Barria Araba ipar-ekialdean dago, Euskal Herriko bi isurialdeen (Kantauri eta Mediterraneoa) arteko mugaren azpian, Barrundia ibaiaren ondoan eta izen bereko bailararen barruan (geografikoki). Administratizioari dagokionez, berriz, Barria herria San Millan udalerriaren parte da. Ozaeta eta Zalduondo herrien artean, Ulibarriko urtegitik gertu eta Gasteiztik 24 kilometrora aurkitzen da gure Barnetegia.
A-1etik bazoaz Gasteiztik Donostiarako norabidean: Ozaetako irteera hartuta, Maturana, Ozaeta, Hermua eta Axpuru herriak pasatu ondoren ezkerrerantz jo Barriara iristeko.
A-1etik bazoaz Donostia Gasteiz norabidean: Araiako irteera hartuta, Zalduondo, Gordoa eta Narbaiza herriak pasata ikusiko duzu Barria eskuin aldean.
Barria abeltzaintza giroko herri txikia eta lasaia da, hamahiru biztanle baino ez dituena. Herria inguratzen duten mendiak mila metrotik gorakoak dira, Urkilla eta Elgea dira hango mendikate nagusiak. Barriatik gorako maldetan hainbat zuhaitz mota hazten da: haritza, pagoa, pinua, gorostia, artea, ametza...
Hango basoetan basurdeak, orkatzak, erbiak, azkonarrak eta beste hainbat ugaztun txiki bizi dira; handik gertu dauden urtegien inguruan, berriz, hegazti handiak: Belatzak, zikoinak, lertxunak eta ahateak...
Bailara honek aukera ederrak eskaintzen ditu ibilaldiak egiteko, oinez eta bizikletaz. Bisita interesgarriak egiteko ere hainbat toki daude: Lazarragatarren jauregia Larrean (El Bolo izenekoa), Gebarako gaztelua eta jauregia, Zalduondoko museoa, Aizkorripeko San Adriango tunela eta Agurain (Erdi Aroko herria), besteak beste.
Barriako barnetegia hartzen duen aterpetxea bera ere monasterioa izan zen mende askoan, zistertarrek eraiki zuten XII. mendean, eta historikoki garrantzi estrategiko handia izan duen bidegurutzean kokatua dago.
Aterpetxeak jolas leku ederrak ditu bertaratzen diren neska-mutilek erabiltzeko, baita igerilekua ere (uda garaian besterik ez dago irekita).