Lekeitio BHI Ikastetxea derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergoa eta lanbide heziketa eskaintzen dituen herriko ikastetxe publiko bakarra da (Lekeitioko Eskola eta Azkue Ikastola - DBHko 4.mailara arteko eskaintza duena- dira gainontzeko bi ikastetxeak). 1975. urtean sortu zenetik ibilbide aldakorra izan du ikastetxeak eta 2008. urtetik hona gaur egungo ereduari eusten dio.
Bi eraikinez osatuta dago: Larrotegi Auzoan bata, aipatutako eskolarekin mugakide, eta Atea kalean bestea; biak elkarrengandik 600 metrora. Azken hori udalaren eraikina da izatez eta bertan Lanbide Heziketako Erdi Mailako Ziklo bat eskaintzen da: Administrazio Kudeaketa Ikastetxearen erreferentziazko eraikinak, aldiz, DBHko 4 mailak, Aniztasun Kurrikularreko eskaintza eta Batxilergoa barnebiltzen ditu, Gizarte eta Giza Zientziak nahiz Zientzia eta Teknologia modalitateetan. Gainera, Zeregin Ikaskuntzako Gela ere badugu.
Ikastetxeko langileekin batera, ikas-komunitatearen partaide nagusiak dira ikasleak eta familiak. Guztira 345 ikasle ditugu 2025-2026 ikasturtean eta horien ongizate integrala da proiektu honen arrazoi nagusia; ikaslea erdigunean jartzea, alegia.
Gure hezkuntza jardueren xederik garrantzitsuena zera da: IKASLE GUZTIEK IBILBIDE CURRICULAR ARRAKASTATSUA IZATEA, TESTUINGURU HEZITZAILE ETA BIZIKIDETZAREN BALOREETAN AINGURATUTA. Azken finean, gure ikasleak etorkizunari begira jarri behar ditugu, bai langile konpetente modura eta baita biharko hiritar arduratsu gisara ere.
Hauek dira Lekeitio BHIko oinarrizko baloreak:
- ELKAR ZAINDU: gure bizitzetan zehar denok gara zaurgarriak uneren batean. Horregatik, besteak entzun eta ondokoari arreta eskaintzen diogu. Jarreraz eta jokabidez erakusten dugu guztien eskubideekiko errespetua.
- LAGUNTZA ESKATU: laguntza eskatzea ekintza ausarta da eta tresnak ematen dizkigu egoera zailenei aurre egiteko. Laguntza eskatzearen kultura sustatu nahi dugu, eta laguntza behar duenari emateko prest gaude.
- INGURUA BABESTU: naturaren parte sentitzen garen neurrian babesten ditugu bertako bizidunak ere. Ahalik gutxien kutsatu eta hondakinak modu egokian kudeatzen ditugu.
- EUSKALDUNAK GARA: Euskal Herrian bizi gara eta euskara da gure hizkuntza. Euskaraz bizi nahi dugu eta euskal kulturak badu tokia munduan. Era berean, Euskal Herria osatzen duten gainontzeko kultura eta hizkuntza guztiak geuretzat ditugu.
- KRITIKOAK IZAN: arduraz jokatzeak esan nahi du prest gaudela egiten dugunaren inguruan hausnartzeko eta autokritika egiteko. Besteen iritziak aintzat hartu eta geureak adierazten ditugu, biak modu eraikitzailean.
- TALDEAN LAN EGIN: talde-lanean aritzen gara, bakoitzaren autonomia eta denon parte hartzea oinarri. Besteen lanari geureari bezainbesteko balioa aitortzen diogu. Talde bat osatzeko denek sentitu behar dute bere parte.
- EGUNEROKOAN AHALEGINDU: ez diegu soilik lorpenei eta emaitzei erreparatzen. Saiatzea bera da arrakasta. Bidean egindako ahaleginak garamatza aurrera, iristea posible den lekuraino.
- IKASTEKO PREST EGON: besteengandik eta norberagandik ikasten dugu bizitzan. Akatsak egitea, erratzea eta hanka sartzea ikasketa prozesuen parte dira; ondo egindakoek aberasten gaituzten neurri berean. Ikasitakoa besteei irakasten diegu.