(2024-09-25ean, asteazkena)
Irailak 25, asteazkena. Santoñako zezen-plazaraino eraman gaitu autobusak eta handik abiatu gara eguraldi ederrarekin. Itsasertzak eta hondartzak izan dira nagusi gaurkoan. El Duesoko espetxe sonatuaren ondotik ere igaro gara. Bost ordu pasatxoko ibilaldiaren ondoren, Nojako gure hotelean (Pineda hotela) amaitu dugu zeharkaldia, txangoaldi honetako bigarrena.
Ibilbidea eta denborak:
Santoñako zezen-plaza (3 m), San Martingo gotorlekua (15 m; 1,2 km; 0:15), 1. begiratokia (190 m; 3,1 km; 0:56), 2. begiratokia (232 m; 3,7 km; 1:09), Itsasargirako bidegurutzea (193 m; 4,2 km; 1:16), Arrantzalearen itsasargia (28 m; 5,8 km; 1:52), Aguila-ko bateria (100 m; 7 km; 2:19), El Duesoko espetxea (45 m; 7,9 km; 2:30), Playa de Berria kanpina (8 m; 8,8 km; 2:48), El Brusco lurmuturra (81 m; 10,8 km; 3:25), Helgueras auzoa (3 m; 13,6 km; 4:15), Futbol-zelaia eta kirol-pista (4 m; 14,2 km; 4:23), Punta de la mesa itsasartea (8 m; 16,3 km; 4:51), Gerra zibileko kanoia eta bolborategia (14 m; 16,7 km; 4:57), Nojako betaurreko erraldoiak (begiratokia)(4 m; 17,3 km; 5:06), Noja (11 m; 17,7 km; 5:11).
Desnibel metatua: igoeratan: 448 m; jaitsieratan: 439 m.
Bigarren taldeak Nojatik Islara arteko joan-etorria egin du gaurkoan.
Aireko bista
Mapa
Profila
Santoñatik abiatzen
Santoñako zezen-plazatik abiatuta ekin diogu eguraldi ederrarekin Santoña eta Noja arteko ibilaldiari. Itsas pasealekutik bezperan abiapuntu izan genuen Laredo herria eta igo genituen Solpico eta Candina mendiak ikusi ditugu.
Santoñako itsas pasealekuan
Pasealekuan goazela zenbait monumenturen ingurutik igaro gara, eta San Martingo gotorlekuaren ondotik, berriz, mendi aldera jo dugu. Bide eta baso ederrak daude han eta begiratokiak ere bai begiak eta zentzumenak gozatzeko.
Itsasertzeko basoan
Bide honetan itsasargi batera edo Buciero mendi tontorrera joateko aukera badago, baina gu ez gara ez batera jaitsi, ezta bestera igo ere. Aurreraxeago itsasargi bat ikusteko aukera izan dugu.
Talde nagusia Berria hondartzan
Itsasertzak eta hondartzak izan dira nagusi oraingoan. El Duesoko espetxe sonatuaren ondotik igaro eta laster hondartza horietako bat zapaldu dugu: izen euskalduna duen Berria hondartza.
Berriako hondartzan aurrera
Kilometro eta erdi baino gehiagoko luzera duen hondartza honetan jende gutxi dago gaurkoan, gu gara multzorik handiena. Hondartzarako ez dago giro txarra, baina ibiltzeko hobea eta bixi-bixi aurrera jarraitu dugu.
El Brusco lurmuturretik Helguerasko hondartzara
Jarraian El Brusco izeneko lurmuturrera igo gara. Bide estua eta nahiko itxia gorakoan nahiz beherakoan. Poliki-poliki hura gainditu eta hurrengo hondartzara jaitsi gara. Helguerasko hondartzara, hain zuzen.
Nojako zubi erromatarra zeharkatzen
Nojako Helgueras auzoan Erdi Aroko zubi “erromatar” bat dago, bost begi dituena, baina erdi-erdikoa eta honen albokoak bakarrik ikusten dira. Urak dituen gorabeheren ondorioz muturretako bi txikiak ez dira ikusten.
Nojako Betaurreko Erraldoien begiratokian
Bost ordu pasatxoko ibilaldiaren ondoren, Nojako gure hoteletik (Pineda hotela) gertu, ingurune txundigarrian, taldearen argazki berri bat egin dugu, egitura metalikoa duten betaurreko erraldoien ondoan. Hain handiak dira, denok kabitu garela. Begiratu bestela.
Bideoa
Estekak