HEZKIDETZA

Heziberriren esparru pedagogikoan formulatzen diren hezkuntza-oinarrietako batek ezartzen duenez, Oinarrizko Hezkuntzak hezkuntza-eskubidea bermatu behar die pertsona guztiei; beraz, zuzentasun eta justizia sozialaren planteamendu etiko batetik, hezkuntzak aukera-berdintasuna eskaini behar du, inolako bazterketarik gabe, eta konpentsatu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak. Oinarri horren arabera, bai Administrazioak eta hezkuntza-arduradunek bai hezkuntza-komunitateko profesionalek eta partaide guztiek bultzatuko dute inklusioa, hau da, hezkuntza barneratzailea eta pertsonalizatua, oinarrizko eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte.

Esparru arauemailean ezarritakoa bermatzeko ekimen integrala behar da oinarrizko hezkuntzan, ulertuta hezkidetza zeharkako elementu positiboa dela mutilentzat zein neskentzat, berdintasuneko hezkuntzaren garapena eta, aldi berean, genero-indarkeriaren prebentzioa bermatzen baititu.

Hezkidetza defini dezakegu, gaingiroki, neska eta mutilen arteko berdintasuna modu espezifikoan eta aldi berean zeharkako ardatz gisa txertatzea bereizgarri duen hezkuntza gisa.

Hezkidetza-eskolaren maisu han- dietako batek, Mª José Urruzolak, honela definitu zuen: «neska-mutilak genero femeninoa edo maskulinoa alde batera utzita hezten dituena, hots, sexu-desberdintasunetik abiatuta hezten dituena, beren banakotasunaren garapena bultzatuta, baina gizarte sexista batetik sexu batekoa edo bestekoa izateagatik betetzeko eskatzen zaizkien rolak kontuan izan gabe» (1995: 267).

Emakumeen eta gizonen arteko eskubideen, aukeren, betebeharren, lanaren… berdintasuna helburu duen hezkuntza-eredua da hezkidetza (Luixa Reizabal, 2016). Desberdintasunetatik abiatuta berdintasunean heztea da, oso xede garbiarekin: etiketarik gabeko mundua eraikitzea, non emakumeak eta gizonak maila berean egongo baitira, beren eskubide eta askatasunekin (Amelia Barquín, 2016).