(2025-05-21ean, asteazkena)
Gaur asteazkena, maiatzak 21, goizeko 6:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Bera herrira joan gara 46 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Baiona eta Donostia arteko 3. zeharkaldia egitera. Goizeko 7:45ak aldera Bera herriko San Migel zubiaren ingurutik abiatu gara, primerako eguraldiaz eta paisaiaz gozatuz.
Lehenengo, IL/GR-11ari jarraituz eta pixkanaka igotzen, Meakako gainera iritsi gara. Gero, desbideratu eta Agiñara joan gara. Han, Jorge Oteizak Aita Donostiari egindako eskultura eta Luis Valletek eraikitako kapera txiki bat ikusi ditugu. Mikel Laboaren errautsak ere hantxe zabaldu omen zituzten. Aurrera segi eta Bidango gaina zapaldu dugu; jarraian, lehenbizi Galtzarrietara eta handik gutxira Bianditzera joan gara. Azkenean, Errengako magaletik jaisten hasi eta Arritxulo aterpetxearen ondoan amaitu dugu ibilaldia 14:00ak aldera.
Ibilbidea eta denborak :
Bera (38 m), IL/GR-11 (35 m; 0,20 km; 0:05), Gaineko Zelaia (354 m; 2,9 km; 0:55), Meakako gaina (360 m; 3,6 km; 1:05), IL/GR-11 utzi (352 m; 4,6 km; 1:20), Zalaburu (418 m; 5,8 km; 1:35), IM/PR-17 (447 m; 6,1 km; 1:40), Agiña (551 m; 7,8 km; 2:30), Jorge Oteizak Aita Donostiari egindako eskultura (558 m;, 8,5 km; 2:40), IM/PR-11 (491 m; 10,1 km; 3:10), Bidango gaina (830 m; 12 km; 3:50), Galtzarrieta (819 m; 13,4 km; 4:15), Bianditz (840 m; 13,9 km; 4:30), Arrizkoetxolagaña (830 m; 14,2 km; 4:35), Exkaxburu (813 m; 14,8 km; 4:45), Irupagoeta (624 m; 18,6 km; 5:50) eta Arritxulo aterpetxea (425 m; 20 km; 6:15).
Desnibel metatua: igoeratan: 1.033 m; jaitsieratan: 653 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Bidasoa zeharkatzeko zubia Beran
Pio Baroja idazlea bizi izan zen herritik abiatu gara Zazpi Euskal Hiriburuetako ibilaldi honetan. Hasi eta berehala Bidasoa gaineko San Migel zubi dotorea ikusi dugu, baina gaurkoan ez dugu zeharkatu. Berako etxe dotoreen artean behetik gora egin ditugu lehenengo metroak herria geroz eta beherago utziz. Hasierako bide asfaltatuak gaindituta, mendiko bidean jarraitu dugu goizeko nagiak uxatzen.
Lainopean
Eguraldi freskoa dugu eta lainopean egin ditugu Beratik irten ondorengo kilometroak. Poliki-poliki, ordea, eguzkia ere hasi da mendialdea argitzen eta lainoek ezkutatzen zutena ikusten hasi gara, besteak beste, ibilaldi amaiera arte begi bistan izango dugun Aiako Harriko tontorrak. Bidean goazela, nola ez, putzuak izan ditugu, baina inolako zailtasunik gabe saihestu ahal izan ditugu. Gaurkoan lokatz handirik bildu gabe etxeratu gara.
Mendizaleei begira
Goizeko lainoak behean utzita, eguzkitan ederki ibili gara goialde hauetan, ikusle berezi eta guzti. Agiñara hurbiltzen ari gara, non Aritxulegin bezala, erregimen frankistak presoak gatibu gisa erabili zituen errepidea eraikitzeko, zegozkien giza eskubide guztiak urratuz eta egoera latzetan lanera behartuz. Ugariak izan ziren fusilatuak eta gaixotasunez hildakoak.
Agiñan, Aita Donostiaren omenez
Agiñako mendatetik gertu Aita Donostiaren omenezko kapera bitxi bat eta Jorge Oteizaren eskultura bat daude. Han, taldekide batek, Bernardo Atxagak leku hartan esandakoa aipatu digu. Duela urte asko, Mikel Laboak, Joxean Artzek eta lagun talde batek hara joatea erabaki zuten hango giroaz gozatzera. Hara heltzean, ordea, lainoz estalita aurkitu zuten dena eta haren eraginez sortu zuen Joxean Artzek “Maite ditut maite gure bazterrak” poema, gero Mikel Laboak musikatu zuena, lanbroak ezkutatzen zuen paisaia bere barnean nola ikusten zuen adieraziz.
Paisaia edertzen duten zuhaitzak
Gure barruan pizten diren bazterrak ez ezik, gure ingurukoak ere zinez miresgarriak dira. Gainalde hauetan, bestalde, ugari dira historiaurreko monumentuak: mairu-baratzeak, harrespilak, zutarriak (Bidango mendiko hau, esate baterako). Mairu-baratze horietako bat irudikatu nahi omen du lehen aipatutako Jorge Oteizaren eskulturak (zutik jarritako mairu-baratzea, hain zuzen). Inguru hauetako hilobi hauek guztiek, hemen heriotza bakarrik ez, bizia ere bazegoela adierazten digute.
Zeruan bezala lurrean ere
Gure inguruan eta urrunean ikusten ditugunak miretsiz gabiltza gain hauetan. Ezker-eskuin, ipar ala hego, ekialdean nahiz mendebaldean, ikuspegi zabal bezain ederra dago. Eta mendiak bakarrik ez, kostaldea ere ageri zaigu ortzi-mugan; eta kostalde horretan, besteak beste, Donostia, Pasaia aldea edota Txingudiko badia. Leku gutxi izango dira hain aproposak taldearen argazkia ateratzeko.
Bianditz mendian
Gainez gain gabiltza (Bidango, Galtzarrieta, Bianditz), oso zoru gozoarekin. Alfonbra berdearen gainean gabiltzala ematen du. Eguraldia ere lagun dugu, gure gozamena areagotuz. Hurrengo etapako hasierako gunea ikusi ondoren, Arritxulorako bidea hartzeko unea iritsi zaigu. Tartean Errengako mairu-baratzearen eta Irupagoeta tontorraren ingurutik igaro gara. Aritxulegiko mendatean, berriz, Irungo ikasle gazte batzuk topatu ditugu harriak txikitzen, “diamanteen bila” esan digutenez.
Arritxulo aterpea
Aiako Harriko tontortzarrak (Erroilbide, Txurrumurru edota Irumugarrieta) aurrez aurre ditugula, Aritxulegi mendatea atzean utzi eta gaurko helmugara heldu gara: Arritxulo aterpetxera (943 58 00 10). Gu iristerako zain ditugu Aterpetxe inguruan ibilaldi laburragoa egin duten kideak. Autobusa ere bertan dagoenez, hantxe aldatu eta aterpetxeko jantokira joan gara bazkaltzera. Urte osoan zabalik dagoen aterpetxean eskola-umeak daude, horretarako aukera ere eskaintzen baitu. Leku atsegin eta dotorea da, eta oso giro onean bazkaldu dugu bertan Goierrira itzuli aurretik.
Bideoa
Estekak/Enlaces