(2024-10-08ean, asteartea)
Gaur urriak 8, asteartea, Gazteiz-Iruñea saileko 16. etapa egin dugu.
Goizeko 8ak aldera irten gara Anotz herritik 48 mendizale. Beasoain eta Egillor pasa ondoren, Mortxe mendira igo eta bere gainean egin dugu hamaiketakoa. Beherakoan, Azantzara heldu aurretik, hiru urmael pasa ditugu: Larrola, Ariztia eta Zozoikoa. Azantzatik, Aizpungo ur-jauzia ikusi (Artazulgo sakanaren hasieran) eta izen berdineko herrian bukaera eman diogu gaurkoari, 5:40 ordu pasa ondoren.
Ibilbidea eta denborak:
Anotz, hasiera (400 m), Beasoain (450 m; 2,7 km; 0:40), Egillor (462 m; 3,25 km; 0:50), Mortxe gaina (1.125 m; 8 km; 2:30), Arizdia urmaela (1.002 m; 10,9 km; 3:30), Azantza herria (842 m; 12,7 km; 4:00), Araneako ur-jauzia (730 m; 16 km; 5:00), Aizpun, bukaera (780 m; 17,8 km; 5:40).
Desnibel metatua: igoeratan: 980 m; jaitsieratan: 640 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Arakil ibaia Anotz inguruan
Eguraldi freskoarekin abiatu gara, Anotz herriaren inguruan dagoen Arakil ibaiaren ondotik. Bere urak Arakilenean isurtzen dituen Udarbe ibaiaren gaineko zubia zeharkatu eta basoan murgildu gara. Han aurrez aurre bizpahiru zerri topatu ditugu, eta hasieran aztoratu egin badira ere, lasai jarraitu dute han ugari dauden ezkurrak jaten.
Beasoain eta Egillor
Tontorrean Garañoko gaztelua duen mendia inguratu eta lehenbiziko herrixkak zeharkatu ditugu: Beasoain eta Egillor. Hasiera honetan bide nahiko laua izan dugu, baina hemendik aurrera aldapa pittinka handitzen joan zaigu.
Haritz galanta
Gorantz goazela, Santa Engrazia eta San Kristobal baselizen ingurutik igaro gara eta basoan haritz eder eta ikusgarriak azaldu zaizkigu (ikusi argazkikoa), eta ez gutxi gainera. Bide onean gabiltza, baina hasi gara aurreko egunetako eurien ondorioak sumatzen.
Maldan gora
Basotik irten garenean, ikusmira zabaltzearekin batera, aldapa ere dezente tentetu zaigu. Mortxe eta Saldise mendien arteko lepoan, eskuinaldean utzi dugu Saldise mendiko tontor harritsua (1.043 m) eta Mortxe aldeko bidea hartu dugu.
Mortxe mendiaren gailurretik ateratako ikuspegi ederra
Azken aldapa pikoa igo eta Mortxeko gailurrera (1.123 m) iristean, a ze panoramika azaldu zaigun begien bistan. Ollo ibarraz gain, Iruñerria ere ederki ikusten da hemen goitik. Haizea hoztu egin da ordea, eta lehen erantzitako janzkiak berriro jantzi behar izan ditugu.
Taldea Mortxe mendian
Haizetik babestuko gaituen lekua bilatu eta hamaiketakoa egin dugu hantxe. Indarberriturik, berriro tontorrera itzuli eta taldearen argazkia egin dugu, atzealdean Andia mendilerroa dugula. Zeruan ostarteak daude eta, ibilgiro ederra dagoenez, goitik beherako bideari ekiteko garaia heldu zaigu.
Ur - jauzirantz
Goitik beherakoan, besteak beste, Azantzako haritz monumentala ikusteko aukera izan dugu. Etxe armarridun dotoreak dituen Azantza herrira heltzean, batzuek Aizpun herrira joatea erabaki dute, baina gehienak NA-7020 errepidetik Ultzurrungo mendatera joan, eta handik sakanera jaisteko bidea hartu dugu.
Aizpungo ur-jauzia
Bide lauso samarretik jaitsi, oinetakoak lokaztu eta, eureka, gaurko ibilaldiko harribitxia: Aizpungo ur-jauzia. Hura miretsi eta Aizpun aldera jarraitu dugu gaurko ibilaldi dotorea amaitzera. Arropak eta batik bat oinetakoak aldatu eta Errotz herrira joan gara, hango Oskia jatetxean bazkaltzera, beste ibilaldi eder bat egin eta gero.
Bideoa
Estekak/Enlaces