Bergarako ehun lantegiak ezagutzen

Bergarako oihalgintza, gutxienez, XV. mendean hasi zen. Izan ere, 1497an, Errege Katolikoek “Bergarako oihalgileen” ordenantzak baieztatu zituzten, eta XVII. mendean, “Bergarakoa deritzon oihalak” ospe handia zuen.

XIX. mendean, 1841ean, aduanak Ebro ibaitik Pirinioetara aldatu zirenean, Espainiako merkatura baldintza ezin hobetan sartu zirenez, Euskal Herrian hainbat industria-ekimen garatu ziren, besteak beste, Algodonera de San Antonio lantegiarena, hasiera-hasieratik hariak, oihalak eta kotoizko estanpazioak egiten zituzten. Kotoia lehengai exotikoa zen, eta Europan ez zen XVIII. mende amaiera arte zabaldu. Hala ere, berehala hedatu zen lehengai horren erabilera, oso erosoa eta garbia baitzen.

XIX. mendearen erdialdean Bergara 4.500 biztanleko herria zen. Madril eta Frantzia arteko bidean kokatua zegoen, Deba ibaiaren ertzean. Hori dela eta, kokapena faktore garrantzitsua izan zen Blanc, Frois eta Silvak Algodonera de San Antonio enpresa sortzea erabakitzeko.

Ehun enpresarien lehen belaunaldia (Algodoneraren sorrera): hasieran, atzerriko kapitalaren finantziazioa

1846an, Jose Julian Blanc, Bergaran bizi zen aragoar merkataria, Frois eta Silva baionatarrekin elkartu eta haiek sortu zuten Fabrica de Hilados y Tejidos de Vergara enpresa -gerora, Algodonera San Antonio SA Tavex izenarekin ezagutuko zena-.

Ura erabakigarria izan zen ehun lantegi aitzindari hauen kokalekua ezartzeko, izan ere, ezinbesteko baliabidea zen; batetik, fabrikazio prozesuan (garbiketa, kardatzea, tindatzea, …), eta bestetik, uraren energia makinen funtzionamendurako. Torres de la Presa markesarekin egindako hitzarmenaren bitartez, Andrés Lasso de la Vegak, errota, baratza eta beste lursailen jabetasuna eskuratu zuen ehun-kotoi lantegia kokatzeko.

Algodoneraren ekoizpenak herritar xumeari bideratuta zeuden, eta erabilera arrunteko ehunak ekoizten zituzten batik bat. Garai horretan, erreferentzia zen Kataluniako ehungintza sektorearekin lehiatzea oso zaila zen, eta era horretan bilatu zuten merkaturatzea. Hortaz, hasiera batean langile eta behe-mailako herritarrentzako laneko arropak eta alpargatak ekoizten hasi ziren, -Gipuzkoako ehungintza sektorearen ezaugarri bilakatuko dena-, ehun gogorrak eta iraunkorrak egiten.

Jose Luis Lopez eta Jose E. Perallonek <<El mundo azul de Tavex>> lanean azaltzen dutenez, Algodonera enpresa oso azkar garatu zen, eta 1860an 500 langile zituen: 109 harigintzan, 189 oihalgintzan, eta 203 zuriketa, tindaketa eta estanpazioan. Lantegian, Deba ibaiaren energia hidraulikoa eta lurrin makinak erabiltzen zituzten: “ehun eta berrogeita hamalau makina zituzten kotoia prestatu eta kardatzeko, hogeita zortzi iruteko makina eta ehun eta hirurogei eta lau ehundegi”. Horrez gain, “zuriketa, tindaketa eta estanpazio sail bat ere bazegoen".

Lopez eta Perallon egileen arabera, lantegian ordurako mahoiak ere egiten ziren (kotoizko oihal gogor eta freskoak, Txinako Nankin hirian asmatu zirenak, urdin ilun berezi batekin tindatzen ziren -koloratzaile nagusia Indiako anil bat zen, indigo izeneko landare baten hosto eta adarrekin egiten zena-).

Nabarmentzekoa da, indianatara dedikatu zirela, 2 aldeetatik estanpatutako ehunak (1860tik, Billabonarekin batera, aitzindariak izan ziren teknika honetan) eta urdinez tindatuak. Estimu handikoak izango ziren horrelako oihalak, “inork ez baitzituen lantegi horrek bezain oihal urdin onak egiten". Hori zela eta, Bergaran oihalak urdinez tindatzen aritzen ziren hainbat enpresa finkatu ziren. Horren ondorioz, mahoi urdinean espezializaturiko oihalgintza industria garatuz joan zen Bergaran, eta industria eta mahoia horrenbesteraino parekatzen zirenez, azkenean "Bergarako urdina" izenaz ezagutzen da gaur egun.








5A Algodonera de San Antonioko lantegiaren bista orokorra, 1940. hamarkada

Bergarako Udal Artxiboa, Udal artxiboko bilduma. Dohaintza emailea: E. Biain. Argitaratzailea: Manipel, R026817


Ehun enpresarien bigarren belaunaldia, 1880-1890: elektrizitatea eta merkatari batzuen birmoldaketa

Bigarren etapa honetan, XIX. mendeko 80-90 urteetan, ekin zion bete-betean ehun lantegien hazkundeari Bergarak. Langile-klasearen garapena pizgarri handia izan zen produkziorako eta, esan daiteke, mahoi urdina langile askoren lan-uniforme bihurtu zela. Teknikaren aldetik aurrerapen handiak ere egon ziren, esate baterako, Martina Maizek lantegiaren elektrifikazioa egin zuen -berea zuen Goenetxe errotaren bitartez-, eta 1891tik herriaren argiztapena ekarri zuen.

Denbora tarte batean oihalak egiteko eskulangintzako jarduerak eta Algodoneraren nonahikotasuna batera existitu ziren. Baina, belaunaldi honetan arauak aldatuz joango ziren eta, pixkanaka, lantegi txikiek industrializatzeko joera izango zuten.

Aldaketa honetan Gregorio Fernandez kokatzen da, Gasteiz zen bere jatorria. Ozaeta auzoan tindatzeko tailer txiki batean hasi zen, Iturbeko ubideko urekin baliatuz, XIX. mendeko 80 urteko bukaera aldean. 1987 bere iloba Valentin Movilla Fernandezekin elkartu eta Gregorio Fernandez y Sobrino sozietatea sortu zuten. 1905 urtean 80 langile inguru izan zituen. Fabrika honetan lehortegia zegoen, bertan oihalak zintzilikatzen ziren lehortzeko eta kolorea finkatzeko. Edonola ere, Algodonerarentzat ez zuen konpetentzia handia suposatu, ehundegien kopurua 5-1koa baitzen.

1893 urtean Hilaria Muguerza Urquiolak bere tindategi txikia Pedro Lasagabasterri lagatu zion, eta bazkide izatera pasatu zen. Hala ere, Hilari Muguerzak ez zuen bere jarduera utzi eta 1894an lehortegi bat eraiki zuen Masterrekan bere etxeari atxikita, tindatzen jarraitu ahal izateko. 1912 urtean Hilaria Muguerza hil zen eta bere ilobek negozioarekin jarraitu zuten <<Sobrinos de Muguerza>> izenarekin; 1916tik aurrera, ehunen manufakturari ekin zioten, eta mende hasieran 16 langile izatetik, 1920an 84 langile izatera pasa ziren.

Lasagabaster establezimendua ere izan zen ospe handikoa. 1890etik tindategi gisa lan egiten zuen, eta 1914an ehundegia ezarri zuen, ehungailu gutxi batzuekin; 1900ean 12 langile zituen.


6A. Textil Lasagabaster S.L. lantegiko publizitatea

Bergarako Udal Artxiboa, Juan Idigoras fondoa, R008579

7A Gregorio Fernández y Sobrino lantegiko oihalen erakusgaia, 1897 eta 1915 bitartekoa

Bergarako Udal Artxiboa, 23 C/0091-000

Ehun enpresarien hirugarren belaunaldia, XX. mendeko hasiera: tokiko enpresen arloko langileen independentzia

Eraldaketa progresiboaren bigarren fase horren ondoren, XX. mendearen lehen hamarkadetan hirugarren fasea ikusiko dugu. Fase honetan, herriko ehungintza lantegietan hasitako langileak euren enpresak sortzen ausartu ziren. Hau da, hasieran, atzerritik zetorren inbertsioa, handik gutxira, merkatari batzuen birmoldaketak ekarriko zuen, eta azkenik, adar horretako enpresetan trebatutako banakoen bereizketak Bergarako ehun-enklabea sortu zuen eklosio-faseak marraztu zituzten.

Arteche Hnos-en herriko industriak hornitzeko kotoizko iruteak, hariak eta bihurrituak ekoizten zituzten. Antzuolan izango zuen bere ur-jauzi propioa fabrika energiaz hornitzeko; 4 irundegi makina zituen, guztira 1.500 ardatzekin. Herrian, Algodonerak bakarrik zituen 5000 ardatz, beste enpresek ez zuten horrelako baliabiderik lehengaiaren lehen tratamendua egin ahal izateko.

Arturo Narvaiza, <<Movilla eta Cia>> enpresako langilea zenak, 1918. urtean bere enpresa eskuratzeko aukera izan zuen, bere patroia utzi eta enpresaburu bihurtu zen.

XX. mendearen hasierarekin batera, mahoiaren kontsumoa handituz joan zen eta, 1920ko hamarkadan, enpresa berriak elkarren lehian ibiltzen ziren. Katalunian kokatuta zeuden beste lantegi batzuk lehia horretan sartzen saiatu ziren, baina arrazoi desberdinen ondorioz, ezin izan zuten "Bergarako urdina" kolore-tonu bereizgarria lortu.

Lehen Mundu Gerraren ondorengo urteak izan ziren aztertzen ari garen garairik aktiboenak, nahiz eta gerraren egoerak lehengaiak hornitzeko zailtasunak ekarri, Europako enklabeen suntsiketek ezusteko aukera eskaini zieten eremu neutralean zeuden Bergarako enpresei.


8A Manufacturas Fernández lantegiko oihalen erakusgaia, 1923 eta 1930 bitartekoa

Bergarako Udal Artxiboa, 23 C/0092-000

9A Pedro Otazua lantegiko fakturan agertzen den idazpuru edo menbretea, 1958

Bergarako Udal Artxiboa, 07 C/1197-023

Levi Strauss eta Bergara erlazionatzen duten historia dugu … egia ote?

Levi´sek orain dela 140 urte bere lehenengo jeans-a sortu baino lehenago, kondaira batek dio ordurako Gipuzkoak bere lehenengo bakeroa sortua zuela. Bergaran esaten dutenaren arabera, baliteke bakeroa herri gipuzkoar honetatik etortzea.

1846. urtean bazegoen indigoarekin tindatzen zuen ehundegia, hauek Frantzia bidez Estatu Batuetara esportatzen zuten. Diotenaren arabera, ez litzateke harritzekoa Levi Strausek ehun hauek erabili izatea beraien bakeroetan, janzki hauek Europatik etorritako telekin San Frantziskon josten baitziren.

Levis Straussen Denim izena Nimes frantziako hiritik dator. Hemen sortu zen Sarga izeneko kotoizko ehuna. Ehun mota hau galtzetan eramatean Denim izenarekin geratu zen, “de Nimes” izena oso luzea zelako. Bergaran berriz, Etxaide eta Konpainia fabrikak 1873. urtean galtzei forma ematen aritu zirela diote, hau Levisek bere lehenengo bakeroa diseinatu zuen urtea izan zen. Beste anekdota moduan, Jose Luis Zabaletak, Tavex-eko zuzendariak, 1901. urtetik aurrera Etxaide eta Konpainiarekin lanean zegoeneko egoera horrela deskribatzen du: “ Ehunak Nimetik eta Genobatik etortzeaz gain Europako beste lekuetatik ere iristen ziren, Judios de Bayona izeneko fabrikak ere telak esportatzen zituzten”.

Zabaletak kondaira hau mila aldiz kontatu zuen segur aski. Gainera, ehundegi honek bakero marka garrantzitsuenentzako egin zuen lan. 1975.urtean Levisek beraien betiko modeloak egiteko kontratatu zituen eta gipuzkoar fabrika hau Europako bigarren denim ekoizle bilakatu zen. Aldaketa askoren ondoren, “Algodonera de San Antonio” Tavex-en bilakatu zen eta Balentzia, Bergara, Marruekos eta Brasilen instalakuntzak izatera iritsi zen.

Testigantzak

Bergaran oihalgintza lantegi ugari: Plazaola Gallastegi, Mariasun

Ikusi bideoa hemen

Informazio iturriak

IBAÑEZ, M., TORRECILLA, M.J., ZABALA, M.: Arqueología industrial en Gipuzkoa, 1990.

IBAÑEZ, M. Casa, familia y trabajo en la historia de Bergara. Bergarako Udala, 1994.