Murumendi.- Beasaingo eta izen bereko Murumendi mendilerroko gailurrik garaiena da; udalerriaren ipar-ekialdeko ertzean dago, eta mendi-tontorra, berriz, Beasain eta Itsasondo arteko mugan. Murumendi mendigunea iparraldetik hegoaldera hedatzen da, Urola eta Oria ibaien banalerroaren zati gisa; mendebaldeko isurialdeak Urolara isurtzen ditu urak, eta gainerakoek Oriara.
Gailurretik edozein lekutara begiratuz gero, mendirik ezagunenak ageri dira: Txindoki Aralarko mendilerroan, Hernioko mendigunea, Aizkorriko mendilerroa, Izarraitz mendiguneko Erloren gailurra, eta urrunagoan, aldiz, Anboto, Iruatxeta, Oriol…
Murumendiko gailurrean, erpin geodesikoaz gain, gurutze bat, hilarri bat, postontzi bat eta orientazio-mahai bat ere aurkituko ditugu.
.- Gurutze metalikoa, 1976an zoritxarreko mendi-istripu batean Vignemale (Wikipedia) hil ziren eskualdeko eta inguruko hiru mendizaleren (Diario Vasco) oroimenez.
.- Hilarria, mendiari buruzko hainbat liburu idatzi zituen Luis Pedro Peña Santiago (Eusko Ikaskuntza) etnologo eta mendizale donostiarraren omenez.
.- 1977. urtea adierazten duen suziri itxurako postontzia (Wikineos), ohikoa da mendi gailur askotan; Anbotokoa (1915), Euskadiko zaharrena omen da.
.- Orientazio Mahaia Aizkorri Mendizale Elkarteak jarri zuen han 1997an, eta gailur horretatik ikusten diren mendiak erakusten ditu. Mahai hori Estanislao Iturriotz Barandiaranek egindako marrazki batean oinarrituta dago; marrazki hura, Tomas Salazarrek jaso zuen gero mahaiko mendiei buruzko (Murumendiko Mahaiaren web orria) liburu batean (Mahaiko gailurren zerrenda).
Gailurraren inguruan historiaurreko herrixken aztarnak aurkitu ziren, hainbat trikuharri eta hilobi-tumuluez gain; Murumendiko kastroa (Ama Ata) ere nabarmendu behar da, Burdin Aroko azken faseko herri txikia. Azken herrixka hau, inguruko Intxurko eta Basagaingo kastroetatik gertu dago.
Ezin aipatu gabe utzi Murumendirekin lotutako tradizioa eta mitologia; mendi honetan dago, hain zuzen, Mariren leizetako bat (buscoaimanola), eta ekaitz-egunetan handik ateratzen omen zen Anboton, Aralarren eta Aizkorrin zituen beste bizilekuetara bidean.