2026-06-12
Joan den ekainaren 4an, arratsaldeko 19:00etan, ikasturteko azken Topakanta ospatzeko elkartu ginen Urdulizko Kalma tabernan. Oraingoan, tamalez, eguraldiak ez zigun mesederik egin; asmoa Kalmako terraza handi eta eguzkitsuan aritzea bazen ere, euriak eta hotzak taberna barruan babestera behartu gintuzten.
Eguraldi makurra dela eta, ohikoa baino jende gutxiago hurbildu zen hitzordura, baina horrek ez zigun umorea eta kanturako gogoa kendu! Bertaratu ginenok gogor heldu genion egitasmoari, eta ordu t'erdi luzez aritu ginen eztarriak berotzen eta euskal kantutegiari errepaso ederra ematen. Sekulako giroa sortu genuen!
Saio honekin amaitutzat ematen dugu aurtengo denboraldia. Orain, Topakantaren atzean gauden Anderrek eta biok oporrak behar ditugu, eta udan zehar ez da saio gehiagorik izango. Deskantsatzeko, indarrak hartzeko eta datorren ikasturteak dakarzkigun erronka eta berritasun guztiei (batzuk potoloak!) aurre egiteko pilak kargatzeko unea da.
Eskerrik asko bihotzez ikasturte honetan gurekin batera herriz herri kantuan aritu zareten guztioi, eta nola ez, Kalma tabernari azken saio honetan emandako harreragatik.
Gozatu udaz, deskantsatu eta laster arte! Biba zuek eta Gora Topakanta!
2026-05-29
Txiri-txiri eta kantuz katu denborladiaren azken Topakanta heldu da. Datorren astekoa 18. saioa izango da eta iaz bezala Kalma tabernan ospatuko dugu. Ia eguraldiak laguntzen duen. Beraz, ez ahaztu ekainaren 4an arratsaldeko 19etan hurbildu zaitezte Urdulizko Kalma tabernara eta gugaz kantatu!
Deitu zuen lagunak eta animo!
2026-05-16
Joan den maiatzaren 7an, geldialdi oso berezia egin genuen gure bidean: Urdulizko 17. saioa ospatu genuen Txiberri tabernan. Guretzat benetako ohorea eta plazera izan da bertan jotzea; izan ere, taberna honek lotura estu-estua du zuzeneko musika taldeekin, eta sekulako lana egiten du beti musikariei lekua eta ahotsa emateko. Bejondeizuela egiten duzuen lanagatik!
Ohi bezala, arratsaldeko 19:00etan elkartu ginen, eta egundoko gustura aritu ginen euskal kantutegiari errepaso ederra ematen. Saio honetan ere aurpegi berri asko ikusi genituen jendearen artean, eta horrek erakusten du Topakantaren komunitatea hazten eta indartzen ari dela herriz herri.
Gainera, eguraldia lagun, Txiberriko terrazan aritu ginen jotzen eta abesten. Giro bikaina, terraza dotorea eta euskal kantuak... ezin genuen gehiago eskatu!
Eskerrik asko hurbildu zineten urduliztar guztiei eta Txiberriko lan-taldeari guri harrera horren beroa egiteagatik. Laster arte!
2026-04.28
Apirileko oporraldien ostean atzera badator Urduliz Topakanta. Oraingoan Txiberri tabernara hurbilduko gara, ohikoa den bezala maiatzaren lehen ostegunean. Beraz, bertan itxarongo zaituztegu: Txiberrin, 19:00etan, maiatzaren 7an!
Biba zuek!
2026-03-06
Atzoko Topakantari ez zion eguraldiak lagundu. Giru umela somatzen zen, eta hasi bezain pronto sekulako zaparrada jauzten hasi zen, berriro ere. Dena den, jendeak ez zuen uko egin tarte lasai eta dibertigarri honeri eta Topakanta egin zuten hilabete guztietako lehen ostegunetan bezala.
Taberna txikia izan arren eroso egon ginen urbildu ginen guztiok. Kasu honetan aurpegi berriak egon ziren, AEKko ikasle talde bat eta Gatikako lagun talde bat ere etorri zen gurekin abestera eta euskaraz mintzatzera.
Hurrengo Topakanta, apirilekoa, ezin izango da ospatu Udaberriko oporraldietan jausten delako eta orokorrean jendea kanpoan dabilelako. Beraz, itxaron beharko dugu maiatzaren lehen ostegunera, maiatzak 7, berriz ere elkartzeko. Seguru gaude hurrengo horretan eguraldiak lagunduko duela!
Eskerrik asko etorri zineten guztioi eta hurrengorarte!
2026-03-01
Ohiturak agintzen duen bezala, hilaren lehen ostegunean Urduliz Topakanta ospatuko da arratsaldeko 19:00etan. Kasu honetan Mauratza auzoko Txinpi Tabernan.
Badakizue! Buzti dezagun Urduliz gure hizkuntza maitearekin eta zatoz gurekin abestera!
2026-02-06
Atzo egin genuen Topakantaren 15. saioa, Txiki Barri tabernan. Hitzordua 19:00etarako jarrita bazegoen ere, pixka bat beranduago ekin genion kantatzeari, jendea biltzen eta giroa berotzen joan ahala.
Eguna berezia zen, Santa Ageda eguna baitzen, eta horregatik saioari hasiera emateko Santa Agedaren bi kantu abestu genituen, giroa berehala sortuz eta jendea kantura gonbidatuz.
Ondoren, etenik gabe, ordu eta erdi inguruz aritu ginen kantuan, kantutik kantura, Txiki Barriko espazioa ahotsez eta giro onez betez. Une bereziki aipagarria izan zen Hertzainak taldearen “Aitormena” kanta. Nahiz eta kantutegian jasota ez egon, bertaratutakoen eskaria izan zen, eta harrigarria bezain polita izan zen ikustea jendeak oso ondo abestu zuela, letra eta melodia ondo gogoan zituelarik.
Saioaren hasieran, Txiki Barriko jabeak detaile ederra izan zuen gurekin, tortilla batzuk atera baitzituzten partekatzeko, giroa are gehiago borobilduz. Keinu horrek ederki islatu zuen saio osoan zehar bizi izan genuen hurbiltasuna eta eskertza.
Laburbilduz, saio zoragarria izan zen: kantua, parte-hartzea, sorpresa politak eta komunitate giroa. Amaiera ezin hobea Topakantaren 15. saio honentzat eta orain arteko ibilbidearentzat.
2026-01-26
Bezperan abestuko duzuenez ez ezazue zuen ahotsak hozten utzi eta indarrak gorde hurrengo eguneko Topakantarako.
Gogoan izan hilabete guztietako lehen ostegunean alkartzen garela euskarari arnasgunea emateko asmoz, eta bereziki gure kantutegiko abestiak abesteko. Gorde hitzordua zuen agendetan eta otsailaren 5ean arratsaldeko 19etan itxaroten zaituztegu Urdulizko Txiki Barri Tabernan!
2026-01-09
Betiko lez hilabetearen lehenengo ostegunean Topakanta ospatzeko asmoz hurbildu ginen Jublatuak tabernara. Denboraz eta lasaitasunez gerturatu ginen Ander eta biok tabernan txokotxo baten gure gailu guztiak jartzeko, baina, ez genuen espero bertan ikusi genuena!
Tabernaren barruan urtebetetze polit bat ospatzen ari ziren. Herriko umetxoren baten urteak ospatzeko ume pila zebilen han eta hemendik korrikan, algaraka, jolasean... Panorama hori ikusita ez genuen aproposa ikusten bertako txoko batean Topakantarekin hastea, ez baikegunen inor molestatu nahi! Azkenean Topakanta gure gozamenerako ekimen bat da eta ez dugu nahi inori estorbu egitea.
Arratsaldeko 19ak heldu eta ondiño Topakanta ospatzeko modurik ez genuen ikusten. Bertan behera botatzkeo erabakia hartu genuenean taberna hustutzen hasi zen eta bapatean guretzako tokia sortu zen. Arineketan tramankulu guztiak atera, martxan jarri, eta 40 minutuko atzerapenarekin hasi ginen.
Eskerrik asko izandako pasientziarengatik eta abesteko gogoa erakusteagatik! Ondo pasatu genuen! Biba zuek!
Hurrengo Topakanta otsailaren 5ean izango da.