2025-10-13
Ikasturte honetako bigarren saioa Urkiak tabernan ospatu genuen, Mauratza auzoan. Ez dakigu oraindik zer nolako magia dela medio, baina inoiz baino doinu politenak entzun ahal izan genituela. Badirudi, tabenaren terrazaren kokapena eraikuntzen izkin baten zegoenez kantarien ahotsak inoiz baino garbiago eta txukunago entzun zirela. Hau da marka hau! Beharbada, Palestinako genozidiaren aurkako elkartaratzeak gure bihotzak ikutu zituen eta hori dela eta gure kanten melodiak goxo eta samurragoak irten zitzaizkugla... nork daki!
Ederto aritu ginen ordu eta erditxo bat kantu-giroan, lasai-lasai, eta oso ondo pasatzen. Eskerrik asko denori!
Hurrengoa, azaroaren 6an izango da oraindik zehazteke dagoen taberna batean. Espero dugu, meteorologiak laguntzea, animo eta laster arte!
2025-09-23
Ikasturte honetan gogor hasi gara Mauratza plazatik eta oraingoa ere bertako Urkiak tabrnan ospatuko da hamaikagarren Topakanta.
Bada, jada, urte bat ekimen honekin hasi ginenetik eta gure lehehengo urtebetetzea ospatzeko espero dugu jende mordoa hurbiltzea euskaraz mintzatzeko, kantatzeko eta ondo pasatzeko!
Ez ahaztu urriak 2, arratsaldeko 19etan, Mauratza plazako Urkiak tabernan.
Lagunekin hitzordua gorde eta zatozte!
2025-09-05
Atzo denboraldiari hasiera eman genion. Udako oporrak oroitzapen goxoak baino ez dira jada eta gutxinaka ikasturtearen errutinak hartzen hasi beharko gara. Topakanta zuon errutinen txoko alai bat izan nahi du, beraz, gogoratu hilabete guztietako lehen ostegunetako arratsaldeak erreserbatzea kantu giro euskaldunean unetxo bat igarotzeko. Aurten ere Topakanta dator!
10. saioa Mauratza plazako Arbelaitz tabernan ospatu genuen. Jende asko hurbildu zen kantuz eta euskal giroaz gozatzeko, eskerrik asko denoi! Nabaritu zen herriko jaietako bezperan geundela eta nolabait jendearen jaietarako gogoa sentitu zen.
Bestetik, sumatu genuen ere aurreko egunean Bilbo gertatutakoaren zirrara, herri baten ekintza solidarioa zanpatutako beste herri baten alde; gure herriaren herri-kontzientziaz harro! Gora Palestina libre, Stop genozidioa!
Hurrengo saioa urriaren 2an izango da, osteguna, arratsaldeko 19etan, oraindik zehazteke dagoen taberna batean. Bitartean kanta berriak prestatzen ibiliko gara, ia gure kantutegia handitzen goazen!
Laster arte!
2025-08-18
Irailean denboraldi berriari hasiera emango diogu. Oporraldia gozatu egin dugu, deskantsatu dugu eta pilak behar bezala kargatuta itzuliko gara Urduliz euskal kantuz buztitzeko gogoarekin.
Lehenego saio hau, gure egitasmoaren hamargarrena izango da eta denboraldiaren estreinaldirako Arbelaitz tabernara joango gara. Betiko lez arratsaldeko zazpietatik zortzi eta erdiak arte egongo gara.
Kontuan izan Topakantaren egitasmoa kantugintza eta euskalgintza dela, hau da euskaraz bustitzea gure herria, beraz ezagutzen dituzun euskalzale guztiak gonbidatuta zaudete.
Animatu zaitezte!
2025-06-30
Azken egunotan itxaropena hitza sarri entzun dut ekitaldi desberdinetan, munduan gatazkak, genozidioa, gosearen erabilera arma gisa eta sarraskiak ikusten ditugun bitartean. Garai latzak eta krudelak dira.
Testuinguru horretan, gure 9. topakantza ospatu da, orain arteko jendetsuena. Kalma tabernan 100 lagun inguru batu ginen, eta arratsalde eguzkitsuak lagunduta, Kalma tabernako terraza gainezka egon zen hasieratik 21:00ak arte, eta zelan ez, gure kiderik gazteenak, Haizea eta Kattalin, beste lagun birekin agertu ziren.
Gabriel Aresti idazlea hil zenetik 50 urte bete diren astean ospatu dugu gure hileroko kantaldia, eta haren omenez, "Guretzat" kantatu dugu.
Gabriel Arestirentzat, poesia kontzientziak iratzartzeko tresna bat zen, "poesia mailu bat da", berak zioen bezala. Ziur nago Gabriel Arestik ere bidegabekeriak amaitu eta garai hobeak justizia eta bakea ekarriko zituen itxaropena zeukala.
Joan den asteburuan Jon Maia bertsolariak "Nik esperantza daukat" esan zuen, "Maravillas hil zuten herrian gaur egun jotak euskaraz kantatzen direlako. Matalas hil zuten herrian gaur egun ikastola bat dagoelako".
Guk ere itxaropena daukagu. Herri txikietan ere gauza handiak egiten direlako. Eta ziur nago uda ostean topakantak arrakastatsua izaten jarraituko duela.
Gora gu!
2025-05-28
Konturatu gabe, eta txiri-txiri heldu egin da denboraldi honetako azkenengo saioa. Topakanta bultzatzen dugunok uztaila eta abuztua hartzen dugu atseden eta ondorioz, aurtengo azken Topakanta datorren ostegunean izango da, hilak 5, arratsaldeko 19etatik aurrera metro geltokiko Kalma tabernan.
Eguraldiaren arabera, baliteke kanpoan egin ahal izatea eta kasu horretan eta azkenengo saioa dela kontuan izanik ohikoa baino pixkat gehiago luzatuko ginateke.
Espero dugu jendea animatzea eta hurbiltzea azken kantuak botatzeko.
Animatu zaitezte!
2025-05-08
Maiatzaren 8 honetan komunikabideetan albiste bi nagusitu dira: “Fumata” eta Athletic Europako kopan sailkatu ezinezko finalaurrekoa. Irratia edo telebista piztu eta besterik ez zen entzuten. Txotxolo ale halakoak! Atzoko gertaerarik garrantzitsuena eta politena zein zen ez zekiten ala?
Guk bai, guk bagenekien Topakanta zegoela Urdulizen, oraingoan Azkena tabernan, hain zuzen, eta zorionez, ez genuen galdu.
Zorionez diogu, 8. Topakantaren saioa itzela izan delako: parte-hartze handia izan da (40 lagun inguru!), agian orain arteko jendetsuena, eta aurrekoan parte-hartzaileen batez besteko adinak behera egin bazuen, oraingoan are gehiago.
Kattalin eta Haizea berriro izan ziren gure artean eta, apurka-apurka lotsa albo batera utzita, Borja gitarrajole abeslariari mikrofonoa eskatu eta beren ahots finez eta oso ondo intonatuz giroa primeran alaitu zuten, kanpoan zeuden beste ume batzuk gure kantuetara erakarri eta guztion txalo zaparrada jaso arte.
Gainera, Ander, perkutsio-kaxoia jolea eta trikitrilari prestua, oso ondo lagunduta etorri zen atzokoan, bikotearekin eta seme biekin, eta beste guztion artean bat eginda, jai-giroa ezin alaiagoa izan zen.
Gitarra, triki eta kaxoia, adin desberdinetako jendea, atzoko eta gaurko abestiak… zelako gozamena! Topakanta badoa aurrera, gero eta sendoago, soinuz eta kantuz, ondo pasatzen eta, batez ere, euskara indartzen herrian, Orbizta eta kimu berriak. Biba zuek!!
Atzoko topakantan gure aurpegi guztiak ikustea zaila zen. Izan ere, taberna erdiko zutabeak eta makina “dirujalea”k ikusmena murrizten ziguten. Hala ere, ezkerreko txokoan zegoen gazte taldea argi nabarmentzen zen, batez ere, Gatiburen abestiren bat zetorren bakoitzean, bolumenari dezibelio batzuk gehitzen zizkiotelarik. Etorriko ahal dira hurrengoan! Arantza, atzo bezala, hurrengoan ere jantzi Gatiburen kamiseta! Gure talismana izan zen eta!
Atzoko saioaren erdian, Borjak, agian bere irakasle kutsua ezkutatu ezinik, erronka bota zigun Txantxibiri abestia dela-eta: “Bat, bat, bat bart errondan ibili, bart errondan ibili" ahapaldiak ez du batere errimatzen eta moldatu beharko genuke. Beraz, norbaiti hurrengo saiorako zerbait otutzen bazaio, esan diezaiola. Gonbitea eginda dago.
Eta “gonbitea” aipatu dugunez, gogorarazten dizuegu datorren ostiralean, maiatzaren 16an, plan ederra daukagula Euskaraldiaren barruan. Hain zuzen, Marutzeko frontoian, arratsaldeko 18:30ean, Uribe Kostako Mintzodromoa izango dugu, Kerman eta Ainhoa musikari algortarrek girotua, eta mokadutxu bat jan ondoren (entzun dut pizzak egongo direla!), 20:00etan Umore Gaua hasiko da, “Bihotz, Bi Hots, Bi Txotx!” emanaldiarekin.
Denok gaude gonbidatuta, baina mintzodromoan parte hartzeko, ez ahaztu izena ematea esteka honetan sakatuz: www.labur.eus/ukmintzodromoa
Amaitzeko eta ohitura denez, aurreratuko dizuegu non eta noiz egin nahi dugun hurrengo Topakanta: ekainaren 5ean, Kalma tabernan. Irrikan gaude berriz elkar ikusteko eta denok batera kantatzeko!
2025-04-30
Bai, badakigu bihar hilaren lehen osteguna dela, baina guretzako maiatzak 1, letra larriz idazten den data denez ez dugu Topakanta ospatuko eta beste aste oso batez itxaron beharko duzue.
Bi saio baino ez zaizkigu geratzen aurten hasitako egitasmoaren lehen urteari bukaera emateko, eta kasu honetan metro ingurura abiatuko gara Urdulizeko beste taberna ospetxu batetara: Azkena taberna.
Beraz, gogoratu, datorren ostegunean, hilak 8, arratsaldeko 19etatik 20:30etara bertan musikaz gozatzen egongo gara abesten, dantzatzen eta kantantzen.
Animatu zaitezte!
2025-04-05
Hilabete honetako topakanta berezia izan da; izan ere, Urdulizen Orbizta Euskera Elkartea sortu denetik ospatu dugun lehenengo edizioa izan da, eta guretzat, elkarrekin kantatzen aritzea gure elkartearen sorrera ospatzeko modu bikaina izan da.
Duela gutxi udaberria heldu da eta gure inguruko landak, zelaiak eta basoak orbizta eta lorez jantzi diren bezala, gure gogo-bihotza ere suspertu, biziberritu eta orbizta da, gure arteko lankidetzatik fruitua jaio arte: euskara sustatzeko elkartea. Baina goazen harira berriro. Atzoko Topakantaren saioak, betiko legez, bere berezitasunak eduki zituen. Urdulizko Mauratza auzoan ospatu zen, Txinpi tabernan, orain arteko beste tabernetatik apur bat urrunago, eta horrela, gure ahotsak eta Ander eta Borja musikaren doinuak Mauratzako kaleetara iristea lortu genuen. Eta zelan ez, eskerrik asko Txinpiko langileei (Abba eta Carol) hain ondo tratatzeagatik!
Atzo 35 pertsona inguru bildu ginen, eta nabarmendu behar dugu orain arteko ahots gazteenak izan zirela gure artean, Katalin eta Haizea! Bederatzi-hamar urteko kantukideen ahots zoragarriei esker, gure saioak bestelako kutsua eduki zuen, hitz batean esanda, ederra. Eta parte-hartzaileen kopuruak gora egin eta batez besteko adinak behera egiten duen bitartean, Borjak kanta berriak (Gatibu, Ken Zazpi...) gehitu ditu kantutegian eta orain aukera zabalagoa daukagu.
Azkenik, eta hasierako lerroetan esandakora itzulita, herriko euskaltzaleentzako garai itxaropentsu eta pozgarria dator. Goazen ametsak betetzera eta kantatzera!
Hurrengo topakantan elkar ikusiko dugu, maiatzaren 8an, Azkena tabernan, 19:00etan. Erdu!
2025-04-02
Udaberriari kaixo esateko modurik onena kantuan ibiltzea dela badakigu! Oraingoan Mauratza auzoko Txinpi tabernara joango gara gure alaitasunarekin ingurua pozteko.
Gogoratu, datorren ostegunean, hilak 3, arratsaldeko 19etatik 20:30etara bertan musikaz gozatzen egongo gara: abesten, dantzatzen, kantantzen. Animat zaitezte!
2025-03-16
Borja del Río
Badira egun batzuk seigarren Topakanta ospatu genuenetik eta oraindik ezpainen artean senti dezakegu hark utzitako zapore goxoa. Betiko lez, martxoaren lehen ostegunean ospatu genuen Topakanta, eta kasu honetan, eskualdeko tabernarik samurrenean izan zen: Txiberri. Jakin da, Urdulizeko tabernak honek duen musikarekiko lotura berezia. Nor ez da egon Txiberrik antolatutako rock kontzerturen batean? Martxoaren 6an, ostegunean, bertan egon ginen herriko euskaltzale, musikazale eta kantuzaleak, berriz ere, euskal kantutegiari bueltatxo bat ematen.
Oraingoan Athletic Club oso presente izan zen gure artean. Txiberrik taberna osoa prestatzen baitu lehoien partidak era eroso batean ikusteko, eta egun horretan Athleticek jokatu behar zuenez oso kanporaketa garrantzitsua, eragina izan zuen Topakantaren garapenean.
Ezusteko polita izan zen ohikoak ez diren pertsona asko agertu baitziren partida ikusteko eta nahi barik gurekin elkartu ziren kantuan eta euskaraz gozatzen. Ez dakit orain arte izan dugun Topakantarik jendetsuena izan bazen ala ez, baina sekulako giroa egon zen eta ordu t'erdian egon ginen danok, pozik, kantuan eta euskaraz mintzatzen. Jende gaztearen artean gure ekimen polik hau zabaltzeko aukera ederra izan zen!
Poliki-poliki Orbiztan da Topakanta.
Hurrengo hitzordua apirilean izango da, lehen ostegunean, hilak 3. Kasu honetan Mauratza inguruko Txinpi tabernan ospatuko dugu eta bertan itxarongo zaituztegu arratsaldeko zapietatik aurrera. Biba zuek, biba Topakanta, biba euskara eta biba Urduliz!
2025-02-27
Bada garaia hurrengo Topakantaren berri jasotzeko. Oraingoa, berriz ere, bueltatzen da Topakanta Laubide ingurura, eta kasu hontan Udaletxe aurrean dagoen Txiberrira.
Guretzako sekulako plazerra da bertan Topakanta ospatzea, Txiberrik izen propioa baitu inguruko musika taldeentzako. Lan polita egiten dute Txiberrikoek eskualdeko talde desberdinen kontzertuak programatzen, eta musikariak garenok asko eskertzen dugu holako ekimenak gure inguruan egotea.
Gogoratu, datorren ostegunean, hilak 6, arratsaldeko 19etatik 20:30etara bertan musikaz gozatzen egongo gara: abesten, dantzatzen, kantantzen... Kontuan izan ondoren Athletic-eko partika ikusteko aukera ere izango dugula. Beraz, deitu lagunak, eta animatu zaitezte!
2025-02-08
Iñaki Azua
Hilabete guztietako lehen ostegunak markatuta dauzkat agendan: “Topakanta 19:00etan”. Non zehaztea baino ez zait falta. Dena den, jakin badakit topagunea Urdulizko tabernaren batean izango dela eta bertan lagun euskaltzale eta kantuzaleekin batera bapo pasako dudala.
Zeregin sano garrantzitsu eta polita dugu Topakanta. Atzokoa, otsailaren 6koa, honelaxekoa izan zen berriro: ederra benetan.
Bi egun lehenago, Agate Deunari aintzalduz eta lurrari kolpeka itzartzeko eskatuz, kalez kale ibilitako koruen abestiak eta makila-hotsak burutik oraindik kendu gabe Txiki Barri tabernan elkartu ginen.
Otsailak hotza dakar. Hotzak gripea eta gripeak ohea. Hori dela-eta, atzo ez ginen denok egon. Izan ere, ohiko batzuk (Ane Eukene, Rosa, Olga, Pedro, Marta……) faltan bota genituen. Hala ere, lagun multzo galanta, berrogei inguru, bertaratu zen bosgarren saioaz gozatzera.
Urduliztarrak ez ezik, plentziarrak eta sopeloztarrak ere gerturatu ziren. Azken horiek, gehienak, jesarrita eta urduliztarrak, berriz, gehienak zutik. Herri abegikorra garenez eta gizalegez jokatzen dakigunez, ez zitekeen beste modu batez espero.
Aipatzekoa da atzo Kataluniatik, Manresatik hain zuzen, etorritako Roger, Laia eta Lidiaren bisita izan genuela. Gure kulturaren eta euskaldun temati txapeldun kantari batzuen oroitzapen bitxia eramango dute beren herrira segur aski.
Mundiala izan zen Txiki Barrik oparitu zigun tortilla. Ez zen batere txikia izan. Handia, goxoa eta biribila. Esker mila, Txiki Barri; bakea eta zoriona zuentzat izan dadila.
Espazioa txiki samar gelditu bazitzaigun ere, handi bihurtu genuen. Nola edo hala, Ander eta Borja musika joleak txoko batean, aurrez aurre hamabost bat lagun biribilean jesarrita eta gainerakoak zutik edo barran bermatuta, tabernan denok sartu ginen giro bero-beroan Borjak agindu beharreko kanten esperoan.
Lehenengo abestia ohitura bihurtzen ari dela dirudi: Azken dantza hau. Hori paradoxa! lehena azkena. Gero, hainbat lekutara eta momentutara eraman gintuen segituan kanta genuen abesti sortak.
Larrunen muxu bat eman ziguten, mendian loretxo bat askatu eta Atarratzeko gazteluan istorio triste bat entzun genuen. Eskerrak Loiolako erromeriara murgildu ginela. Bertara, lumarik ederrena galdutako eper bat zerutik dantzatzera jaitsi zen hamalau atsok tronpeta jotzen zuten durunda, Matalasek, doluari iskin eginez, bafle batean alde egiten zuen bitartean.
Eztarriak sano mantentzeko, lantzean behin tabernako argien azpitik ozen oihukatzen genuen: “Kamarero, atara eizu azkenengo rondie” eta, Euskaraldia laster datorkigula kontuan hartuz, ez zitzaigun ahaztu Guk Euskaraz ahora eramatea. Zein ederra izango den zurekin batera elkartzea eta ondo antolatzea…
Di-da batean joan zitzaigun gure kantaldi ameslaria eta, ondo pasa ondoren, pozik abiatu nintzen etxerantz makila-hotsak berriro entzunez: oles, oles! lurra esna zaitez; oles, oles, Urduliz ORBIZTA zaitez!; oles, oles Martxoaren 6an TOPAKANTA!!
2025-01-29
Konturatu barik urtarrilaren azken egunetara heldu gara eta... hara! Laster helduko da hurrengo hilaren lehen osteguna eta beraz... TOPAKANTA!
Oraingoan Urdulizeko Txiki Barrin izango da!
Espero dugu bertako jantoki osoa jendez gainezko egotea datorren ostegunean, otsailak 6. Betiko lez, arratsaldeko zazpietan hasiko gara kantuan, ondo pasatzen eta euskaraz mintzatzen!
Zabal ezazu! Itxaroten zaitugu!
2025-01-04
2025. urtea heldu da eta Urteberri egunaren biharamunean, ostegunean, urteko lehenengo topakanta ospatu dugu!
Urtarrila aldapatsua izaten ei da, eta guk gogotsu eta kanta-kantari ekin diogu urte hasierako aldatsari.
Jakin bagenekien Gabon inguruko egunetan ez dela erraza horrelako ekimenak antolatzea; izan ere, jendeak errutinatik ihes egiten du beste zeregin batzuei lotzeko: bazkariak eta afariak, aspaldi ikusi gabeko lagunen bisitak, familia giroko planak, bidaiatxoren bat… Eta jakin bagenekien Borjaren fan-taldetxo batek ez zuela huts egingo urtarrilaren 2ko hitzorduan: 15 lagun inguru batu ginen Basartena tabernan, Borja eta Ander musikariekin batera.
Talde txikian geundela eta, Borjak kanta berriak sartzeko aprobetxatu du, eta, egia esan, guretzat entsegu modukoa izan da (arrakasta gutxi ala asko izan den beste norbaitek esango du…): Mikel Urdangarinen “Non geratzen den denbora”, Oskorriren “Ostatuko neskatxaren koplak”… eta horrelakoekin ausartu gara, gero gure konfort-eremura pasatzeko berriro, gure saioetan ohikoak direnekin: ETSren “Zurekin batera” eta Zetak-en “Zein ederra izango den” abestiek denok suspertu gaituzte eta, hortik aurrera, (xanpain barik!!) bat-batean indarberrituta edo, kronika honen hasieran esan bezala, aldapan gora joan gara, “Xalbadoren heriotza” euskaldunon ereserkiarekin amaitu arte.
Atzo elkartu ginen gehienok Urdulizko bizilagunak ginen, eta Astrabuduako batzuk ere egon ziren gure artean. Txalo zaparrada bat eurentzat! Ea hurrengoan eskualdeko txori kantari gehiago datozen Urdulizko topakantara. Eta azkenik, ezin aipatu barik utzi batu zaigun azken topakanta-kidea: Eki gaztetxoa! Kantatu ez bazuen ere, gustura ikusi genuen Olgaren altzoan lo-kuluxka egiten.
Betiko lez, plazer bat izan da lagun artean eta giro euskaldunean lehengo eta egungo abestiak kantatzea, eta pozgarria gure doinuak Basartenako leihoetako zirrikituetatik Urdulizko kaleetara iritsi direla jakitea.
Gogoan hartu hurrengo topakanta otsailaren 6an izango dela, 19:00etan, Kalma tabernan (Urdulizko metro geltokiaren ondoan). Han ikusiko gara, eta, bitartean, negu minean esan ohi den bezala, zaindu eztarria. Urte berri on!!!