Naxker kolaborazioa
Martxoan Naxker taldearekin elkarlan berezi bat egiteko aukera izan genuen. Proiektu honetan, haien Elizondo abestiaren zati baterako koreografia bat prestatu genuen, dantza eta zuzeneko musika uztartuz.
Taldea abestia interpretatzen ari zen bitartean, dantzariok prestatutako koreografia eskaini genuen, musikaren erritmoa eta indarra dantzaren bidez adieraziz. Esperientzia aberasgarria izan zen, bi taldeen arteko elkarlan artistikoa eta sormena batuz.
Maruxak kolaborazioa
Oso aberasgarria izan zen guretzat Maruxak taldearekin kolaboratzeko aukera izatea, haien bi saiotan gure "Xut" dantzaren bertsio bat aurkeztuz. Plazer handia izan da Izeia taldearentzat horrelako artistekin agertokia partekatzea eta haien publikoarekin konektatzea. Gure bikote baten eskutik, Iruñeko Zentraleko eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoko agertokietara eraman genuen gure dantza, zuzeneko energia eta kultur truke berezi honetaz gozatuz.
Korrontzi kolaborazioa
Maiatzaren 23an, Korrontzi folk taldearekin dantzatzeko gonbidapena jaso genuen Lesakan eskainitako kontzertuan. Kasu berezi honetan, gure taldeak lau dantzarekin parte hartu zuen zuzeneko musika lagunduz, Leitzako Aurrera eta Billabonako Oinkari dantza taldeekin batera osatutako emanaldi baten barruan.
Euskal folk musikan 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duen eta tradizioa berritzen erreferente den talde honekin agertokia partekatzea eta Lesakako publikoaren aurrean gure dantzak erakustea esperientzia bikaina izan zen.
Uztailaren 26an Agoitzeko emanaldian parte hartzeko plazerra ere izan genuen.