ORIENTAZIO ESPAZIOAREN NARRIADURA DELA ETA, IBILBIDEAK BIRMOLDATZEN ARI GARA, ERABILGARRI DAUDEN ZUTOINETARA EGOKITUZ.
IBILBIDEAK BEHAR BADITUZUE, JAR ZAITEZTE GUREKIN HARREMANETAN COARABA@GMAIL.COM HELBIDEAN.
WEB ORRIRA IBILBIDE FINKO BERRIAK IGOTZEA ESPERO DUGU.
Garaioko Orientazio Kirol Eremua Araba Orientazio Klubak orientazio kirola praktikatzeko egokitutako kirol instalazioa da. Espazio hori mapa oso zehatz batean irudikatu da, eta bertan baliza finkoak jarri dira, nahi duen orok orientazioa modu librean praktikatu ahal izan dezan.
Kirol gune hau Garaioko Parke Probintzialean dago, Gasteiztik 18 kilometrora, eta Uribarri Ganboako urtegiaren ertzean dagoen penintsula bat osatzen du. Natura eta paisai balio handiko aisialdirako gunea da.
Bisitariak hartzeko, parkeak azpiegitura hauek ditu: informazio-bulegoa, autokarabanentzako aparkalekua, komunak, bainurako hondartzak, dutxak, ezinduentzako sarbidea, begiratokiak, etab. Uda garaian hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, hala nola bainu-zaintza eta lehen sorospenen arreta, mendiko bizikleten alokairua eta ibilbide natural gidatuak.
Natura bizitzeko aisialdirako aukera asko eskaintzen ditu parkeak. Ingurunea oso egokia da ibilaldiak oinez edo bizikletaz egiteko, egokitutako bideetatik, parke ornitologikoa bisitatzeko, naturako argazkigintzaa praktikatzeko, kometak hegan egiteko, bainua hartzeko, eta berritasun gisa, Arabako Orientazio Klubak sustatuta eta eginda, orientazioa praktikatzeko.