Proiektu honetan helburu honekin lan egiten dugu: generoa dela eta dauden estereotipo, aurreiritzi eta bereizkeria gainditzea berdintasunarekiko eta justiziarekiko atxikimendua sustatuz. Hezkuntza arloan gaudenez, gure azken helburua “berdintasunean eta berdintasunerako heztea” da.
Indarkeria prebenitzeko, gure ustez, ezinbestekoa da hezkidetza lantzea. Neskekin lan egin behar da, auto-estimua eta balioa agerian uzteko eta indarkeria identifikatzen eta salatzen ikasteko. Mutilekin ere, lan egin behar da berdintasunean guztiok irabazten dugula azaltzeko asmoz eta berdintasunaren borrokan mutilen zeregina argi uzteko. Beraz, ildo horretatik jarraituz, uste dugu gizartean ezinbestekoa den dimentsio batez ari garela eta hezkuntza alorretik jorratzea premiazkoa dela iruditzen zaigu, bai norberaren garapen pertsonalerako eta baita gizartearen hobekuntzarako ere. Azken finean, Eskola hezkidetzailea gizakia arduran hezteko aukera ematen duena da, bereizkeriaren aurka eginez eta giza harremanak elkarkidetza baketsuan oinarrituz.
Hezkidetza proiektuan, honelako arloak jorratzen ditugu eta honelako ekintzak antolatzen ditugu:
- Egitura egonkorra mantendu: Irakasleen batzordea eta ikasleen batzordea osatu eta martxan jarri. Guztion artean ekimen gehiago eta aberasgarriagoak antolatzeko gai izango garelako.
- Ikasturte osorako plangintza prestatu, jarraipena egin eta lorpenak ebaluatu.
- Hilabetean behin asteazken goizetan egiten den eskualde mailako Hezkidetza eta Bizikidetza mintegian parte hartuko dugu. Mintegi horren aholkularitza lagun izango dugu Laudio BHIn gauzak hobeto egiteko orduan.
- Nazioarteko egun bereziak landu: Azaroaren 25a (Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna), Otsailaren 11 (Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna), Martxoaren 8a (Emakumeen Nazioarteko Eguna), Maiatzaren 17a (LGTBIQ fobiaren aurkako nazioarteko eguna). Saiatuko gara ondo funtzionatu duten dinamikak sistematizatzen, tutoretza planen bidez, eta berriak sortzen.
- Lotura estua izan eta mantendu Orientazio mintegiarekin; Tutoretza Planean urtero proposamen sorta egiten baita Hezkidetza eta Elkarbizitzaren inguruan. Tutoretza Planetan proposamen zehatzak egin nahi ditugu. Ekimen berriak diseinatu behar dira, gero praktikan jarri, ebaluatu eta, ondo ateraz gero, sistematizatu urtero errepikatzeko.
- Hezkidetzari buruzko ekintza zehatzak txertatu ikasgai guztien programazio didaktikoetan. Aurten, mintegi bakoitzean ekintza batzuk planifikatuko dira eta aurrera eramango dira. Ondo ateratzen badira, urtero errepikatuko dira. Bestela, beste batzuekin ordezkatuko dira.
- Formakuntza: familiak, irakasleok, irakasleak ez diren langileak, eta ikasleek; guztiok behar dugu formakuntza berdintasuna praktikara eramateko. Ahal den neurrian, formakuntza ekintzak antolatuko dira.
- Diagnostikoa: arlo bat jorratu baino lehen, jakin behar dugu zein den gaur-egungo Ikastetxearen egoera. EHU-ko proiektu batean parte hartuko dugu irakasleen hezkidetzarekiko jarrera aztertzeko. Ikasleen sinesmenak indarkeria matxista inguruan are aztertuko dira.
- Udaletxearekin elkarlanean aritzea. Alde batetik, haiek proposatutako ekintzetan parte hartuko dugu (egokiak direla ikusiz gero). Bestetik, hezkidetza lantzeko behar dugun laguntza jakinazaziko diegu ea elkarlana posiblea den.
- Komunikazio estrategia diseinatu informazioa familiei, ikasleei eta langileei helazazteko.
Bukatzeko, aipatu nahi dugu Hezkidetza proiektuan jorratuko ditugun arloak Hezkuntza Sailak bere “II. HEZKIDETZA-PLANA, BERDINTASUNAREN ETA TRATU ONAREN BIDEAN 2019-2023” txostenean proposatutakoak izango direla (irudi honetan agertzen direnak):