Izeia, doinu zaharren oihartzuna
Izeia, doinu zaharren oihartzuna
Izeia iratxoa bizi den mundua suntsitu egin da. Hori dela eta, Izeiak berriro eraikitzeko bere kulturaren isladara jo beharko du. Bertan, dantza eta musikaren bitartez, bere mundua birsortzen saiatuko da. Horretarako, Izeiak murgilduta dagoen tristura alde batera utzi beharko du, bere helmuga soilik alaitasunez lortu dezakeelako.
Zer da Izeia?
2026an Izeia ikuskizunetik 25 urte beteko dira eta horrek dantzari gazte talde bati Izeia ikuskizuna berreskuratzeko nahia piztu die, Atarrabian izan zuen oihartzunari jarraipena emateko asmoz. 2001eko sortzaileak bidelagun, orduan sortutako doinuen egokitzapenak eta koreografia berriak batuko dituzte oraingoan. Diseinu, infraestruktura eta ikuskizuna bera urrats bat haratago eraman nahi dute, eta kalitate handiko ikuskizuna sortu nahi dute, gaur egungo garaietara egokituta.
Duela 25 urteko Izeia. Nondik gatoz?
Euskal dantzei kutsu berritzailea emateko nahiarekin, garai hartan, hainbat talde berriren sorrera eman zen. Horietan inspirazioa bilatuz, Izeia musika eta dantza ikuskizuna sortu zen. 7 dantzari gazte eta 4 musikari (12-25 urte bitartekoak) batu ziren ikuskizun hura sortzeko. Ordura arte egindakoen artean erronka handienekoa izan zen, diseinu, musika eta koreografiak oso landuak baitzituen. Estreinaldia 2001eko abenduan, Burlatan (Nafarroan) egin ostean, Nafarroko hainbat herritan barna bira egin zuten, baita ETB2ko programatan parte hartu ere.