(2025-03-19an, asteazkena)
Gaur asteazkena, martxoak 19, goizeko 6:30etan 57 mendizale Goierrin elkartu eta Lapurdira joan gara autobusez, zazpi euskal hiriburuetako Donibane Garazi eta Baiona arteko 4. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:10ak aldera abiatu gara Aireonatik, eguraldi ederrarekin. Bide gehiena nahiko laua izan da.
Lehenengo Elorrimendiko begiratokira joan gara eta paisaia zoragarriaz gozatu dugu. Gero, Mugerre herritik igaro eta bere erdigunetik herri horretako gurutzera igo gara. Hortik jaisten hasi eta Aturri ibaiaren ertzetik Baionako kaleak zeharkatu ditugu. Aturri eta Errobi ibaien elkargunean hamaiketakoa egin ondoren, Santa Maria Katedrala bisitatu dugu. Azkenean, Errobi ibaiaren ertzetik gora jarraitu eta Arruntzan amaitu dugu ibilaldia 13:35ak aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Aireona (107 m), Elorrimendi (142 m; 2,7 km; 0:40), D1 errepidea (68 m; 3,9 km; 1:00), Eliza (120 m; 5,7 km; 1:20), Begiratokia (107 m; 7 km; 1:40), Pabiloi industriala (58 m; 7,8 km; 1:50), Toki Eder (16 m; 8,7 km; 2:05), A-63 autobidea (20 m; 9,6 km; 2:15), Baionako Elkarte Nautikoa (3 m;, 11,3 Km; 2:35), Zubia (23 m; 12,3 km; 3:00), Santa Maria Katedrala (12 m; 12,7 km; 3:05), Trenbidea (20 m; 14,5 km; 3:40), La Tannerie etxea (16 m; 15,8 km; 4:00), A-63 autobidea (9 m; 16,8 km; 4:10), Bordanasa etxea (12 m; 19,1 km; 4:35), Errobi ibaiko zirga-bidea (utzi) (6 m; 20,7 km; 4:55), Berrendia etxea (49 m; 21,7 km; 5:15) eta Arruntza (47 m; 22,4 km; 5:25).
Desnibel metatua: igoeratan: 200 m; jaitsieratan: 269 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Aireonatik abiatu eta Baionara bidean
Lapurdiko Milafranga herriko Aireonatik abiatu gara gaurkoan. Ostarte zabalak eta ibiltzeko tenperatura bikainarekin ekin diogu ibilaldiari. Hasiera honetan, tarteka herrien arteko ibilaldietako bideak eta tarteka errepide zatiak izan ditugu. Errepideetan arreta handiz ibili gara eta gutako batzuk txaleko horiak jantzita; ez dabil trafiko handirik, baina errepide estuak dira eta komeni da segurtasuna ahal den neurrian bermatzea.
Ikuspegi zabala
Abiatu eta laster Elorrimenditik igaro gara. Inguru hartatik ikuspegi zabal bezain ederra izan dugu: etxeak eta herrixkak han-hemenka barreiatuak, belardiak, basoak eta urrunean mendiak (Artzamendi, Mondarrain, Larhun, Aiako Harriak,…). Lainoak badauden arren, ortzian urdina da nagusi eta eguzkia errege. Ibilgiro aparta.
Mugerreko gurutzea eta gerrako oroigarriak
Aurrera eginez, jarraian Mugerre herrira iritsi gara. Besteak beste, XVII. mendeko San Joan Bataiatzailearen eliza eta Agerria jauregia, egungo Herriko Etxea, ikusi ditugu. Herria zeharkatu eta berehala, Mugerreko Gurutzera igo gara. Tontorrean, gurutzeaz gain, Napoleonen garaiko guduetako hainbat oroigarri ikus daitezke, tartean obelisko erraldoia.
Mugerreko tontorrean. Atzealdean, Baiona
Mugerreko tontorrean bista zoragarriak daudela baliatuz, eguneko mendizaleon argazkia egin dugu, atzealdean Baiona dugula. Iparraldeko kostaldea, Angelutik hasi eta Gipuzkoaraino, ederki asko ikusten da hemen goitik. Baita Baiona bera ere: Aturri ibai zabala eta ibaiko zubiak, katedralaren pinakuluak,…
Aturri ibaia Baionan
Mugerreko tontorretik Baionako Aturri ibai zabaleraino jaitsi gara. Hango bidegorritik egin ditugu hurrengo kilometroak ibaiaren ezkerraldetik behera. Hemen ere arretaz ibili behar izan dugu, ibiltariez gain, txirrindulariak eta patineteak ere badabiltzalako. Halaxe joan gara Espiritu Sainduaren zubiaren ondoan Aturri eta Errobi ibaiek bat egiten duten gunera arte.
Baionako herriko etxea
Baionako Herriko Etxea parean dugula indarberritu, Errobi gaineko zubia zeharkatu eta kalez kale Baionako Andre Mariaren katedral gotikoa bisitatzera joan gara. 1998an Gizateriaren Ondare izendatua, 1213tik XV. mendera bitartean eraiki zuten. Orratzak, berriz, XIX. mendean ezarri zizkioten. Aipagarriak dira, halaber, katedralaren Pizkundeko beirateak eta XIV. mendeko klaustroa (ikusi behean Argazkiak).
Etxe dotorea Baionan
Katedrala barnealdetik eta klaustroa kanpotik ikusi ondoren, Errobi ibaiaren ertzera joan gara. Hara heltzean, merkatu estaliaren parean, honako eraikin dotorea topatu dugu. Baiona eder egiten duten horrelako ugari dago ibaiertz hauetan. Kaleetan, aldiz, ospe handiko txokolate eta xingar dendak ikusi ditugu, baina horretarako astirik ez eta beste baterako utzi ditugu. Itzuliko gara berriro.
Errobi ibaian gora
Errobi ibaiaren ezkerraldetik egin ditugu hurrengo kilometro gehienak. Tarte hori, bidegorria ez ezik, zirga-bidea ere bada; hots, ontziak lehorretik sokaz tiratzeko bidea. Bide hori utzi baino lehen, hainbat ontzi ikusi ditugu lehorrera lotuak. Azkenean, basoko bidea hartu eta zuhaitz eder artean gaurko helmugara iritsi gara: Arruntzara. Arruntza, historikoki, Uztaritze herri erditik bereizia zen beste parrokia bat zen. Han amaitu, autobusa hartu eta Behobiara joan gara bazkaltzera, hango merkataritza-guneko Faisan ostatura.
Estekak/Enlaces