Mutrikun, gazteek kirola egiteko hainbat aukera dituzte institutu garaian: futbola, arrauna, eskalada etab. besteak beste. Hala ere, aukera horiek ez dira beti guztiontzat irisgarriak, ezta erakargarriak ere. Kirol-eskaintza askotan talde jakin batzuetara mugatzen da, gazte batzuk ez dira identifikatzen kirol lehiakorrarekin. eta beste askok espazio seguru eta inklusiboagoak nahi dituzte. Horrek guztiak zaildu egiten du gazte guztiek osasuntsu eta gustura kirola egitea.
Beharrezkoa da kirol-eskaintza zabalagoa, irisgarriagoa eta anitzagoa izatea Mutrikuko gazteentzat. Denok dugu eskubidea gure gorputza mugitzeko, ondo pasatzeko eta elkarrekin komunitatea eraikitzeko, bakoitzaren erritmoa eta interesa errespetatuz.
Aurreko urteetan ikusitakoarekin konturatuta, Mutrikuko Eskola Kirola proposamen berri bat lantzen ari da: DBH1 eta DBH2ko gazteentzat eskola kirola luzatzea. Helburua aukera gehiago eskaintzea da, denontzat egokiak eta erakargarriak izango diren kirol-jarduerak sortzea, alegia.
Baina ez dugu nahi hau goitik behera erabakitako zerbait izatea. Zuen iritzia funtsezkoa da!
Zer gustatzen zaizue?
Zer falta duzue gaur egungo eskaintzan?
Nolako kirol-jarduerak egingo zenituzkete gustura?
Horregatik, zuen iritzia jasotzeko bide bat jarriko dugu martxan. Hurbildu, parte hartu eta kontatu zure esperientzia eta ideiak. Zuen ahotsarekin, kirol aukera justuago eta anitzago bat eraiki nahi dugu Mutrikun.