(2025-11-04an, asteartea)
Gaur asteartea, azaroak 4, goizeko 6:00etan Goierrin elkartu eta autobusez Bidarraira joan gara 56 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako, Donibane Garazi eta Baiona arteko 2. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:00ak aldera Bidarraitik abiatu gara giro onaz gozatuz.
Oinez hasi eta Baztan ibaiaren ertzetik jarraituz, Infernuko Zubiko bordara iritsi gara. Igotzen hasi eta, Zelhaiburu mendiaren azpira heldu garenean, igoera gogor bati ekin diogu. Ahalegin handiz eta izerditan, izen bereko lepora ailegatu gara. Hemen, indarrak errekuperatu ondoren, malda leunagoak dituen aldapan gora jarraitu dugu, Artzamendi mendiko tontorra zapaldu arte. Haize indartsua zegoenez, jaisten hasi gara eta babes pixka bat zegoen toki batean hamaiketakoa egin dugu. Gero, jaisten jarraituz, Mehatseko eta Iguzkiko lepoak pasa ditugu. Jarraian, Esteben bordara iritsi gara. Hortik, berriz ere, igotzen hasi gara Mondarrain mendiko tontorrera heldu arte. Azkenean, jaitsiera gogor baten ondoren, Itsasu herrian amaitu dugu ibilaldia 15:00ak aldera.
Bertan bazkaldu eta arratsaldeko bostak eta erdiak inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Bidarrai, hasiera (82 m), Infernuko Zubiko borda (100 m; 1,2 km; 0:15), Baserria (264 m; 4,5 km; 1:05), Zelhaiburu (628 m; 6,3 km; 2:05), Artzategiko lepoa (664 m; 7 km; 2:15), Artzamendiko monolitoa (700 m; 7,6 km; 2:25), Artzamendi (924 m; 9 km; 2:50), Mehatseko lepoa (717 m; 10,3 km; 3:25), Iguzkiko lepoko zutarria (545 m; 11,8 km; 3:45), Esteben borda (560 m; 13 km; 4:05), Zuharretako lepoa (566 m; 15,6 km; 4:35), Mondarrain (737 m; 17,2 km; 5:00), Kirol-Zelaia (350 m; 19,3 km; 5:50), Atharriko lepoa (333 m; 20,2 km; 6:05), Eliza (67 m; 21,9 km; 6:35) eta Itsasu, amaiera (60 m; 23,1 km; 6:50).
Desnibel metatua: igoeratan 1.141 m; jaitsieratan: 1.170 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Bidarraitik abiatzen
Goierritik ilunpetan abiatu eta eguna ondo argituta ekin diogu eguneko ibilaldiari Nafarroa Behereko Bidarrai herrian. Zazpi euskal hiriburuak lotzen ari gara eta, gaurkoan, Donibane Garazi eta Baiona arteko bigarren etapa egingo dugu. Hasi eta laster adar ikusgarri bezain berezietako ahari saila ikusi dugu belardi batean; gu ikustean aztoratu dira, baina aparte samar daude eta eskerrak.
Baztan ibaiaren ondotik
Talde ederra elkartu gara gaurkoan ere, baina hasi aurretik bitan banatu gara. Gu abiatu orduko, bigarren talde bat Itsasura joan da, handik Mondarrain mendira arteko ibilaldi laburrago bat egitera. Guk bide asfaltatua izan dugu lehenengo lauzpabost kilometrotan, gehienak Baztan ibaiaren ertzetik. Aldapa handirik gabe, hango bazterrak ikusteko aukera izan dugu, eta atentzioa eman digu ibaiak dakarren ur emaria eta haren gardentasuna.
Eguzkia mendi-kaxkoetan
Poliki-poliki ari gara gaurko lehen igoerara inguratzen. Leku laiotza da hasierako hau, baina eguzkiak argitzen ditu dagoeneko goiko mendi-gailurrak. Bide ondoko azken baserriak atzean utzi eta goiko mendietara eramango gaituen bidezidorra hartu dugu. Aldapa handiko igoera da eta, gune batean, bidexka aldapatsu eta mailadun bat dago: Harpeko Sainduaren haitzulokoa.
Ilaran jarrita aldapan gora
Gaurko igoera gogorrenak bi kilometro inguruko luzera du; tarteka arnasa hartzeko moduko guneak dituen arren, izerdia bota beharreko malda pikoak daude. Halaxe goaz, ilaran jarrita, berriketarako unerik gabe. Zelhaiburu mendia inguratzen ari gara; GMB taldea bi aldiz izan da hemen lehenago, baina bietan beherako bidea eginez eta gaurko abiapuntuan, Bidarrain, amaituz.
Aldapa honetan berriketa gutxi
Bide harritsua da tarte batzuetan eta kate batzuk ere badaude, behar izanez gero haiei heldu ahal izateko. Igotzeko baino gehiago jaisteko erabiliko dira beharbada, baina batik bat neguan elurra edo izotza dagoenerako jarritako lagungarriak dira. Aipagarria da, gune batzuetan, % 40ko edo gehiagoko maldak daudela igoera neketsu honetan.
Udazken bete-betean
Halako batean lortu dugu aldapa igotzea. Atzean gelditu zaizkigu beheko bailarak udazkeneko kolorez ederturik. Taldea berriro zatitu egin da eta gehienak Artzamendi tontorrerako bidea hartu duten bitartean, bigarren taldeak hara igo gabe jarraitu du Itsasu aldera. Artzamendiko igoera ez da hain gogorra, baina joan-etorriak ia hiru kilometro gehiago luzatzen du ibilaldia.
Esteben bordaren inguruan
Artzamendira (926 m) igo gara bai, baina laster hartu dugu beherako bidea, haize zakarra baitago gailurrean. Handik historiaurreko nekropolia duen Mehatseko lepora jaitsi eta aurrera jarraitu dugu, beste taldearekin lehenbailehen elkartzeko asmoz. Esteben borda inguruan elkartu gara berriro eta handik aurrera elkarrekin jarraitu dugu amaierara arte.
Mondarrainera igotzen
Kilometroak eta nekea pilatzen badoaz ere, oraindik azken igoera gelditzen zaigu. Hara artekoa bide eramangarria da, udazkeneko kolorez hornitua. Atzean ikusten ditugu igaro berri dugun Esteben borda inguruko belardiak edota lehentxeago igotako Artzamendi tontorra, bere antena eta radarrengatik nabarmentzen dena. Mondarrain mendira inguratzen ari gara; azken aldapa falta zaigu.
Talde nagusia Mondarrainen
Azken aldapa pikoa gainditu eta heldu gara gaurko bigarren tontor nagusira: Mondarrain (749 m). Han eskaladan ari ziren mendizaletako batek atera du haraino igotako talde osoaren argazkia. Igoera baino gogorragoa da, agian, jaitsiera; gu jaitsi garen bidetik bai, behinik behin. Itsasura bidean, egoera kaxkarrean dagoen pilotaleku batetik eta Atharri lepotik igaro gara; gero, berriz, piper sailak eta Itsasuko San Fruktuoso eliza dotorea ikusi ditugu ibilaldia amaitu baino lehen.
Bigarren taldea Errolanen pasabidean
Talde nagusiak Bidarrai eta Itsasu arteko ibilaldia egin duen bitartean, bigarren taldea Itsasutik Mondarrain mendira igo da. Joanekoan Atharriko lepotik eta tontorretik igaro dira, eta itzulerakoan, berriz, Errolanen pasabidetik. Hauek izan dute, bai, Itsasuko San Fruktuoso elizaren barrualde dotorea ikusteko aukera. Hamalau kilometro pasatxoko ibilaldia egin dute, bost ordu eta erdira iritsi gabe. Ez dira, ez, geldi egon.
Talde osoa Itsasun. Atzean Txistulari jatetxea
Eta amaitu dutenean bazkaltzeko mahaiak prestatu dituzte, talde nagusia iritsi denean denok batera bazkaldu ahal izateko. Itsasuko Txistulari hotel eta jatetxean (Usandisaga familia; Errobi errepidea. 05 59 29 75 09; www.txistulari.fr) bazkaldu dugu. Giro paregabean bazkaldu ere, bideko nekeak ahazteko. Eta jatetxeko zerbitzuaz zer esan; bikaina izan dela, ez zaigula ezertxo ere falta izan. Taxilari lanak ere musu-truk egin dizkigu hango arduradunak. Zoragarri portatu dira.
Eta iparraldeko ibilaldiei amaiera ona emateko, hara joandako guztien argazki dotore hau atera du gure gidari jator eta trebeak. Eskerrik asko!!!
Bideo
Estekak/Enlaces