Azpeitia (Euskal Herria)

ASTEBETEKO ELKARTRUKE EUROPARRAREN KRONIKA LABURRA:

“FOOD FOR THOUGHT: A EUROPEAN RECIPE BOOK FOR MIGRANT INCLUSION”


Urtarrilaren 12a, igandea

Finlandiako, Italiako eta Poloniako 21 ikasle iritsi ziren Azpeitira; bertan, Urola Ikastolako beste 21 ikaslek --eta zenbait gurasok-- ongi etorria eman zieten.

Urtarrilaren 13a, astelehena

Goizean ikastolako zuzendariaren ongietorria, aurkezpena, ikastolari bisita, Euskal Herriko dantzak, herri kirolak eta pilota. Beste herrialdetako dantzak ere dantzatzeko aukera izan genuen.

Arratsaldean Basazabal jauregian elkartu ginen eta Azpeitiko alkatearen ongietorria jaso genuen. Urola ikastolako ikasle batzuek migrazioaren inguruan hitzaldi bat eman zuten eta gaiarekin zer ikusia zuten zenbait ariketa egin genituen. Ondoren Azpeitiko Elkargunera joan ginen, non Elkar-ekineko kide batek eta migrante batek beraien lanari buruzko informazioa eman ziguten eta beraien instalakuntzak erakutsi zizkiguten.


Urtarrilaren 14a, asteartea

Goizeko lehenengo orduan ikasleek FOOD FOR THOUGHT: A EUROPEAN RECIPE BOOK FOR MIGRANT INCLUSION liburuko lehenengo menua osatu zuten Lucidpress erabiliz.

Ondoren autobusa hartu eta Pasai Donibanera joan ginen, non Victor Hugoren etxea ez ezik herri xarmagarri hori berori ere bisitatu genuen. Handik Pasai San Pedrora pasatu ginen itsasontziz Albeola museoa bisitatzera, ikusgarria baita XVI. mendeko itsasontzi baten erreplika nola ari diren egiten.

Arratsaldean Hondarrabira hurbildu ginen eta bertan bisita gidatua izan genuen.


Urtarrilaren 15a, asteazkena

Basque Culinary Centre delakoari bisita egiteko parada izan genuen asteazken goizean, tour gidatu eta guzti. Han ikasleei sortu zitzaizkien zalantza guztiak argitu ondoren, Donostia aldera jo genuen, Chillidaren Haizearen Orrazia miretsi ahal izateko. Txundituta geratu ziren kanpotarrak halako parajearekin! Eguna bukatzeko, gymkhana batean hartu genuen parte Donostiako hainbat leku interesgarritan zehar, bertako ohiturez eta historiaz zerbait gehiago jakiteko helburuarekin.


Urtarrilaren 16a, osteguna

Goizean lana egin genuen gure errezeta liburua osatzeko, eta ondoren taldeka baloreen inguruan jarduera batzuk egin genituen; izan ere, balore horiek Master Cheferako sortu behar zituzten errrezeten oinarriak ziren. Ondoren Kikarakada proiektuko arduradunen hitzaldia entzun ahal izan genuen, eta txokolatea bizkotxoekin jateko aukera izan genuen.

Basazabal elkartean bazkaldu ondoren, taldeka Marshmallow Chalenge-a egin genuen helburu argi batekin: talde kohesioa lortzea. Horren atzetik herrrialde bakoitzeko ikasleek osatutako mahai ingurua izan genuen migrazioari buruz, eta esan beharra dago benetan hunkigarria izan zela: dudarik gabe elkartrukeko momenturik onena! Aipatzekoa izan zen ikasleen jarrera, partehartzea eta zer ondo hitz egin zuten. Ondoren ikasleek Azpeitiko tourra egin zuten eta herriko toki esanguratsuenetan argazkiak atera zituzten. Egunari bukaera ezin biribilagoa emanez, Tanborradaren entsegua ikusteko aukera izan zuten.


Urtarrilaren 17a, ostirala

Food for Thought: a European Recipe Book for Migrant Inclusion 1. Master Chef-a burutu genuen Loiolatxo elkartean. Bertan epaile eta laguntzaile izan genuen Julen Galarraga sukaldaria, gure ikasle ohia. Esan beharra dago ikasle guztiek beraien sukaldari abileziak oso ondo erakutsi zituztela, beraien platerrak ezin hobeto defendatuz epaimahaiaren aurrean. Nabarmentzekoa da errezeta bakoitzaren atzean istorio bat zegoela giza baloreetan oinarrituta. Festa giroan bukatu genuen ekitaldia eta denok zapore onarekin gelditu ginen.

Gauean ikasleek San Agustinen afaria izan zuten, asteari amaiera bikaina emateko.


Urtarrilaren 18a, larunbata

Agurra Hotel Loiolaren aurrean, guztiontzat aberasgarria izan den elkartruke-asteari amaiera emanez.