ARGAZKIEN ERAKUSKETA (HH, LH eta DBH)
Familia mota desberdinen argazkien erakusketa bat egin, horma-irudi bat osatuz.
LGTB ORTZADAR BANDERA (HH, LH eta DBH)
LGTB banderaren jatorria eta esanahia ikasleei azaldu ondoren, haiek osatu beharko dute halako bandera bat, paper zatiak edo beste material batzuk erabiliz.
Banderaren jatorria: LGTB bandera Gilbert Bakerrek diseinatu zuen, eta 1978ko ekainaren 25ean lehenengoz, San Franziskoko Gai Harrotasun jaialdi batean, eta, bandera egiteko, Judy Garlandek abestutako “Over the Rainbow” abestian inspiratu zen Baker. Ortzadar banderak zortzi marra zituen eta kolore bakoitzak esanahi bat zuen (arrosa, sexualitatea; gorria, bizitza; laranja, osasuna; horia, eguzkiko argia; berdea, natura; turkesa, artea edo magia; urdina, baretasuna; eta morea, izpiritua). Urte berean marra bat galdu zuen (larrosa, hain zuzen ere); eta gaur egungo bandera, berriz, sei marraz osatuta dago: gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea (beraz, turkesarik gabe). Kolore anitzek pentsamendu anitzak irudikatzen dituzte. (Iturria: Wikipedia).
HOMOSEXUALEN ESKUBIDEAK MUNDUAN ZEHAR (LH eta DBH)
Gaur egun, homosexualen eskubideak ez dira berberak munduko leku guztietan:
Sexu bereko pertsona batekin harreman sexualak izatea ilegala da herrialde askotan, eta haietako batzuetan gay edo lesbiana izateak heriotza- zigorra ekar dezake.
Homosexualen arteko ezkontza eta umeak adoptatzeko eskubidea munduko herrialde gutxitan onartuta dago.
Zeintzuk dira herrialde horiek? (Begiratu esteka hau eta beste hau)
Aukera 1. Kokatu mapa batean, kolore desberdinak erabiliz egoeraren arabera.
Aukera 2. Egin ezazue bideo bat, munduan zehar gaur egungo homosexualen egoera azaltzeko.
Helburua: LGTB-en giza eskubideak ukatuz jarraitzen duten estatuak zeintzuk diren esan eta salatzea.
LGTB PERTSONAIAK (LH eta DBH)
HISTORIAN ZEHAR
Lesbiana, gay, transexual eta bisexual askok jazarpena sufritu dute historian zehar, eta gaur egun ere gertatzen da. Izan ere, LGTB-enganako fobia munduan zehar zabalduen dagoen gorrotoetako bat da.
1. ariketa. Bilatu informazioa eta osatu taula hau. (Adibideak dokumentu honetan aurkituko dituzue)
2. ariketa. Egin ezazu fitxa bat horietako pertsonaia batekin. Fitxan honako datu hauek agertuko dira:
Izen-abizenak
Jaiotza eta heriotza data
Biografia labur bat
LGTB PERTSONAIAK GAUR EGUN
3. ariketa. Bideo honetan Ellen Pagek bere lesbianismoa aitortzen du, baina seguraski gaur egungo LGTB pertsonaia ospetsu asko ezagutuko dituzu, eta haietako izen batzuk taula honetan idazteko gai izango zara.
4. ariketa. Egin ezazu fitxa bat horietako pertsonaia batekin. Fitxan datu hauek jasoko dituzu:
Izen-abizenak
Jaiotze data
Lanbide
Biografia labur bat
5. ariketa. Fitxa guztiak gelan edota pasilloetan eskegiko dira, pertsonaia hauei omenaldi bat egiteko. Kronologikoki antola daitezke fitxak.