Aisia hezitzailea

Atxutxiamaika Saila

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunearen barruan berezko izaera duen egitasmo bateratuen egitura da Atxutxiamaika Saila. Honek, haur, nerabe eta gazteen ezaugarri eta behar ezberdinetara egokitzen diren proiektuak ditu eta harreman hezitzaileak eta talde lana dira Sailaren baliabide nagusiak. Euskara eta aisia elkarloturik eta bateraturik ulertzen ditu eta esku-hartze euskaldun horren bidez, euskararen erabilera sustatzeko prozesuak bideratzen dira harreman sarea euskalduntzeko lanketa eginez, besteak beste. Hori guztia, beti ere, aisia hezitzailea oinarri izanik. 


Hezitzaileak

Atxutxiamaikak, beraz, herriko haur, nerabe eta gazte guztien aisia hezitzailean oinarrituriko erreferente euskalduna izatea nahi du, euskara erabiltzen duen eta euskaraz bizi den sare aktiboan kokaturik. Hezitzaile moduan lanean dabiltzan gazteekin ere dihardu lanean Atxutxiamaikak, hauengan ere eraginez. Aisiaren ziklo osoa sortzeak garrantzia handia duela sinesten du; horrek bermatuko baitu hurrengo belaunaldiak taldearen eragile zuzenak izatea.