Santinazioko lepoa - Ibardin
(2025-04-29an, asteartea)
Gaur asteartea, apirilak 29, goizeko 6:30etan Goierrin elkartu eta autobusez Lapurdira joan gara 56 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Baiona eta Donostia arteko 2. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:10ak aldera, eguraldi eguzkitsu bikainarekin abiatu gara mendian gora Santinazioko lepotik. Poliki-poliki, Larhun mendira igo gara lehenbizi eta jarraian, hamaiketakoa egin ostean, Larhunttikira. Sugizeaga tontorraren ingurutik goitik beherako bidea hartu eta Deskargako lepora jaitsi gara lehenik eta Intzolako errekaraino gero. Handik Erentzazura igo eta, eragozpen batzuk tarteko, Ibardingo lepoan amaitu dugu ibilaldia.
Ibilbidea eta denborak:
Santinazioko lepoa (124 m), IL/GR 10 (544 m; 2,10 km; 0:53), Iturriederretako zelaia (526 m; 3,0 km; 1:11), Errepausuko lepoa (576 m; 3,7 km; 1:22), Larhun (906 m; 5,2 km; 2:05), Zizkuitzako lepoa (679 m; 6,7 km; 2:30), Larhunttiki (693 m; 7,4 km; 3:00), Sugizeagako inguruak (537 m; 8,4 km; 3:18), Deskargako lepoa( 279 m;, 9,2 km; 3:40), Intzolako zubia (145 m; 10,4 km; 4:06), Erleen lepoa (126 m; 11,2 km; 4:12), Mokoa (232 m; 12,2 km; 4:46), Erentzazu (371 m; 13,4 km; 5:10), Ibardin (320 m; 14,21 km; 5:54),
Desnibel metatua: igoeratan: 1.017 m; jaitsieratan: 878 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Mekanismo eragilea
Aste Santuko oporraldia amaitu eta berriro heldu diegu Zazpi Euskal Hiriburuetako ibilaldiei. Santinazioko lepoan bi taldetan banatu da tropel nagusia. Talde txikikoek, tamalez, ez dute hango trena hartu eta Larhun mendira igotzerik izan, hasieran nahi zuten bezala. Talde handikook, berriz, eguraldi bikainarekin ekin diogu igoerari eta, trenbide ingurutik igarotzean, garai batean trena mugiarazteko erabiltzen zen mekanismoarekin egin dugu topo. Guk, ordea, gure mekanismoak martxan jarri eta aldapan gora jarraitu dugu.
Paraje ederretan
Trenbidea utzi eta Larhun mendirantz jarraitu dugu. Eguraldia ez ezik, inguruak ere dotoreak dira. Lehenbiziko aldapa gogorra amaitzean, atsedenalditxo bat egiten du bideak eta hala inguratu gara Iturriederretako zelaira. Euskaltzaindiak ikerlari baten proposamena dela aipatuz jasotako izena da hori (Iturriederretako zelaia), baina han dagoen kartel batean jartzen duenez Iturriadarretako zelaia izan behar omen luke, ordoki hartan hainbat iturri ateratzen direlako beren bidea (adarra) eginik. Biek ere nahiko egokiak dirudite.
Itsasoa ere begi bistan
Aldapan gora jarraitzen dugu, aldapa gogorrean gora. Behean gelditu dira aurreko argazkiko zaldiak eta are beherago itsasoa, itsasbazterrak eta kostaldeko nahiz barruagoko herriak, horien artean Donibane Lohizune edota Azkaine. Taldea ere luzatu egin da, ehuneko handiak dituzten maldak baitaude inguru hauetan. Sigi-saga goaz Larhungo trenaren bidexka erabiliz. Bidexka honetan 736 metroko desnibela gainditzen da 5 bat kilometrotan. Ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula.
Larhungo trenbidean gora
Poliki-poliki gainditu dugu gaurko igoera gogorrena. Trenbide ondotik goaz orain eta eskura ditugu tontorreko antena, tren-geltoki eta gainerako eraikinak: horien artean Eugenia de Montijo enperatrizari eskainitako monumentua. Jende andana dago hemen goian, baina bakana batzuk besterik ez, gu bezala oinez igo direnak. Ikusi ditugu mendian behera korrika abiatu direnak ere. Gehienak heldu berri den trenean igo dira, baina gureak falta dira. Lastima!
Larhun mendia
Larhun atzean utzi eta beherantz goazela igotzen ari ziren mendizaleak gurutzatu ditugu. Larhunttikitik ateratako argazki honetan, Larhun mendiaz gain, Zizkuitza mendiaren tontorra ere ikus daiteke. Hango lepoan egin dugu gaurko hamaiketakoa eta han ikusi nahi genituen Maurice Abeberryren omenezko harri iratzartuak, baina gero konturatu gara gure bidetik kanpo zeudela eta, beraz, beste baterako utzi beharko ditugu.
Larhunttiki mendian
Larhundik Larhunttikira. 900 metroko garaiera duen mendian ere egin dugu mendizaleon argazkia (ikusi Argazkiak atalean), baina oraingoan behealdeko ikuspegia atzean dugula ageri gara. Harri pila bitxia du Larhunttikik gailurrean eta haren inguruan gaude denok dotore eguzkialdera begira. Baretu da Larhun mendiko haize zakar eta hotza, eta ibilgiroa ere hobetu egin zaigu.
Larhunttikitik behera abiatzen
Oraindik bide luzea gelditzen zaigu amaieraraino eta taldearen argazkia eta beste hamaika argazki atera orduko Larhunttikitik behera abiatu gara. Lehen gorantz egindako metroak orain beherantz egin behar ditugu eta hain malda handirik ez izan arren, jaitsiera nahiko pikoak daude, eta Larhunttikitik beherakoa ere antzekoa da. Arreta handiaz goaz, bada, mendian behera.
Sugizeaga mendira bidean
Larhunttikitik Sugizeaga mendirantz jo dugu. Han bidean behera jarraitu dugu Deskargako leporaino lehenbizi eta Intzolako errekako zubiraino hurrena. Hango kartel batean dioenez, Muga bat ba omen dago, baina nun?, mugarri bat baino gehiago topatu baititugu bidean. Hala ere,
Iparralde nahiz hegoalde,
Euskal Herrian gaude.
Goitik beherako bideak amaituta, tarte batean aipatutako erreka ondotik ibili gara, berriro maldan gora hasi garen arte. Erleen lepora igo eta handik Erentzazura joan gara, bidean garai bateko lanbideen xehetasunak eta aztarnak ikusiz. Ibardinera inguratzen ari garela, eragozpen batzuk izan eta hantxe amaitu behar izan dugu gaurko ibilaldi polita, gero Irungo Faisan tabernan bazkalduz biribildu duguna.
Bideoa
Estekak/Enlaces