(2025-03-05an, asteazkena)
Gaur martxoak 5, asteazkena, goizeko 7:00etan irten gara autobusez Idiazabaldik, Beasaindik, Ordiziatik eta Alegiatik, guztira 59 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Donibane Garazi eta Baiona arteko zatiaren 3. ibilaldia egitera. Goizeko 8:55ak aldera Itsasutik abiatu gara, hasieran giro freskoarekin, gero eguraldi ederraz gozatzeko.
Bide asfaltatuetan gora hasi gara lehen baserrietarantz, Artzamendi eta Mondarrain mendiak begi bistan ditugula. Paskalekuko pilotalekutik igaro ondoren, Errobi ibairantz eta Kanboko tren geltokirantz jaitsi gara. Handik gertu, ondo zaindutako parke bat aurkitu dugu eta hantxe gelditu gara mokadu bat jatera. Ondoren, Jatsu herritik igaro gara, Iparraldeko etxe sakabanatu eta tipikoekin. Errepide, landa-bide eta pistetatik, ondo zaindutako ingurunea duen Salbatore baseliza ederrera hurbildu gara. Eta amaierara hurbiltzean, orientazio-taula bat eta Baionako bista bikainak dituen Berrogaingo muinoa bisitatu dugu. Autobusera inguratzeko, azken aldapan sartu gara, guztion “animorako”. Ondoren, Urruñara joan gara bazkaltzera eta bost eta erdietan itzuli gara Goierrira.
Ibilbidea eta denborak:
Itsasu (79 m), Etxeberri (174 m; 1 km; 0:16), Pasteroenea (977 m; 2,2 km; 0:25), Paskaleku frontoia (223 m; 3,4 km; 49), Kaminoa etxea ( 221 m; 4,5 km; 1:00), Makaebidea (185 m; 5 km; 1:07), Toki ona (46 m; 7,4 km; 1:36), Kanboko geltokia (20 m; 8,5 km; 1:48), Leizana (20 m; 9,9 km; 2:21), Bitoeneko borda bidea (101 m; 11,2 km; 2:43), Kurutxaldea (101 m; 11,8 km; 2:52), Etxegoinea ( 83 m; 12,5 km; 3:00), Jatsu herria (68 m; 13,6 km; 3:13), Salbatore ermita (98 m; 15,5 km; 3:43), Sortako bidea (106 m; 16,8 km; 4:29), Xaiberriko borda (121 m; 18,6 km; 4:54), Berrogain muinoa (117 m; 20,9 km; 5:00) eta Aire Ona (Baiona) (96 m; 21,84 km; 5:18).
Desnibel metatua: igoeratan: 450 m; jaitsieratan: 434 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Behiak ukuiluan Itsasutik abiatu eta berehala
Martxoko lehen irteera honetan, Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotuko dituen zeharkaldiari heldu diogu berriro. Horretarako, Lapurdiko Itsasu herrira inguratu gara eta handik ekin diogu Baiona ingururaino eramango gaituen gaurko ibilaldiari. Hasi eta laster, ondo antolatutako ukuilu handi bat ikusi dugu baserri baten ondoan eta behi andana ere bai askatik jaten.
Aldapatxoan gora
Zoru asfaltatua duen bideak gorantz egiten du, baina ikuspegi bikainak eskaini dizkigu; besteak beste, Artzamendi (926 m) eta Mondarrain (749 m) mendiak ageri zaizkigu, eta urrunago Larhun (900 m) ere bai. Bidearen ondoan belardiak dira nagusi, eguzkiarekin distira berezia duten belardiak. Hasierako aldapa hauek ondo etorri dira goizeko freskurak uxatzeko.
Ikuspegi ederrak nonahi
Ingurune paregabean gabiltza. Ezker-eskuin, atzean nahiz aurrean, edertasuna nonahi. Baserriak, belardiak, ardiak, zaldiak, mendiak,… Bidean, ordea, nabariak dira tarteka haizeteen ondorioak; argazkian hankaz gora errotik erauzita ageri den zuhaitza, esate baterako. Holako arbolatzarra botatzeko, a ze nolako indarra izango zuen haizeak.
Kanbo herria
Han-hemenka barreiatutako etxe, auzo eta herrixken artean Paxkalekuko frontoiaren ondotik igaro gara. Asfaltatutako bidea da gaurkoan nagusi, baina tarteka baditugu pistak eta landako bideak. Bideak orain gora, orain behera egiten du, baina badira gune lauak ere. Beherako bide horietako batean Errobi ibaira hurbildu gara lehenbizi eta Kanbo herrira geroxeago. Muino baten gainean distiratsu ageri da bainuetxe famatuak dituen herria.
Salbatore kaperaren aurrean
Kanboko tren geltokia igaro eta berehala, lorategi txukun eta eder batean egin dugu hamaiketakoa Beheko Kanbora heldu aurretik. Jarraian aurreikusitako bidea itxita topatu eta beste bide batetik egin behar izan dugu aurrera. Harrigarria bada ere, herrien izenak buruz behera dituzten Haltsu eta Jatsu herrietatik igaro ondoren, Salbatore kapera dagoen gune ederrera iritsi gara eta hantxe egin dugu gaurko 58 ibiltarien argazkia.
Berrogaingo muinoan
Jatsu herria eta Salbatore eliza atzean utzita ari gara gaurko helmugara hurbiltzen. Oraindik leku eder bat gelditzen da bidean: Berrogaingo muinoa, Milafranga herrian. Gurutze bat du tontorrean eta ikuspegi bikaina ere bai, gaurkoa bezalako eguraldiarekin batik bat. Tontorreko zuhaitzek ukitu berezia ematen diote eta orientazio-taula bat ere badago handik ikusten diren Errobi bailarako mendi, herri eta gainerakoak adieraziz.
Berrogaindik behera
Kilometroak pilatzen ari dira eta nekea ere sumatzen da aldapetan. Ibiltarien tropela luzatzen ari da. Taldearen bigarren argazkia egin dugu Berrogainen, lekuak merezi du eta. Gain ederra eta hango bistak utzita, gure begiek gozatzen jarraitzen dute, Baiona eta hango katedrala ondo asko ikusten baitira goazen bidetik.
Amaieratik gertu
Autobusa dagoen tokira heldu baino lehen, azken aldapa igotzea falta da. Hura ere gainditu dugu eta, helmugara heltzean, txukuntze lanak egin eta Urruñara joan gara hango Xaia ostatuan bazkaltzera. Euskal kultura zaleen biltoki, topagune eta elkargune horretan, giro ederrean bazkaldu dugu Goierrira itzuli aurretik. Mila esker beste behin Beñat!
Estekak/Enlaces