Gure eraztuntze taldeko kidea den Aitor Galarza Bizkaiko Foru Aldunduko basozainari espezien birsartzeen inguruan egindako elkarrizketa duzue ondoko linkean, Europako basozain federazioko aldizkarian argitaratua.
Pasaden asteko eraztuntze saio batean, ur-zozo bila genbiltzala, Munitibar udalerritik pasatzen den Lea ibaian buztanikara zuri ar heldu bat harrapatu genuen. Errekan ohikoagoa izaten da buztanikara horiak harrapatu eta eraztundu ahal izatea, baina ur zozo bikotearekin batera erori zitzaigun hau sarean.
Argazkietan ikus daitekeen moduan, buztanikara honen hegoak akaroz beteta zeuden. Akaro hauek parasitoak eta hegaztientzat kaltegarriak direla iruditu arren, CSIC-eko ikerlari batzuek eginiko ikerketen arabera, kaltegarriak ez izateaz gain, hegaztientzako mesedeharriak dira hauek. Oso gutxi ikertu diren arren, lumetan egon daitezkeen onddo eta bakterio keratinofagoez elikatzen dira akaro hauek.
Orain arte, akaro hauek egunez bakarrik ikertuak izan dira, baina hegazti gehienek beraien bizitza egunez egiten dutenez, akaroak gautarrak izatea espero zen, lumen artean mugitzea seguruagoa den momentuan. Ikerlari hauek akaroen gaueko mugimenduak ikertu dituzte, txinbo kaskabeltz batzuen hegoko lumei gauean zehar hiru orduro argazkiak aterata. Hau eginez ikusi zuten akaroek beraien banaketa espaziala aldatzen zutela, espezie, adin eta luma talde ezberdinetan kokatuz. Gehienbat hegoen puntetara mugitzen zirela ere ikusi zuten, egunean zehar joatea oso arriskutsua den gune batera.
Artikuluan interesa eduki ezkero, hemen erreferentzia: Labrador, M. M., Doña, J., Serrano, D. & Jovani, R. 2021. Feather mites at night: an exploration of their feeding, reproduction, and spatial ecology. Ecology https://doi.org/10.1002/ecy.3550
2023 urtean, Urdaibai Eraztuntze Taldea osatzen dugun eraztuntzaileok 73 espezie desberdinetako 2528 hegazti berri eraztundu ditugu eta jada eraztunduta zeuden beste 790 kontrolatu, beraz, denetara 3318 hegazti pasa dira gure eskuetatik.
Eraztundutako espezie ugarienen top 3an, hirugarren postuan txorru arrunta (Chloris chloris) dugu, 271 eraztunketa eta 75 kontrolekin. Bigarren postuan kaskabeltz arrunta (Parus major), 274 eraztunketa eta 325 berreskurapenekin. Lehen postuan enarak (Hirundo rustica) 393 eraztunketarekin.
Gure taldekide Luis Betanzos urtarrilaren 4ean Muxikako Oka ibaira gerturatu zen ur-zozoak eraztuntzeko asmoz. Errekan bost ordu eta erdi zain egon ostean, ur-zozo bakarra erori zen sarean eta saretik ateratzera joaterakoan ihes egitea lortu zuen. Hala ere, hainbeste denbora itxaroteak merezi izan zuen, sarean gabirai ar hau erori zen eta. Gure eraztuntze taldeak 2024 urte honetan eraztundu duen lehen hegaztia!
Urdaibaiko Eraztunketa Taldeak urteak daramatza enara arruntaren eztei aurreko zein eztei osteko migrazioa jarraitzen. Konkretuki Urdaibain bada lezkadi bat enarek etzalekutzat erabiltzen dutena beraien migrazioetan. Lezkadi hau Gautegiz Arteagako Oruetako urmaelaren ondoan kokatuta dago eta “Baraizko lezkadia” izenarekin ezagutzen dugu. Lezkadi honetan bada eraztunketa estazio bat 2003. urtetik martxan dagoena.
2023ko abuztuaren 15ean, gure taldeak sorpresa itzela hartu zuen Baraizko lezkadiko enaren etzalekuan eraztuntzen geundela. Ilunabarrean, sareak ixteko ordua iritsi zenean, eraztuntzeko sareetara hurbildu eta ohikoa den antzera, hainbat enara arrunt erori berri zeudela ikusi genuen. Enarak sareetatik ateratzen hasi, eta zein izango zen gure sorpresa haien artean bat oso desberdina zela ikusi genuenean. Talde osoa harrituta geratu ginen gure begi aurrean enara ipurgorri batekin topo egin genuenean, Urdaibain inoiz eraztundu ez den espeziea.
Enara ipurgorria (Cecropis daurica), enara arrunta bezala, intsektujalea da. Bere bularra zurixka da eta ez du enararen lepo gorririk. Gazteen garondoa marroi gorrixka zurbila da, helduengan ilunagoa den arren. Argazkian ikus daitekeenez, Urdaibain eraztundutako enara gaztea zen. Enara ipurgorria modu uniformeagoan ugaltzen da penintsulako hego-ekialdean, adibidez Andaluzian, Extremaduran, Salamancan, Madrilen edo Zamoran. Hala ere, hedapen argian dago, eta datuek erakusten dutenez, orain iparralderago ere hazten da, Galizian, Kantabrian, Asturiasen, esaterako, eta Euskal Herriko ipar isurialdean ere badira hainbat ugalketa-aipu.
Lehendik ere badira enara ipurgorriaren pare bat behaketa Urdaibain, baina oraingo hau Urdaibaiko Eraztunketa Taldeak eraztundu duen lehena da. Urdaibaiko enara ipurgorriaren eraztuntzearekin, Urdaibaiko taldeak oso datu interesgarria gehitu du espezie honen azterketarako, eta hori oso pozgarria da guretzat eta gurekin formazioan eta lanean izan diren bolondres guztientzat.
2022ko azaroan Urkiolako Parke Naturalean mendi tuntunak eraztudu eta beraien jarraipena egiteko proiektu bat jarri genuen martxan. Euskal Herrian sekula eraztundu gabeko espeziea da hau eta hegazti honen inguruan informazio hutsune handia dago. Azarotik otsailaren amaierararte ibili gara eraztuntze lanak burutzen eta denetara 25 txori harrapatu ditugu, 9 gazte eta 16 heldu. Denak koloretako eraztunekin eraztunduak izan dira, beraz, batenbat behatu ezkero colouring.eus web orrialdearen bitartez tramitatu daiteke eraztuna.
Hegazti guztiak Mugarra mendiaren magalean eraztundu ditugu, eta bertara eraztuntze material guztiarekin igotzeko egin beharreko esfortzua handia denez, hemendik eraztuntze saioren batera etorritako guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke: Jokin Egia, Iñigo Anton, Oier Frias, Madalen Goitia, Ibai Llosa, Eritz Campos, Luis Betanzos , Marcos Isasi... eta nola ez, bertara eraztunak irakurtzera igo diren pertsona guztiei ere bai.