(2025-08-26an, asteartea)
Goizeko 7etan gosaldu ondoren, 8etan irten gara autobusez La Farrapona mendate gainera.
Somiedoko portua pasatu ondoren, Pola de Somiedo herria igaro eta hartu dugu La Farrapona aldera Salienza herritik zehar.
Oinez asterako 9:30 baziren eta gainera traba batzuk izan ditugu, La Cueva laku inguruan pelikula bat filmatzen ari zirelako (Juegos del Hambre seriekoak). Horregatik ezin izan dugu pentsatuta genuen track osoa egin. Eguraldi garbi eta ederraz gozatuz, La Cueva lakua ezkerretik pasa eta gorantz hartu dugu. Aurrera zeharkaldi bat egin ondoren, Calabazosa mendi azpiko Congosto lepotik igo gara gaurko tontorrera. Beherakoan, Calabazosa laku albotik berriz ere La Cueva lakura eta hortik mendate gainera, gaurkoari amaiera emanez.
Mendatearen alboan karpa muntatu eta ederki egon gara lagunarte ederrean. Itzulera mendatearen beste aldetik eginez bukatu dugu gaurkoa, Torrestio eta Torrebarrio herriak pasata.
Ibilbidea eta denborak:
La Farrapona gaina (hasiera)(1.708 m), Forcadako muinoa (1.794 m; 2,8 km; 1:05), Congosto lepoa (1.976 m; 5,1 km; 2:15), Calabazosa gaina (2.104 m; 5,5 km; 2:35), Cualmarce lepoa (1.890 m; 6,4 km; 3:08), Calabazosa lakuaren alboan (1.691 m; 8,4 km; 3:45), La Farrapona (bukaera) (1.708.m; 11,7.km; 4:40).
Desnibel metatua: Igoeratan: 746 m; jaitsieratan: 743 m.
La Farrapona - La Cueva aintzira (Ibilaldi motza)
Taldea, Villablinotik 8retan atera da eta autobusean La Farrapona (1816 m) lepora joan gara. Zortzi lagun, 09:30ean "La Cueva" lakuari buelta ematera abiatu gara. Han gertu zegoen De la Cueva meategian ere izan gara. Ondoren lakuaren inguruan beste buelta bat eman dugu eta "Juegos del hambre" pelikula filmatzen ari zirenak geldi arazi gaituzte, "Palloza" deritzan artzain txabola baten inguruan grabaketa bukatu arte. La Farraponan, taldea nagusiari 1:30 ordu itxaron ondoren bertan bazkaldu dugu.
Luzera: 5,2 km
Mapa
Profila
Aireko bista
Sutea Villablinora bidean
Abuztuko azken astelehen honetan, Leongo Villablino herrirako bidea hartu du GMB taldeak. Hasiera batean bezperan, igandean, joateko asmoa zegoen, baina inguruan ziren suteak zirela eta, egun batez atzeratu da irteera. Palentziako Moratinos herriko Bodegas El Castillo (Bodegas kalea, 1. Tel.: 979 06 14 67) jatetxean ederki bazkaldu ostean, 35 lagun argazkiko sutearen lekuko izan gara Villablinorako bidean. Helikoptero bat baino gehiago ere ikusi dugu sua itzaltzeko lanetan.
La Farraponako begiratokian
Villablinon lehen gaua igarota, asteartean Asturiasko Somiedo parke naturalera joan gara. Bide nahiko estu, aldapatsu eta bihurritua izan dugu La Farrapona mendatera heldu aurretik. 35 mendizaleok elkarrekin abiatu gara gain hartatik eguraldi eguzkitsuarekin eta talde osoaren argazkia egin dugu hango begiratokian taldea bitan banatu baino lehen. Oso leku ederrean dagoen begiratokiak inguru hartako ikuspegi bikaina eskaintzen du.
Etxola teito-dunaren inguruan
Somiedon, mendiez gain, aintzirak ere ikusgarriak dira. Lehenengora iristean aurreikusitako plana aldatu beharrean izan gara. Los Juegos del Hambre filmaren atal berri bat filmatzen ari dira eta, ondorioz, eragotzi egin digute La Cueva aintziraren eskuinaldetik igaro eta garai bateko Santa Rita meategiko aztarnetara joatea. Beraz, aipatutako aintziraren eta ondoan dagoen etxola teito-dunaren ezkerraldetik jo dugu mendialdera.
La Cueva aintziratik gora
Teito hitzak zuntz begetalez egindako teilatua adierazten du Asturias eta Leongo hizkeran. Somiedo inguruan gehiago ere badaude, denak mendiko larreetako etxola edo bordetan. Txabola haren ondotik igaro ondoren, mendian gora egin dugu eta talde nagusiaren argazki dotore hau egin dugu behean La Cueva aintzira dugula eta inguruan mendi erraldoiak. Aintziraren inguruan suma daiteke filmerako erabiltzen ari diren parafernaliaren lagin bat.
Peña Calabazosa tontorrera igotzen
Somiedon Salienciako aintzirak dira sonatuak, baina mendiak ere badaude argazkian ikus daitekeenez, mendi dotoreak alajaina. 2.000 metro inguruko garaieran gabiltza, mendi guztiak guretzat ditugula, eguraldi eguzkitsuarekin eta oso bide egokian. Dagoeneko hamaiketakoa egin dugunez, kementsu goaz Congostoko lepotik gora tontorrerantz.
Tontor-tontorrean
Mendiak nekea eragiten du, baina honelako sariak ere eskaintzen ditu. Peña Calabazosa mendiaren gailurrean gaude (2.104 m), inguru zoragarriaz gozatzen. Besteak beste, biharamuneko Peña Orniz ere ikusten da gain honetatik. Eguneko punturik garaienera igo ostean, beherako bideari ekiteko tenorea iritsi zaigu, baina pozik heldu diogu berriro gure lanari.
Calabazosa aintzira; atzerago Cerveriz aintzira
Goitik beherakoa, gutxi gorabehera, behetik gorakoa egin behar genuen bidetik egin dugu. Salienciako beste bi aintzira topatu ditugu, jatorri glaziarrekoak hauek ere: mendi-tontorra bezala Calabazosa izenekoa bata, denetan handiena; eta Cerveriz, bestea, txikiagoa. Beherako bidean jarraituz, gorakoan igarotakoaren ondotik goazela (La Cueva aintzira), filmatze lanetan ari zirenek geldiarazi gaituzte, eta haiek esandakoan bakarrik jarraitu ahal izan dugu hasierako La Farraponako mendaterantz.
B taldekoak Santa Rita meategiaren ondoan
B taldeko kideak, hasieran, talde nagusiarekin batera joan dira La Cueva aintzira arte. Han, jatorri glaziarreko laku hura inguratu eta garai bateko Santa Rita meategiak egon ziren lekura hurbildu dira. Burdina ateratzen zuten meategi hauetatik eta alor horretako azken meategiak izan ziren Asturiasen. Handik itzultzean, hauek ere geldiarazi dituzte une hartako grabaketak bukatu arte. Gero, berriz, talde nagusiaren zain egon behar izan dute La Farrapona mendatean.
Bazkaltzen lagunarte ederrean
La Farrapona mendatean elkartu gara mendizale guztiak eta zertxobait txukundu ostean elkarrekin bazkaldu dugu oso giro onean. Goierritik eramandako mahaiak eta karpak ipini, haraino eramandako edari eta janariak atera eta laster ekin diogu haiek jan eta edateari. Urdaiazpikoa, sardinak, meloiak, sagardoa edota ardoa ederki sartu zaizkigu goizeko nekeak arintzeko. Inguruan zebiltzan beste mendizale batzuk ere hurbildu zaizkigu eta giro ezin hobea sortu dugu denon artean. Eguraldiak ere lagundu digu horretan.
Villablinoko Lacianart arte museoa
Bazkaldu eta gero, traste guztiak txukun-txukun jaso eta Villablinora itzuli gara. Hango Francisco Giner de los Rios ostatuan egon gara hurrengo bost egunetan, oso ondo egon ere. Lo-lekua izateaz gain, gosariak eta afariak ere hantxe egin ditugu. Eta ostatuaren ondoan, berriz, herriko arte museoa dago, Lacianart izenekoa; oso museo interesgarria Villablinoko eta bailarako historia eta ohiturak ezagutzeko. Bakarka nahiz taldean bisitatzeko aukera izan dugu astean zehar.
Bideoa
Estekak/Enlaces