aldi horretan maila gorenean dagoela hizkuntza eskuratzeko konpetentzia. Garai hori bizitzaren lehen urteetara mugatzen da; izan ere, oro har, pertsonek, zahartzen doazen neurrian, hizkuntza berri bat ikasteko erraztasuna galtzen dute.
Umeak txiki-txikitatik hasten dira hitz egiten; horregatik, badirudi ikasketa-prozesua jaio aurretikoa dela, berezkoa. Jaioberriek amaren ahotsa izaten dute gogokoen, eta badirudi gai direla amaren hizkuntza beste hizkuntzetatik bereizteko.
Genie-ren kasua
1970. urteko udazkenean, Los Angeleseko gizarte-langile batek bortizkeria eta tratu txarren kasu bat salatu zuen. 13 urteko neska gazte bat topatu zuen, gurasoek etxean bahituta izan zutena. Bizitzako urterik gehienak pertsianak beti itxita zituen gela txiki batean sartuta pasatu zituen, aulki bati lotuta edota sehaskatik irten ezinda. Genie zuen izena neskak, eta hamarkada bat baino gehiago pasatu zuen kanpoko munduarekin inolako elkarrekintzarik izan gabe. Ondorioz, Genie ez zen altxatzeko gai, ez jaki solidoak mastekatzeko, ez hitz egiteko.
Ordura arteko ingurune oldarkorretik atera orduko, Genieren gaitasunak izugarri hobetu ziren, eta handik gutxira hizkuntza bereganatzen ari zela ematen zuen. Izan ere, hiztegi zabala biltzeko gai izan zen oso denbora gutxian. Hala ere, sekula ez zen izan gai hizkuntzaren gramatika ongi aplikatzeko. Baliteke aldi kritikoan hizkuntza ikasteko aukera ukatu izanak hizkuntza erabat bereganatzeko eta erabiltzeko ahalmena oztopatu izana.
Aurretik esan dugun bezala, hizkuntza bakoitzak bere fonema sorta du, eta horiekin morfemak, hitzak, eta abarrak sortzen dira. Haurrek hizkuntza bat osatzen duten soinuak bereiz ditzakete, eta handik gutxira giza hizkuntza guztienak. Baita beren ingurunean ez dituzten hizkuntzen soinuak ere. Hala ere, urtea bete orduko, beren inguruneko hizkuntzetan erabiltzen diren fonemak baino ez dituzte bereizten.
Hilabete gutxi batzuk dituenean, haurrak zezelkatze-etapan (babbling stage) sartzen dira. Etapa horretan, silaba soilak ekoizteko joera dute, eta behin eta berriz errepikatzen dituzte. Denbora pasa ahala, ekoiztutako silabetan aldaketa gehiago agertzen dira. Badirudi zezelka aritze horretan ez dagoela komunikatzeko saiakerarik, praktika hutsa dela; izan ere, haurrek zezelka jarduten dute bakarrik zein zaintzaileren batekin daudenean. Deigarria da ikustea etapa horretan zeinu-hizkuntza erabiltzen den inguruneetan hazitako umeak eskuekin keinuak eginez aritzen direla zezelka.
Oro har, ume batek aurreneko hitza 12-18 hilabete artean esaten du, eta hurrengo hilabeteetan hizkuntzaren garapenaren hitz solteen etapan mantenduko da. Etapa horretan sartu orduko, hitz kopuru jakin bat eskuratuta du jada, baina hitz bakarreko adierazpenak ekoizten ditu soilik. Umearen hiztegi goiztiarra ezagunak zaizkion objektu edo gertaeretara -sarritan izenetara– mugatzen da. Nahiz eta etapa horretan hitz bakarreko adierazpenak egin, hitz horiek, maiz, esanahi zabalagoa izaten dute: ume batek gaileta esaten duenean gaileta bat identifikatzen aritu daiteke, baina baita gaileta bat eskatzen ere.
Umearen lexikoa hazten doan neurrian, esaldi soilak osatzen eta hiztegi berria bereganatzen hasten da, abiadura handian. Are gehiago, hizkuntzari dagozkion zenbait arau zehatz ulertzen ditu dagoeneko. Umeek hitz egitean egiten dituzten akatsek agerian uzten dute zenbateraino ulertzen dituzten arau horiek. Esaterako, gehiegizko orokortzea egiten dutenean ikusi ohi da hori. Hizkuntzen testuinguruan gehiegi orokortzen denean, hizkuntzaren arau bat arauaren salbuespenari ere aplikatzen zaio. Laburbilduz, argi ikusten da hizkuntzaren arauak ulertzen direla, nahiz eta arauen salbuespenak oraindik ezagutu ez.
Edozein hizkuntzatan, hitzak ideien, pertsonen, lekuen eta gertaeren irudikapenak direla onartzen da. Haurrak ikasten duen hizkuntza haren kultura eta inguruneari lotuta dago. Baina hitzek molda dezakete pentsatzeko modua? Psikologoek luze ikertu dute ea hizkuntzak moldatzen dituen pentsamenduak eta ekintzak, ala pentsamenduek eta sinesmenek moldatzen duten hizkuntza.
Hizkuntzak eta pentsamenduak harreman estua dute; izan ere, elkarri eragiten diote eta paraleloan garatzen dira. Hizkuntza pentsamenduaren araberakoa da, eta, pentsamendua, neurri handi batean, hizkuntzaren araberakoa. Halaber, pentsatzeko ahalmenaren adierazle nabariena da hizkuntza, eta gizakiaren prozesu psikologiko askotan hartzen du parte.
Pentsamenduaren eta hizkuntzaren arteko etengabeko elkarrekintza horretan, oso garrantzitsua da ikustea hizkuntza eta adimena garatzean nola erlazionatzen diren. Hizkuntza ager dadin, gogamenean edozer irudikatzeko ahalmena beharrezkoa dela uste da; beraz, adimena ezinbestekoa da hizkuntza garatzeko. Bestalde, intelektualki heltzen garen neurrian, hizkuntza aberastu egiten da. Aldi berean, hizkuntza beharrezkoa da garapen intelektualerako, zehaztasuna dakarkio pentsamenduari eta.
Hizkuntza ongi erabiltzeko, ezinbestekoa da gogamenean zerbait irudikatzea soinu, irudi edo zeinu baten bitartez. Hitzak zeinu takigrafiko legez aritzen dira, eta aurrez aurre ez dauden pertsona, egoera abstraktu eta objektuen inguruan pentsatzen laguntzen dute, hala nola lehenaldiaren eta etorkizunaren gainean, hurbileko nahiz urrutiko lekuen inguruan eta ideia abstraktuen inguruan.
Horrelako gaiez diharduen psikologiaren adarra Psikolinguistika da, eta hizkuntzaren ulermenean eta ekoizpenean parte hartzen duten prozesu psikologikoez arduratzen da.
Zein da lehenagokoa: hizkuntza ala pentsamendua? Galdera horri erantzuten saiatzen diren hiru teoria nagusiak honela laburbil daitezke:
“Hizkuntza pentsamenduaren aurretikoa da”. Teoria honen arabera, hizkuntzak pentsamenduan eragiten du edota hura zehazten du. Noam Chomsky hizkuntzalariak dioenez, hizkuntza modu automatikoan funtzionatzen duen ordenagailu baten antzekoa da, eta gizakiak jatorrizko mekanismo idiomatiko bat du: gramatika sortzailea. Hortaz, pentsamendua hizkuntza garatzen den neurrian garatzen da. Gainera, teoria erregulatzaileak dioenez –pentsamendu-korronte honen parte da–, ekintza eta pentsamendua pertsonaren ahalmen linguistikoaren araberakoak dira.
Beraz, hizkuntza hiztunaren barne-egoera bat dela uste bada, ingurunetik jasotzen diren elementuetatik aparte dagoela esan nahi du; eta, hori horrela bada, hizkuntza dago pentsamenduaren aurretik. Are gehiago esan daiteke: hizkuntzak jarduera teorikoa, intelektuala eta goi-mailako funtzio psikologikoak bizkortzen ditu (pertzepzioa, oroimena, pentsamendua, etab.).
“Pentsamendua hizkuntzaren aurretikoa da”. Teoria honek pentsatzeko ahalmenak hizkuntzan eragiten duela defendatzen du. Descartes-ek «Pentsatzen dut; beraz, banaiz» esaldian ideia hori jasotzen zuen. Halaber, eguneroko jokabide asko honelako esaldiak erabiliz adierazten dira: «Pentsatzen dudana esateko zailtasunak ditut».
Psikolinguista batzuk hizkuntza pentsamendutik abiatuta garatzen dela diote; behar den bezala garatutako psike batek hizkuntza eraginkorra garatzen duela, alegia.
Beste zenbait psikolinguista, berriz, Hipotesi kognitiboaren alde agertzen dira. Hipotesi horren defendatzaile ezagunenetakoa da Jean Piaget Suitzako psikologoa. Piageten arabera, pentsamendua ekintzatik dator, eta pentsamendua ekintzatik askatzeko moduetako bat da hizkuntza. Beraz, hizkuntza, neurri handi batean, ekintza eta pentsamenduaren garapenaren ondorio da.
“Hizkuntza eta pentsamendua elkarri lotuta daude”. Aldibereko teoria esaten zaio hipotesi honetan oinarritzen den teoriari. Honen arabera, hizkuntza eta pentsamendua elkarri lotuta daude. Vigotsky psikologo errusiarrak zioenez, garapen intelektualean hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko elkarrekintza dialektikoa gertatzen da. Gauzak horrela, hizkuntza eta pentsamendua arrautzaren eta oiloaren pareko dira; zaila baita esatea zein den lehena, hizkuntza edo pentsamendua.
Crash Course Psychology: Language.
'Hizkuntza' atalean landutakoa laburbiltzen duen bideoa.