Irail amaierarako plan ezin hobea izan daiteke. Hartu Goierri Valley-n
egindako autobusa, eta joan Bermeo Tuna World Capital-era. Erosi
garagardo parea Izaro Irish Pub-en, eta gozatu estropadez, moila
gainean eserita. Ziur traineruren batean badagoela BAT Basque Team-
en dabilen arraunlariren bat, eta agian Go Fit Hondarribiak irabaziko
du estropada. Kirola atsegin ez bada, gertu dago Urdaibai Bird Center.
Iluntzean, Gipuzkoara joan eta Basque Culinary Center-en afaldu
ostean osteratxoa egin daiteke Donostiara, San Sebastian Region-en
zer aurkituko.
Jon Ander de la Hozek Berrian 2018ko maiatzean idatzi zuen
“Euskararen hazia, lore erdaretan” erreportajetik hartutako hitzak
dituzue goikoak, eta guri ezin egokiagoak iruditu zaizkigu honako
hausnarketa hau proposatzeko.
Gaur egun, 2018. urtean, euskaldunok gure kultura eta ohiturak “lau
haizetara” zabaltzeko daukagun grina honen barruan, ahaztu egin al
zaigu hizkuntza ere zabaltzea? Ez al da euskara euskaldun egiten
gaituena? Uneoro gauza guztiak internazionaltzen ditugu, mundu
guztiak gozatu dezan gure kulturaz, baina ahazten ari zaigu
euskaldunok garela gozatu behar dugun lehenengoak, gure herria
baita.
Goiko adibideotaz gain, beste milaka jarriko nituzke BEC (Bilbao
Exhibition Centre), Itzulia Basque Country, DonostiCup… Baina
gaurkoan Donostiako Zinemaldian zentratuko gara. Ez dakit gogoan
duzuen, baina aurtengo Donostia Zinemaldiari logoa aldatu diote,
SSIFF izango da aurten, “San Sebastian International Film Festival”
izenarekin indar eta oihartzun handiagoa hartuko duelakoan egin
omen dute aldaketa hau.
Iritzia ematen hasi baino lehen, zenbakiekin hasiko gara: Donostiako
60. Zinemaldian 157.256 ikusle izan ziren; 62. edizioan berriz,
158.608; eta 63. edizioak, guztira, 174.901 ikusle izan zituen. Ez al
zaizue iruditzen zinemaldia bera bakarrik ari dela zabaltzen?
Beharrezkoa al da euskara alde batera uztea? Guk, Lauaizetako
ikasleok, pentsatzen dugu euskal kultura euskara erabiliz zabaldu
behar dela; batez ere, gure iritzian, euskara euskal kulturaren parte
delako, eta benetan “lau haizeetara” zabaldu behar baldin badugu,
“pack” guztia zabaltzea delako egokiena gure ustetan.
Berdina izango litzateke Kataluniako Castellers-ei izena ingelesez
jarriko bagenie? Edota urrutiago joanda, Halloween amerikar festari
ilunabarra deituko bagenio, berdina izango litzateke? Gauza da
besteen kulturak (askotan, ez beti) jatorrizko hizkuntzan ezagutu eta
barneratu ditugula arazorik gabe; gure kultura zabaltzerakoan ordea,
GURE HIZKUNTZA zabalkuntzarako arazo bat dela pentsatu dugu, eta
horra hor gure akatsa.
Euskaldunak gara, euskal hiztunak, kultura zoragarri bat dugunak, eta
munduari gure kulturaz gozatzen utzi nahi diegunak; baina, ez
dezagun ahaztu euskara dela euskaldun egiten gaituena, eta euskara
ere harro egoteko eta “lau haizeetara” zabaltzeko hizkuntza eder eta
sakona dela.
Hau da gure hausnarketa, ez dugu pentsatzen iritzi xume honekin
Zinemaldiari logoa aldatuko diogunik, baina zuek, irakurleok,
hausnartzera bultzatu nahi zaituztegu, hori baitaukagu helburu. Beraz,
lortu dugu gure helburua?
Malen Ubiria, Donostiako Lauaizeta institutuko 3. mailako ikasleen
izenean.