EUSKARAZ? BAI,THANKS
Irail amaierarako plan ezin hobea izan daiteke. Hartu Goierri Valley-n egindako
autobusa, eta joan Bermeo Tuna World Capital-era. Erosi garagardo parea Izaro Irish
Pub-en, eta gozatu estropadez, moila gainean eserita. Ziur traineruren batean badagoela
BAT Basque Team-en dabilen arraunlariren bat, eta agian Go Fit Hondarribiak irabaziko
du estropada. Kirola atsegin ez bada, gertu dago Urdaibai Bird Center. Iluntzean,
Gipuzkoara joan eta Basque Culinary Center-en afaldu ostean osteratxoa egin daiteke
Donostiara, San Sebastian Region-en zer aurkituko (Jon Ander de la Hoz, “Euskararen
hazia, lore erdaretan”, Berria egunkaria, 2018ko maiatza).
Beti esaten dute denek euskara babestu egin behar dela, hitz egin behar dugula,
eta abar. Baina gure hizkuntza eta kultura indartzeko kanpokoek euskara pitin bat ezagutu
behar dutelakoan nago ni. Bai, esatea erraza da, baina egitea ez hainbeste, ezta?
Berriki, Donostia Zinemaldiaren ospea aprobetxatuz, Euskal Herriaren propaganda
egiteko aukera paregabea izan dute Donostian; eta nola egingo, eta izen guztiak ingelesez
jarriz; hori bai, denok ulertzeko moduan (SSIFF, San Sebastian Film Festival). Ingelesa
oso garrantzitsua dela agerian dago. Baina ingelesak tokia jan dio euskarari euskararen
etxean. Hori al da gure hizkuntza laguntzea? Nik ez dut uste, behintzat. Ideia hobea
izango litzateke izen guztiak euskaraz jartzea; horrela, kanpotarrek haien esanahiaren
jakin-mina izango dute, euskararen munduan murgilduz. Pixka bat ondo legoke,
behintzat…
Ez zait ongi iruditzen besteei euskara erakusteko eta apur bat ospetsuagoa egiteko
aukera dagoenean bizkarra ematea eta dena ingelesez jartzea. Hori gure hizkuntza
gutxiestea da, ireki zaizkion ateak ixtea. Batek daki, izenak euskaraz jartzen badira,
atzerritarrengan jakin-mina piztu eta ikasiko duten. Agian hori egingo balitz, 40 urte barru
euskara ingelesa bezain ospetsua izango da gure lurraldean. Bai, badakit, euskaldunok
gure ohiturak aldatu eta hizkuntza zaharrari laguntzeko gehiago mintzatzeko ahalegina
egin beharko genukeela. Euskara indartsua egiteko lehenengo urratsa gurea da, gehiago
hitz eginda. Hori argi dago, baina bigarrena? Nork egin behar du? Horrela jarraitzen
badugu, azkenean Euskal Herria Erdal Herria bihurtuko da. Ez al dugu esan hainbeste
alditan hizkuntza hau maite dugula?
Olga Madinabeitia, Donostiako Lauaizeta institutuko 3. mailako ikaslea.