(2024-03-06an, asteazkena)
Gaur, martxoak 06, asteazkena, Ordiziatik autobusez irten gara goizeko 7:00etan GMBko 57 mendizale (15 emakume eta 42 gizon). Gasteizera iritsi (Olarizuko lorategi botanikoa) eta zazpi hiriburuetako Gasteiz-Iruñea arteko zatiaren 1. ibilaldiari ekin diogu. Goizeko 8:15ak aldera abiatu gara; zerua garbi dago eta ez du haizerik jotzen, ibiltzeko baldintza ezin hobeak. Berehala iritsi gara Olarizuko gurutzera. Gazteluko kontzejua gaindituta, Kurutzmendi eta Lendiz mendietaraino igo gara. Lendizeko lautadetara jaitsi eta, Gasteizko mendatetik errepidea zeharkatuta, Areatzara igo eta hamaiketakoa egin dugu. Eta handik, desnibel handirik gabe, Arrietara iritsi gara, ibilbideko gailurrik garaienera. Hegoaldera begira, La Demanda mendilerroko mendi elurtuak ikusi ditugu (besteak beste, San Lorenzo). Hemen bai, hegoaldeko haize hotza sentitzen zen, baina ibarrera jaisten hasi orduko, eguraldi atseginagoa izan dugu, baita beroa ere. Doroño eta Arrieta herrietatik igaro gara; ondo konpondutako etxeak badituzte, baina jende gutxi. Agian asteburuak desberdinak izango dira. Arrietako urtegi inguruan lokatza ugaldu egin zaigu eta oinetakoetan antzeman da hori; eskerrak amaieratik gertu izan denik, laster iritsi baikara Trebiñura. Trebiñun bertan bazkaldu dugu eta arratsaldeko seiak aldera Ordizian ginen bueltan.
Ibilbidea eta denborak:
Gasteiz (542 m), Olarizuko zelaiak (558 m; 0,9 km; 0:12), Olarizu (712 m; 2 km; 0:32), Gaztelu (665 m; 3,4 km; 0:56), Kurutzmendi (800 m; 4 km; 1:19), Lendiz (856 m; 5,1 km; 1:34), Gasteizko mendatea (753 m; 6,6 km; 2:04), Areatza (921 m; 7,9 km; 2:30), Muga (909 m; 9 km; 2:57), Arrieta/Cuervo (1.000 m; 10,1 km; 3:22), Hilobi itxurako mugarriaren lepoa (839 m; 11,5 km; 3:49), Doroño (688 m; 13,2 km; 4:12), Arrieta (647 m; 14,9 km; 4.36), Arrietako garbitegia (627 m; 15,1 km; 4:40), Arrietako urtegia (582 m; 17,1 km; 5:04).), Trebiñu (550 m; 19,9 km; 5:40), eta Amaiera (Busa) (539 m; 20,3 km; 5.45).
Desnibel metatua: igoeratan: 717 m; jaitsieratan: 729 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Olarizutik abiatuta mendizaleak izotz ederrarekin
Kurutzmendian berokiak kentzen asteko unea
Areatza-Rosteta. Atzean, Gasteizko hiria eta Gorbeia
Trebiñuko lurraldea. Atzean, Demanda mendizerra.
Arrietako gailurrera igotzen
Arrietako herrira iristen
Taldea, Arrietako urtegian
Mendizaleak Trebiñun
Bideoa
Estekak/Enlaces