EIDER

GUZTIOK HAUSNARTZEKO AUZIA


Irail amaierarako plan ezin hobea izan daiteke. Hartu Goierri

Valley-n egindako autobusa, eta joan Bermeo Tuna World

Capital-era. Erosi garagardo parea Izaro Irish Pub-en, eta

gozatu estropadez, moila gainean eserita. Ziur traineruren

batean badagoela BAT Basque Team-en dabilen

arraunlariren bat, eta agian Go Fit Hondarribiak irabaziko du

estropada. Kirola atsegin ez bada, gertu dago Urdaibai Bird

Center. Iluntzean, Gipuzkoara joan eta Basque Culinary

Center-en afaldu ostean osteratxoa egin daiteke Donostiara,

San Sebastian Region-en zer aurkituko.

Jon Ander de la Hozek Berrian 2018ko maiatzean idatzi zuen

“Euskararen hazia, lore erdaretan” erreportajetik hartutako

hitzak dituzue goikoak, eta guri ezin egokiagoak iruditu

zaizkigu zuei, Lauaizetako ikasleoi, Zinemaldian gertatu den

aldaketa bati buruz jakinarazteko.

Aurten Donostiako Zinemaldiak ere ingelesari protagonismoa

eman nahi izan dio logoaren bitartez, maskorra eta izena

bakarrik jartzetik, SSIFF (San Sebastian International Film

Festival) jartzera pasa direlako.

Zinemaldiaren arduradunek ziurtatzen dute izena ez dela

aldatu, baina logoaren siglak ingelesez daude: ados al

zaudete gurea den festibal bati izen ingelesa jartzeko

erabakiarekin? Ez dakigu zuei, baina guri oso gaizki iruditu

zaigu, eta zergatia azalduko dizuegu.

Gure ustez, euskal ekintza hain famatu batean euskara

mantentzea izango litzateke euskara ez galtzeko modurik

egokienetariko bat. Azken finean, logoak eta izenak ez du


jendea Donostiako Zinemaldira erakartzen, eta, logoa

euskaraz izaten jarraituko balitz, euskara pixka bat gehiago

zabaltzea lortuko genuke; bestela, orain jarrita dagoen

moduan, ingelesari euskarari baino askoz garrantzi handiago

ematen ari gara.

Gainera, ez da logoa bakarrik, web gunearen izena ere

ingelesez dago. Google-en “Donostia Zinemaldia” bilatzen

dugunean, hau agertzen da:

https://www.sansebastianfestival.com/eu/ ;normala al da hau?

Orain, euskara Internetaren bitartez ere zabaldu genezakeen

honetan, nola izan daiteke hori ere aldatu izana? Denok

dakigu Interneten euskarazko gauza gutxi daudela, eta

euskal festibal hau aukera onenetariko bat iruditzen zaigu

hori aldatzeko. Baina, dirudienez, zinemaldiaren web

gunearen sortzaileei ez zaie hori iruditzen.

Horregatik, zuei, gazte bezala, zerbait egiteko eskatzen

dizuegu; honi buruz zerbait gehiago informatu, eta, egokia

iruditzen bazaizue, udaletxera kexa orokor bat egin genezake.

Gure ustez, gai honi buruz denok hausnarketa bat egin

beharko genuke, euskara ez galtzea nahi badugu, behintzat.


Eider Carramiñana Torres, Lauaizeta ikastolako 3. mailako

ikasleen izenean.