Kaixo lagunok! Zer moduz zaudete?
Dakizuenez, hau ikasturteko azkeneko astea da. Horregatik, eta oporrak hartzeko irrikitan egongo zaretelakoan, gaurkoan ez dizuet lan berririk bidaliko. Hori bai, behar bezala agurtzeko, "Konfinagurra" deituriko abestia utziko dizuet ikusgai hemen behean, letra eta guzti, zuek ere anima zaitezten eta alai eta pozik abes dezazuen!
Eta besterik gabe, disfruta ezazue gertu-gertu dugun udaz eta primeran pasa oporretan!
Plazer handia izan da zuek ezagutzea eta zuekin batera lan egitea. Laster arte,
Ziortza
Kaixo kaixo neska-mutilok! Zer moduz zaudete?
Aste honetan niri pila bat gustatzen zaidan abesti batekin egindako esku-jolas bat dakarkizuet: Ramones punk-rock taldearen Letยดs go abestiaren esku-jolasa.
Horretarako, joan zaitezte JOLASAK txokora eta sakatu play azkeneko bideoari (RAMONES - ESKU JOLASA).
Ni animatu naiz nire bideotxoa grabatzera, ea zuek ere animatzen zareten eta beste behin erakusten didazuen zeinen musikari bikainak zareten!
Animo lagunok, gutxi falta da eta!
Ziortza
Egun on lagunok!
Zer moduz moldatu zineten aurreko astean Hansel eta Gretelen erritmograma interpretatzen? Zaila iruditu al zitzaizuen? Ea bideo gehiago grabatzen eta niri bidaltzen animatzen zareten!
Aste honetarako beste lantxo bat dakarkizuet. Trebeak al zarete asmakizunetan? Ikus dezaegun! JOLASAK txokoan sartzen bazarete, PERKUSIO TXIKIA izeneko entzunaldia aurkituko duzue. Bertan, hainbat soinu entzungo dituzue eta soinu bakoitza perkusiozko zein musika tresnari dagokion asmatu beharko duzue.
Horretaz gain, beste aukera bat emango dizuet eta zuek erabaki zein nahiago duzuen. Ezagutzen al duzue Pirritx eta Porrotxen Marmoka abestia? Abesteko eta gorputza mugitzeko gogoa badaukazue, sar zaitezte DANTZAK txokoan eta ikus ezazue bideoa.
Sentitu, pentsatu, ekin!
Ziortza
Kaixo neska-mutilok! Zer moduz hasi duzue astelehena?
Lehenik eta behin, komentatu nahi dizuet hainbat bideo berri utzi dizkizuedala bai ABESTIAK txokoan bai DANTZAK txokoan, nahi izanez gero begirada bat emateko.
Aste honetan, ikur musikalak errepasatuko ditugu: beltzak, beltzaren isiluneak eta kortxeak hain zuzen ere. Eta nola egingo dugu? Ezagutzen al duzue Hansel eta Gretelen ipuina? Bada, ipuin horren erritmograma interpretatuko dugu. Horretarako, JOLASAK txokora joango gara eta ERRITMOGRAMA izeneko bideoa ikusiko dugu. Hasteko, musika entzuten dugun bitartean, bideoan agertzen diren irudiak begiratuko ditugu. Ezagutzen al ditugu guztiak? Hala ez bada, lasai egon! Adi bagaude, beheko aldean laguntza txiki bat daukagula ikusiko dugu: bi esku txalo egiten. Bideoa berriz ere ikusiko dugu eta orain gu geu gauza bera egiten saiatuko gara, hau da, musikaren erritmoa jarraituz txaloak jotzen. Azkenik, bideoa hirugarren aldiz ikusiko dugu eta oraingo honetan, txaloak jo beharrean, orain dela hilabete batzuk sortutako musika tresna hartu eta joko dugu.
3, 2, 1...
Ekin!
Ziortza
Kaixo lagunok!
Zer moduz moldatu zineten aurreko astean SIMAMAKA abesten eta dantzatzen? Bideoak grabatzera eta niri emailez bidaltzera animatzen zaituztet. Zeinen ondo egiten duzuen ikusteko irrikitan nago eta!
Aste honetarako, beste proposamen bat dakarkizuet, esku-jolas bat hain zuzen ere. JOLASAK txokoan sartzen bazarete, BIM-BAM bideoa aurkituko duzue. Poliki-poliki hasten da, baina gero eta azkarrago doa. Ea amaierara heltzea lortzen duzuen!
Besarkada bat,
Ziortza