Eskolaz kanpoko ekintzak

HHko eta LHko haurrei eta gaztetxoei zuzentzen zaie Ikastolako eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza. Taldean eta jolastuz, ikasten zein trebatzen jarraitzea da ekintza horien guztien helburua. Hezkuntzaren osagarri dira guztiak, aukera zabala eta anitza.

Eskolaz kanpoko ekintzak eguerditan edo/eta arratsaldetan, eskolak amaitzean, izaten dira.

Ekintza guztiak urrian hasi eta maitzean amaitzen dira. Ikastolako eskola-egutegia jarraitzen dute denek.

Eskola Kirola, eta psikomotrizitatea eta jolasak jarduerak Ikastolak berak kudeatzen ditu. Gainerako eskaintza kanpoko elkarte edo pertsonen bitartez eskaintzen dugu, elkarlanean. Ikastolak koordinazio- eta bitartekari-lanak egiten ditu izen-emateei, ordainketei zein komunikazioari dagokienean. Beraz, edozein zalantza edo arazo sortzen bazaizue, Ikastolako eskolaz kanpoko ekintzen koordinatzailearekin jarri behar duzue harremanetan.

Berritasunak: euskal dantza eta gitarra

Datorren ikasturterako badira bi berritasun nagusi: eguerditan euskal dantza-saioak eta gitarrako hastapen-ikastaroa eskaintzen hasiko gara, biak ala biak LHko ikasleei zuzenduak. Beherago duzue informazio xeheagoa, ekintza bakoitzari dagokion atalean.

HH TAILERRA

Aurreko urteetako esperientzia ona oinarri, aurtengoan ere gai ezberdinen baitan garatuko da tailerra, ekintzak txandakatuz: Gimnasiarekin Esperimentatzen, emozioen lanketa, sormen-tailerra eta eskulanak, eta Musikarekin Jolasean izango dira ekintzak.

SORMEN-TAILERRA

Ikasleei teknika eta material desberdinak eskainiz, artelanak egitea da helburua. Sorkuntza artistikoa eta adierazpen-gaitasunak garatzen dituzte. Margoketa, tinteak, moldeaketak, imitaziozko bitxigintza, birziklaketa eta naturako materialekin eskulanak sortzen dituzte.

ZIRKUA

Zirkuaren bitartez, haurrak bere gorputza ezagutzen laguntzeko espazio bat sortu nahi da. Zirkuan egiten diren ekintzak (malabareak, oreka jolasak, clowna...) ardatz gisa hartuta, haurraren sormena eta irudimena landu nahi dira tailer honetan.

PSIKOMOTRIZITATEA ETA JOLASAK

Jardueraren helburu nagusia haurrek beren gorputza ezagutzea da, jokoen eta jolasaren bitartez. Saioen ardatza ariketen ludikotasuna izango da, benetan uste baitugu lauzpabost urteko haurrekin psikomotrizitatea lantzeko modurik aberasgarri eta eraginkorrena dela.

ANTZERKIA

Antzerkiko irakasle den Arkaitz Gartziandegiren hitzetan: "Antzerkia jolasa da guretzat eta jolasak erabiltzen ditugu guk antzerkia egiteko. Gure helburuen artean daude, besteak beste: ikaslearen lotsa eta konplexuak gutxitzea, barne segurtasuna lortzea, hazkuntza indibiduala, taldearekiko integrazioa, eta noski, ikasleak ondo pasatzea."

EUSKAL DANTZA

Euskal Dantza dugu 2019-20 ikasturteko berritasunetako bat.

LHko haurrei zuzendutako eskaintza izango da, astean behinekoa eta eguerditakoa. Hiru talde eskaintzea aurreikusten da, haurrak aurrez dantzan aritu diren ala ez irizpidetzat hartuta.

  • Euskal Dantza I: lehen hartu emana izango dute ikasleek dantzarekin, hainbat dantza-jolasen bitartez. Dantzan hasi nahi dutenei zuzendua.
  • Euskal Dantza II: herri dantza ezagunak ezagutzea izango da helburu nagusia. Herriko plazetan ohikoak diren dantzak landuko dira. Dantzan 2 urteko esperientzia duten ikasleei zuzendua.
  • Euskal Dantza III: Euskal Herriko probintzia ezberdinetako dantzak landuko dira. Dantzan 4 urteko esperientzia duten ikasleei zuzendua.

Ereintzarekin lotutako hitzarmenari esker, haren babesarekin eta bermearekin eskaini ahal izango ditugu euskal dantza-saioak.

INGELESA

Ikasleek eguerditan ingeleseko klaseak jasotzeko aukera dute, astean 2 orduz, Imagine English Schoolen eskutik.

HIP-HOP

Tximeleta elkarteko kideak adituak dira dantza-estilo ezberdinetan eta bertako irakasleek haurrei zuzendutako kalitatezko dantza-klaseak eskaintzen dizkigute. Helburu nagusia hip-hop dantza-estiloa ezagutzea izango da.

XAKEA

Saioen oinarrizko helburua ikasleek xakean jokatuz eta ikasiz disfrutatzea da. Edukiak era atseginean eta jolas ezberdinen bitartez lantzen dira. Xakearen alderdi kooperatiboa ere lantzen da.

GITARRA

Gitarrako hastapen-saioak dira 2019-20 ikasturteko berritasunetako bat.

LH 3. mailatik gorako ikasleei zuzendutako ekintza da eta eguerditan izango da.

Ikastaroaren helburuak honakoak dira: gaur egungo herri-musika ezagutzea eta hartaz gozatzea eta, horretarako, gitarrarekin oinarrizko akordeak jotzen ikastea, egungo abestiak gitarraz laguntzeko. Gitarrarekin bakarrik jotzeko gaitasun erritmiko eta harmoniko nahikoa lortzea eta intonazio eta ahoskera egokiarekin abestea, nork bere kasa zein lagunekin edo familiarekin gitarra joz eta abestuz gozatzeko.

ESKOLA KIROLA

Eskola Kiroleko programa, kirol aniztasuna ardatz, Oarsoaldeko ikastetxeek eta udalek antolatzen duten ekimena da, LH3 eta LH6 bitarteko ikasleentzat.

Eskola Kiroleko programaren barruan, badira 25 urte Urdaburuko gure lagunekin elkarlanean mendizaletasuna sustatzeko jarduerak antolatzen ditugula. Urria eta maiatza bitartean, hainbat irteera egiten dira eta izen-ematea irteera bakoitzerako egiten da, Ikastolako webgunean irekitzen den galdetegi baten bitartez. Beraz, orain ezingo duzu mendi-irteerarik kontratatu.

ROBOTIKA

Eskolaz kanpoko saio hauetan, teknologia berrietan trebatzeaz gain, haiekin gozatzea ere lortu nahi da. Horretarako erabiliko den metodologia parte-hartzean oinarrituta dago. Hezitzaileak bideratzaile dira, gazteak eurak izaten dira ekintzen protagonista.

Eskolaz kanpokoak kontratatzean gogoan hartzeko oharrak

  • Ekintzak eta jarduerak aurrera atera ahal izateko, horietako bakoitzak gutxieneko ikasle kopurua du zehaztuta. Horiek horrela, ekintzaren antolatzailearekin hala adostuta, Ikastolak bere gain hartzen du ekintza edo jarduera bat bertan behera uzteko eskubidea. Ahaleginak egiten ditugu hori ez gertatzeko, baina ezin dugu bermatu ekintza guztiak ateratzeko adina ikasle egongo denik.
  • Jarduera bakoitzak ikasle-kopuru maximoa ere badu. Epe barruan izena ematen dutenek izaten dute lehentasuna.
  • Eskola Kirolean matrikula guztiak onartzen dira. Eguerdiko eta arratsaldeko txandek ikasle-kopuru maximoa dutenez, jardueran matrikulatzeak ez du bermatzen zuen hautaketa (eguerdia edo arratsaldea) behin betikoa izango denik. Epez kanpo jasotako eskaerak jada sortuak dauden taldeetan sartuko dira, gehienezko ratioak errespetatuz.
  • Taldekatzeak Ikastolako arduradunen esku daude.
  • Irailean eskolaz kanpoko ekintzen gaineko bi bilera egiten ditugu: Eskola Kirolari dagokiona eta gainontzeko eskolaz kanpoko ekintzen gainekoa. Eskaintzaren nondik norakoak xeheago azaltzeko eta hezitzaileak aurkezteko izaten dira bilera horiek.

Informazio gehiagorako: Unai Esnal (eskolaz kanpoko ekintzen koordinatzailea)

eskolazkanpokoak@oreretaikastola.eus / Tel.: 943 52 03 97 (luzapena: 143)

Kontratazio-epea: apirilak 12-30 (biak barne)

Kontratatu nahi dut: