Egitasmoaren justifikazioa

Zer dio CURRICULUMAK?

Nafarroako Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko Curriculum ofizialetan (67/2022 FORU DEKRETUA,  71/2022 FORU DEKRETUA, eta 72/2022 FORU DEKRETUA) Literatura hezkuntza oinarrizko jakintzen artean dago (C atala), eta  7. eta 8. konpetentzia espezifikoak literatura irakurketari buruzkoak dira.

Eta zein dira literaturan hezteko erabili beharreko testuak?

Lehen Hezkuntzako Curriculumean, hau da 8. konpetentzia espezifikoa: 

Ikasleen garapen-mailarako egokiak diren literatura lanak edo pasarteak irakaslearen laguntzaz irakurri, interpretatu eta aztertzea, haien arteko erlazioak ezarriz eta literatura generoa eta haren funtsezko konbentzioak identifikatuz, literatura arte-adierazpen gisa hartzen hasteko, bai eta plazer, ezagutza eta literatura asmoko testuak sortzeko inspirazio iturri gisa ere.

DBHKo curriculumean, honakoa:

Euskal literaturaren eta literatura unibertsalaren lanak edo literatur zatiak irakurri, interpretatu eta baloratzea, metahizkuntza espezifikoa erabiliz eta esperientzia biografikoaz nahiz literaturaren eta kulturaren ezagutzez baliatuz loturak finkatzeko askotariko testuen artean eta beste arte adierazpen batzuekin, helburua izanik mapa kultural bat eratzea, literaturaz gozatzeko aukerak zabaltzea eta literatura asmoko testuak sortzea.

Eta Batxilergoan, hauxe:

Euskal literaturako obra gailenak irakurri, interpretatu eta baloratzea, metahizkuntza espezifikoa erabiliz eta esperientzia biografikoaz nahiz literaturaren eta kulturaren ezagutzez baliatuz loturak finkatzeko askotariko testuen artean, helburua izanik mapa kultural bat eratzea, literaturaz gozatzeko aukerak zabaltzea eta literatura-asmoko testuak sortzea.


Bi hitzetan, curriculumak ondokoa proposatzen du:

1. Genero askotariko obrak irakurtzea, ulertzea eta interpretatzea, kontuan hartuz betiere ikasleen interesguneak eta heldutasun kognitiboa.

2. Hezkuntza literarioaren lanketa, oro har, obra eta testu-zati esanguratsuen bidez egitea.

3. Euskal literaturaren obra esanguratsuenen oinarrizko ezagutza ematen duten testu literarioen eta obra osoen irakurketa egitea.

EGITASMOAREN HELBURUAK 

1. Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleen literatur gaitasuna lantzeko ezinbestekoak ikusten diren literatur genero askotariko euskarazko literatur lanen corpus zabal eta malgua osatzea.

2. Irakasleei baliabideak eskaintzea, hezkuntza literarioa gelan lantzeko hainbat proposamen eskainiz.

ASMO NAGUSIA

Ahots asko dira esaten dutenak eskolarako kanon berezituaren beharra dagoela. Kanon horretan klasikoak leudeke, baina klasikoekin batera Gazte Literaturako kalitate handiko lanek ere eduki behar dute bere tokia, nahiz eta ez diren klasikotasun horretara ailegatu. Honen harira, eskolako literatur kanonak irizpide hauei jarraituz egina izan behar luke:

Eskolako kanonak ikasleen hezkuntza literarioa garatzeko gaitasuna duten obrarik esanguratsuenek osatua beharko luke. Hauek irakurleari halako erronka bat, baina ez oztopo, eskatzen dioten obrak lirateke: klasikoak — euskal literaturakoak eta literatura unibertsalekoak— eta gazte literaturako obrarik esanguratsuenak. 

Eskolako kanon horretako obrak zehaztea eta haien gaineko lanketa egiteko proposamenak eskaintzea izango da proiektu honen asmo nagusia.

EMANDAKO URRATSAK

Egitasmoa gauzatzeko, eskarmentu handiko hainbat idazle, irakasle eta kritikariren aholkularitza izan dugu lagun. Haien lana adin-tarte batentzako (6-8 urte, 8-10 urte, 10-12 urte, 12-14 urte, 14-16 urte eta 16-18 urte) obra batzuen aukeraketa egitea izan da. Horretaz gain, partaideetako batzuek obra batzuen lanketarako proposamen-didaktikoak ere diseinatu eta ikastaro batean aurkeztu dituzte. 

Material hauek guztiek, bai Lehen Hezkuntzakoek bai Bigarren Hezkuntzakoek,  ikasleen parte-hartzea, talde-lana eta sormena bultzatzen dituzten jarduerak proposatzen dituzte; eta hauek irakurri aurretik, irakurri bitartean eta irakurri ondorengo uneetan egiteko diseinatu dira.

ETORKIZUNERAKO ASMOAK

Eskolako literatur kanonak corpus zabal, malgua, genero, korronte eta joera askotarikoa hartu beharko lukeelakoan gaude. Hori dela eta, ezinbestekoa ikusten dugu kanon hori iritzi eta ikuspegi anitz eta desberdinen ekarpenez elikatzen segitzea. Halaber, irakasleentzako materiala sortzen jarraitzea ere oso beharrezkoa ikusten dugu, horretan baitago hutsunerik eta premiarik handiena. Beraz, hurrengo urteetan corpus hori zabaltzen eta osatzen joatea zein materiala sortzea izango ditugu jomuga.