2024-12-12
Badaukagu prest hurrego Topakantaren egoitza; oraingoan Basartena tabernan izango da. Eskerrik asko, lagunok!
Oraingoan hilabete eta urtearen hasi hasieran egokitu zaigu lehen osteguna eta ondorioz urtarrilaren 2an izango da. Berriz ere arratsaldeko zazpietatik zortzi t'erdiak aldera egongo gara abesten, jotzen eta dantzatzen. Bertaratu nahi baduzu, badakizu, lagunekin lotu eta zatozte ondo pasatzera!
2024-12-06
Euskararen Eguna ospatu berritan.
Aurreko zapatuan kalez kale jiran,
domekan manifestu, talo eta dantzan
oldarraldien kontra herria da bueltan.
Atzo gauean berriz lotu ginen kantan,
Antsoneko Plazako taberna horretan.
Jubilatuak ere baegozan bertan,
umeak be alaitsu lurrean olgetan.
Hirugarrena izan zen atzoko saioa
Topakanta ez doa zubitik inora.
Hainbeste lagun bilduz, musika ta algara(n),
“hogeitahamar(re)tik gora” esango dut. Hara!.
Loretxo bat zegoen bart barra atzean
euskaraz berba eginez modu ederrean.
Azkenik biztu zaigu lainoen artean,
orain aukera dugu zerbait eskatzean.
Ondo pasa genuen, ondo girotuak.
Eskerrik asko, Borja, Ander, panderuak,
etorri ezin zirenak ta bertaratuak,
zalantza bat bakarrik: noizko hurrengoa?
Urtarrilaren 2a izango da eguna
BASARTENA tabernan, leku aproposa.
Jon Zaharra omen dator gurekin batera
txalupa arraro baten harro bogatzera.
2024-12-02
Konturatu gabe, bagaude abenduan! Eta azken hilabeteetan bezala, lehen ostegunean, Topakanta ospatuko da Urdulizen.
Oraingoan, Antsonekoa plazan dagoen Jubilatuen tabernan elkartuko gara arratsaldeko zazpietan elkarrekin abesteko, euskaraz mintzatzeko eta ondo pasatzeko.
Zure lagun eta inguruko euskalzale guztiak deitu eta zatoz!
Ez ahatu, eta hurrengo ostegunerarte!
2024-11-08
Atzo iluntzean Urdulizko topakantaren bigarren saioa amaitu berri zenean, lerrook idazten ari dena irribarrea kendu ezinik abiatu zen etxerantz, pentsamendu hau buruan: lagun bakar baten edo batzuen ideia edo asmo hutsa egia bilakatzeko gai gara, denon artean, ilusioa dagoenean. Eta euskaldunoi ez zaigu holakorik falta, ez horixe!!!
Baina goazen hasierara. Atzo, ostegunean, 19:00 aldera Urdulizko, Sopelako eta inguru honetako euskaltzaleak Laubide tabernara iristen hasi ziren, gogotsu, eta apurka-apurka ilusioa eta alaitasuna nagusitzen hasi ziren. Lehenengo saioan bezala, 40 lagun inguru batu ginen euskarazko kanta tradizionalak eta gaur egungoak abesteko eta, zelan ez, ekimena arrakastatsua izan zen. Oraingoan, ordea, berrikuntza batzuk egon dira. Musikarien artean, Borjarekin batera Ander aritu da perkusioan eta, ustekabean, Arantza biolin-jolea batu zaie. Eta hori bakarrik ez, pandero-joleak ere aritu dira-eta giroa alaitzen. Ea hemendik aurrera musikari gehiago animatzen diren!!! Horretaz gain, palestinar batzuen bisita eduki dugu, euskaldunok kantatzeko ohitura hau bertatik bertara ezagutzeko asmoz.
Kantu-kantari eta baten bat dantzan, kantutegia eskuan eta pozarren pasatu da ordubete eta erdiko bigarren topakanta, giro alaian eta euskaltzalean murgilduta. Hunkigarria izan da!
Eskerrik asko Laubide tabernako arduradunei lekua uzteagatik, eta bertaratu zineten guztioi ekimen hau aurrera eramaten laguntzeagatik!
Topakantaren bigarren saioak utzitako ajeaz oraindik gozatzen nagoela, gogorarazten dizuet hurrengo topakanta abenduaren 5ean izango dela, 19:00etan, Urdulizko Antsonekoa plazako tabernan. Han ikusiko gara!
2024-11-03
Antolatzaile taldeak ez zuen kontuan izan ohikoa dela Basartena tabernan futbola jartzea. Beraz, futbol gabeko taberna berri baten bila ibili gara eta... Laubide taberna lortu dugu!
Eskerrak eman nahi dizkiegu bertako langileei azken orduko erokeri honekin bat egiteagatik. Merci!
Beraz, kontuan izan. Ostegunean, azaroaren 7an, arratsaldeko zazpietan Basartena tabernra joan beharrean Laubide tabernan egongo garela.
2024-11-02
Laster ospatuko dugu Urduliz Topakanta egitasmoaren bigarren saioa. Kasu honetan Basartena tabernan elkartuko gara abesteko, jotzeko eta ondo pasatzeko.
Bigarren saio honen berri emateko kartel berri bat diseinatu dugu eta dagoeneko, herritik zehar info-paneletan itsatsita ikus ditzakezu. Hemen daukazu kartela!
2024-10-21
Urrian hasitako egitasmoari jarraipena emango diogu eta oraingoan Basartena tabernan ospatuko da. Betiko lez, hilaren lehen ostegunean alkartuko gara arratsaldeko zazpietan. Euskal kantak abesteko, euskaraz aritzeko eta batez ere euskaraz ondo pasatzeko.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Basartena tabernago buruari bertaratzeko aukera emategatik. Eskerrik asko!
Bestetik, ezer gutxi, joan zaitezte ahotsak zaintzen Urduliz Topakantaren bigarren saioan sasoi betean egoteko. Laister arte!
2024-10-11
Atzo arratsaldean, Urdulizeko La Txozna Tabernan, lagun talde ederra bildu ginen mahai baten inguruan euskal kantutegiko zenbait abesti kantatzeko. Arratsaldeko 19etan eman genion hasiera Topakantari eta ordu t'erdi egon ginen euskal giroan kantatzen eta gozatzen. Esker mila hurbildu zineten guztiori eta bereziki La txozna tabernako jendeari bertan ospatzeko aukera emoteagatik, eskerrik asko lagunok!
Lehengo saioa izanik, arrakastatsua izan zen. Baina, ondiño badago hobekuntzarako tartea musikari bakarra egon zelako eta aberastasuna emateko musikari gehiago behrko genituzke. Baina, tira, denborarekin lortuko dugu trikitilari, kitarjole, akordeoilari, txirulari, panderojole gehiago gure egitasmo polit honetan parte hartzeko. Baten bat ezagutzen baduzue ia animatzen dituzuen!!
Kontuan izan datorren Topakanta azaroak 7an, osteguna, arratsaldeko zazpietan izango da. Zehazteke dagoen beste taberna batean izango da. Animatu zaitezte!
2024-10-01
Badago martxan Urduliz Topakanta. Urriak 10, ostegunean, arratsaldeko zazpietan Urdulizeko La Txozna tabernan emango diogu hasiera ekimen polit honi.
Euskal kantak kantatzea gustatzen bazaizu, jende berria ezagutzea nahi baduzu edota musika tresnaren bat jotzen baduzu, bertan itxarongo zaitugu! Ordu t'erdi inguruan arituko gara ondo pasatzen giro eukaldun eta alaian!
Animatu, zabaldu zuen lagunei eta zatozte La Txozna tabernara!
2024-09-13
Agenda arazoak izaten ari gara martxan jarri ahal izateko. Printzipioz hilabete guztietako lehen ostegunean arratsaldeko 19:00etan ospatuko da. Baina, tamalez, gure estrenaldi mundiala ezin izango dugu horrela egin eta urriaren bigarren ostegunean izango da: hilak 10. Beraz honela geratuko da lehen txanpako datak:
Urriak 10, osteguna
Azaroak 7, osteguna
Abenduak 5, osteguna
Urtarrilak 2, osteguna
Otsailak 6, osteguna
Martxoak 6, osteguna
Apirilak 6, osteguna
Maiatzak 1, osteguna (*Zehazteke)
Ekainak 5, osteguna
Uztailak 3, osteguna
2024-09-01
Gaur kamiseta batzuk diseinatzea okurridu zaigu. Diseinua guztiz librea denez hemen daude atzeko hondoa gardena duten PNG erako fitxategiak.
Algortako Amets Kamisetak dendarekin hitz egin dugu eta bertan badago kamisetak edo beste hainbat gauzatxo sortzeko aukera.
Ikusi nahi badituzu kamiseten ereduak zoaz Merchandising orrira.
2024-08-15
Inoiz ikusi al dituzu irlandar komunitateko musikariak irish taberna batena folk-session bat jotzen? Urduliz Topakanta ekimena filosofia bereko egitasmoa da. Herriko taberna batean euskalzaleak elkartzea euskal abesti eta musika jotzeko eta abesteko.
Ekimen hau behar den bezala garatzeko lagunak behar dira: alde batetik, ondo pasatzeko eta abesteko gogoak dituzten pertsonak, eta bestetik, musika sortzeko gaitasuna duten musikariak.
Parte hartu nahi baduzu, ideiak badituzu edo zerbait esan nahi badiguzu hemen gaude!