- TUTORETZA SAIOAK

Edozein hezkuntza-jardueratan bezala, programaren arrakastak lotura estua du protagonisten artean pitz dezakeen gogoarekin. Alde horretatik, funtsezkoa da inplikatutako irakasleek eta eskola osoak pentsatzea Bikoteka Irakurtzen aukera ona dela aniztasuna modu positiboan biziarazteko. Ikasleek desberdinak direlako -jakina, nork bere mailan dakite irakurtzen- ikasi ahal izango dute. Berdinen arteko tutoretzari esker, ikasleek eta eskola-komunitateak aukera dute ikusteko aniztasuna, arazo izan beharrean, zeregin pedagogikorako elementu positibo gisa planteatzen dela.


Bikoteak egitea

Kasuren batean bikoteak aurretiazko prestakuntzan eratzea komeni badaiteke ere —horretaz geroago ariko gara-, gehienetan irakasleek berek eratuko dituzte ikasle-bikoteak, programa gauzatzeko lehen urrats moduan. Bikoteak egiteko irizpideek eskolaren testuingurura egokituta egon behar dute; hala ere, irizpide batzuk aipatuko ditugu, baliagarriak izan baitaitezke urrats hau ahalik eta errazena izateko.Adin edo maila desberdinetako ikasleak erabiliko dituen berdinen arteko tutoretza-molde bat aukeratzen badugu (cross age tutoring), egokia izan daiteke gogoraraztea aztertutako ikerketek gomendatzen dutela tutorearen eta tutoratuaren arteko ezagueretan edo gaitasunetan dagoen aldeak ez duela handiegia izan behar; izan ere, bestela, baliteke tutore diharduen ikaslea aspertzea. Garrantzi handiagoa ematen zaio trebetasunetan dagoen aldeari, adinean edo generoan dagoenari baino. Alde horretatik, gure esperientzian oinarrituta, esan genezake, maila desberdineko ikasle-bikoteak hautatuz gero, tutoreek gehienez ere bi maila goragokoak izan behar dutela.



Tutoretza-saio bakoitzeko jarduerak

Ikasleen aurretiazko prestakuntza-saioak egin ondoren, berdinen arteko tutoretza-saioak hasten dira. Beste zerbait erabaki daitekeen arren, Bikoteka Irakurtzen programan astero hogeita hamar minutuko bi saio egin ohi dira hiru hilabetez. Saio horietan bikoteak eíkarren ondoan esertzen dira. Komeni da tutorea tutoratuaren ezkerrean jartzea (hura ezkerra izan ezean), idatzizko jarduerak errazago kontrolatzeko. Bikoteek elkarri ahalik eta traba txikiena egiteko, batez ere irakurketa ozen egiten denean, komeni da bikotekideak elkarrengandik ahalik hurbilena egotea; hórrela, gutxi goratuko dute ahotsa.




Saioaren hasieran, irakasleak jarduera-orria banatuko du (irakurriaren ulermen-jarduerak egiteko baliatzen den testu laburra). Jarduera-orria tutoratutako ikasleen artean banatu ohi da, tutoreei aurreko saioan ematen baitzaie, presta dezaten. Batzuetan, arazo gehien duten tutoreen kasuan, erantzunen ereduak ere eman diezazkiekegu.Lehenengo hamabost minutuetan jarduera irakurketaren inguruan garatzen da. Hasieran, bikoteari eskatzen zaio aurrean daukan testuaren ezaugarriak asmatzen ahalegintzeko (formatua, izenburua, egitura, jatorria eta abar); edukiari buruzko hipótesi edo iragarpen bat idazteko, eta pentsatzeko zer dakien edukiaz eta zer ez (aurki ditzakeen arazoak aurrez esanez). Hortaz, bikoteak gaiaz lehendik dakiena aktibatu behar du.


Aurreneko saioetan -edo lantzen den testua oso konplexua denean-, eta horregatik adierazi dugu hori parentesi artean, irakasleak edo tutoreak testuaren lehen irakurketa egin dezake, eredu moduan jardunez. Ondoren, ikasle biek ozen irakurtzen dute testua, tutoreak abiadura, ahoskera eta intonazioa markatzen dituelarik. Gero, ikasle tutoratuak irakurtzen du, eta tutoreak PPP metodoa aplikatzen du (Pause, Prompt & Praise); guk horiek honela itzuli ditugu: Pausa, Pista eta Ponderazioa edo GPS (Gelditu, Pista, Saria). Binakako irakurketa-teknika honetan (Whendall eta Colmar, 1990), tutoratuari zer hutsegite egin duen esaten zaio, eta segundo batzuk itxaroten dira, hutsegitea zuzen dezan; ez badu zuzentzen, pista bat ematen zaio -edo batzuk-; bestela, azkenean, aukera zuzena jakinarazten zaio. Beti tutorearen gizarte-errefortzu positibo batez amaitzen da:babes-esaldi bat edo animo-keinu bat. Metodoa erraza da, baina ziurtatu behar da tutoreak behar adina denbora ematen diola tutoratuari, horrek bere kabuz aurki dezan erantzun zuzena. Saio batzuetan, ikasle tutoratuaren irakurketaren audio-grabazioa egin daiteke, zer bilakaera duen ikusteko.

Hurrengo hamabost minutuetan, testuaren ulerkuntzari erreparatzen zaio. Hasierako hipotesia bete den ala ez aztertu ondoren, tutoreak hitz ezezagunen esanahia aurkitzen (askotan testuinguruko informazioaren bidez) laguntzen du (hitzok tutoreak berak prestatu ditu, hiztegia ere erabiliz, behar izanez gero); ideia nagusiak seinalatzen dira, eta ulertu den ikusteko galdera batzuei erantzuten zaie (galderak hainbat zailtasun-maiíatakoak dira). Batzuetan, aski da berreskuratzea testuan argi eta garbi adierazita dagoen informazioa; beste batzuetan, beharrezkoa da interpretazio bat egitea (erantzunak ondorioztatzea, testuak ematen dituen informazio partzialetan oinarrituta); bestetzuetan, azkenik, bikoteak gogoeta egin behar du, testuan agertzen ez diren informazioak aztertu edo kontsideratu behar dituelako.


Irakurriaren ulermena neurtzeko jarduera-sorta ahalik zabalena jaso nahi izan da jarduera-orrietan: galdera irekiak eta itxiak testuari buruz; ideia nagusiak edo ondorioak ateratzea, azpimarratzea, antolatzea edo sailkatzea, erlazionatzea, eskemak egitea eta abar, betiere ikasleak hipotesira eta irakurritako testura itzularazteko, eta galdera gutxi batzuk egiteko, horiek erabakitako denboran erantzuteko aukera egon dadin. Denbora nahikoa ez bada proposatutako kontu guztiak amaitzeko, tutorearen esku geratzen da kontu horiek etxean amaitzea, edo, lanean ari diren bitartean, lana murriztea.Orri horien helburua da eredu izatea ikasle tutoreentzat, testuen ezaugarrietara, formatuetara eta zeregin guztietarako proposatutako jardueretara ohitu ondoren, berek egin ditzaten antzeko materialak, zeinak, irakasleak gainbegiratu ondoren, ikasgelan erabiliko baitira. Ikasle tutoreei bi jarduera-orri egiteko esango zaie. Irakasleek erabakiko dute nola lagundu ikasleko bi orri horiek egiteko. Hala ere, iradokitzen dugu lana bana-banakoa izatea -tutorearen ebaluaziorako balioko baitu-, eta laguntza noiz txikiagoa noiz handiagoa izatea; adibidez, lan autonomoa eta etxean egindakoa izan ahal izango da -tutore gehien-gehienek egin ahal izango dute-, edo lagunduagoa, adituagoak diren tutoreen edo irakasleen sostenguarekin. Nolanahi ere, irakasleek beti berrikusi behar dituzte orri horiek.

Tutore bakoitzak egindako bi orrietatik, bat fotokopiatu ahal izango da, eta partekatu ikasgelako gainerako bikoteekin; bestea, berriz, kasuko bikoteak soilik erabili ahal izango du. Lehendabizikoek orri-multzo aberatsa eskainiko digute familientzat. Tutoreek berek egindako jarduera-orriek ikasleen motibazioa handitzen dute eta, batez ere, tutoratutako ikasleen ezaugarrietara eta/edo beharretara gehiago egokitzeko aukera ematen dute.

Bikotearen autoebaluazioa


Bikoteak, esan den bezaía, hamabostean behin aztertzen du zenbat aurreratu duen. Bikotearen autoebaluazio-ereduaz baliatuta (eranskinetan dago), bi bikotekideak ados jartzen dira irakurketari eta irakurriaren ulermenari lotutako zenbait alderditan hobetu beharraz, edo daukaten trebeziaz. Ikasle tutorearen jarduna ere ebaluatzen da: eredugarritasuna, azalpenak, errefortzua eta kontrola. Gainera, hurrengo hamabostaldirako helburuak proposatzeko eskatzen zaie oharpenen atalean. Proposamen horien artean hauek daude: osagarrizko edukiak berrikustea, harreman-alderdiak hobetzea, arreta areagotzea eta abar.


Jarduera osagarriak

Bikote batzuetan, jarduera-multzo bakoitzerako denboraz erabakiak hartzeko aukera ematea nahikoa izan daiteke monotonia-sentimendua hausteko. Beste batzuetan, ordea, baliteke hori aski ez izatea. Alde horretatik, komeni da jarduera-segida inoiz edo hautsiko duten jarduera batzuk sortzea.

Osagarri deritzegun jarduera horietako batzuk jarduera-orrietan jasotako lanetatik ondoriozta daitezke. Adibidez, ahozko azalpenen prestakuntzak aukera eman dezake inoiz hurrengo saioan lanak bateratzen jarduteko.

Autoebaluazio-eredua izan daiteke jarduera osagarriak sortzeko beste iturri bat. Eredu horretan, esan den bezala, tutoreek prestatu behar dituzten gehigarrizko prestakuntza-beharrak jasotzen dituzte bikoteek. Zenbait bikotetan errepikatzen diren gaiak bil ditzake irakasleak, eta kasuan kasuko tutoreei eska diezaieke gaiari buruzko azalpen laburra batera prestatzeko ikasgela talde osoarentzat. Jarduera hori berdinen arteko tutoretzakoa izango litzateke, baina ez bikotean egina, bizpahiru tutorek taldeko gainerakoekin egina baizik.

Azkenik, jarduera osagarriak sortzeko beste iturri bat ere aipatu nahiko genuke. Berdinen arteko tutoretza-saioetan, ikasleek askotan gogoetagai dute nola irakasten eta nola ikasten den. Oso baliagarria izan daiteke ikasgelaren batean gogoeta edo bateratze-lan bat antolatzea, tutoreen jokaerari buruzko aurretiazko galdera batzuk abiapuntutzat hartuta (nola ematen duten laguntza, eraginkorra izan dadin), edo tutoratuek, ematen zaien laguntza baliatzeaz den bezainbatean, nola jokatzen duten oinarritzat hartuta.

Ebaluaziorako irizpideak eta jarduerak

Bikoteka Irakurtzen programan parte hartzen duten ikasleen aurrerapena ebaluatzean, hainbat iturritako informazioa kontuan hartzen da. Irakasleek erabili nahi dituzten iturriak ez ezik, hauek ere proposatzen ditugu:

-Hasierako ebaluazioa. Programaren hasieran, hizkuntzaren ezagutza-proba eginarazten zaie ikasle guztiei (hasierako ebaluazioa), hizkuntza-gaitasunean benetan zer maila duten jakiteko. Lortutako kalifikazioa, gainera, orientagarria izan daiteke bikoteak sortzeko; izan ere, bikotearen barruan tutoretza egiteko beharrezko asimetria egotea bilatuko da beti.

-Bikotearen autoebaluazio-ereduaren jarraipena: Ikasle-bikoteak, esan den bezala, hamabostean behin aztertzen du bi ladeen aurrerapen akademikoa eredu batez lagunduta.

-Bikoteen oharpenak oharpenen erregistroaren bidez: Irakasleek bikotearen jardunari erreparatzen diote oharpenen erregistroaz lagunduta.

-Ikasle tutoreek egindako jarduera-orriak: Ikasleek jarduera-orrien behar adina adibide ikusi ondoren, ikasgelan bikotearekin lan egiteko gutxienez bi orri prestatzeko eskatuko zaie.

-Amaierako proba: Programako saioetan, saio batzuetako jarduerak jarraipeneko edo prestakuntzako ebaluazioa egiteko erabili ahal izango dira.



-Ikasleen ikaskuntza-zorroa edo -karpeta: Tutoretza-saioak amaitutakoan, ikasleek dosier bat aurkeztu beharko dute, non jarduera-orriak eta ariketei erantzuteko baliatutako orrien ordena jasoko dira.

-Familia-tutoretzatik datorren informazioa: Programa familia-tutorearekin etxean ere egin duten ikasleen kasuan, informazio erabilgarria -familien jarraipen-saioan eta amaierakoan jasoa, eta saioen egunkaria eta amaierako galdera-sorta biltzen dituena- jardueraren kalifikazio orokorretan jaso behar da.

-Bestelako oharrak: Programak funtzionamendu ona izango badu, garrantzitsua da argi eta garbi erabakita edukitzea zer lan egin behar dituzten tutoreek eta tutoratuek, erabaki horiek prestakuntza-ebaluazioa eta amaierako ebaluazioa egiteko balioko baitute. Erabaki horiek berekin dakarte ikasleek ikasgelatik kanpo lan batzuk egin behar izatea; irakasle arduradunek kontrolatuko dituzte lanak.