2026-08-26
Bilboko Aste Nagusiaren erdi-erdian eta bertako Bilbo Kantari ospatzen ari zen egun berean, Gorlizen ere bagenuen gure txoko berezia gordeta! Atzo, Okela tabernako terraza politera hurbildu ginen, eta egia esan, ez genuen jendetza handirik espero herriko eta eskualdeko kantu-zale askok Bilborako bidea hartuko zutela uste genuelako. Baina Topakantaren magiak berriro harritu gintuen! Zortziak aldera hasi eta bi ordu luzez, giro euskaldun, alai eta apartaz gozatu genuen denon artean.
Azkenean jende asko hurbildu zen, eta polita izan zen adin ezberdinetako lagunak elkarrekin kantu berean ikustea. Tabernariak ere pozik baino pozago geratu ziren sortutako giroarekin. Gainera, saio honek ukitu berezia izan zuen: kantu-zaleek normalean eskatzen ez diren abestiak eskatu zituzten behin eta berriz, eta han ibili ginen Ander eta biok izerdi patzetan gutxitan abestutako doinu horiek jotzen! Eskerrik asko bihotz-bihotzez parte hartu zenuten guztioi, euskara herritik eta herriarentzat biziberritzen jarraitzeagatik.
Prest al zaudete kurtso berriari aurre egiteko eta hileko bigarren osteguneko saioari eusteko? Laister berri gehiago!
Argazkia: Gabi de la Mazarena da.
2026-08-20
Udako oparraldian ere Gorliz Topakanta ospatuko da. Kasu honetan egunaren aldaketa dugu udako agendak zailak bilakatzen direlako, ondorioz, abuztuaren 25ean arratsaldeko zortzietan Gorlizko Okela tabernara hurbilduko gara musikaz, kantuz, eta euskaraz gozatzeko.
Animatu zaitezte eta zatozte!
Gorliz Topakantaren inguruan gertatzen diren berri guztietaz jakin nahi al duzu?
Eman izena Whatasapp talde honetan eta ez duzu saio bat ere galduko! Sartu eta partekatu zure sareetan!
2026-08-01
Uztailaren 30ak ezin zuen amaiera hoberik izan Gorlizen! Arratsaldeko 19:30ean jarria genuen hitzordua New Tavern tabernan. Jabeak atzeko parteko terrazan kokatzeko eskatu zigun bezain laster, bertan antolatu genuen gure kantu-txokoa. Hasieratik antzeman zitekeen arratsalde berezia izango zela, jendea pixkanaka hurbiltzen joan baitzen giro alai horrek erakarrita.
Aupa zuek! Terrazako mahai guztiak jendez leporaino zeuden, eta askok ia bi orduz zutik jarraitu behar izan bazuten ere, inork ez zion kantatzeari utzi. Izugarria izan zen euskal kantutegia horrela bizitzea, denok batera ahotsak baturik. Gainera, oso pozgarria da hilabetero "Topakantazale"-en aurpegi ezagunak ikustea, proiektu hau guztion artean elikatzen dugulako eta euskara saretzeko komunitate polit hau handitzen doalako.
Eskerrik asko bihotz-bihotzez hurbildu zineten guztioi eta New Taverneko lankideei eskainitako espazioagatik! Saio eder honen ostean, indarrez berritu ditugu bateriak euskaraz eta kantaz Gorliz osora zabaltzen jarraitzeko.
2026-07-10
Udan ere Topakanta ospatuko da Gorlizen. Uztaileko saioa, hilak 30 arratsaldeko 19:30etan izango da New Tavern tabernan.
Animatu zaitezte eta zatozte!
Gorliz Topakantaren inguruan gertatzen diren berri guztietaz jakin nahi al duzu?
Eman izena Whatasapp talde honetan eta ez duzu saio bat ere galduko! Sartu eta partekatu zure sareetan!
2026-06-12
Atzo, hilak 11, berriz ere elkartu ginen Topakantako lagunak euskal kantutegiari bueltatxo bat emateko. Kasu honetan, Gorlizko Batzokian izan genuen hitzordua. Uda garaia heldu dela nabari da; eguraldi zoragarria egin zuenez, jendetza animatu eta hurbildu zen gure egitasmoa babestera. Batzokia bete zen, abesteko gogoz.
Benetan zirraragarria eta polita da taberna oso bat ahots bakarrez euskal kantuak babesten entzutea. Gainera, argi esan behar da: Gorlizko lagunek ondo baino hobeto abesten dute! Kasu askotan, abestien artean armonia eta bigarren ahots ederrak egiten ibili zirela konturatu ginen, eta horrek maila berezia eman zion saioari. Anderren eta nire partez, eskerrik asko bihotzez! Plazer hutsa izan zen atzo zuekin une goxo horiek partekatzea.
Hurrengo Topakanta ez da izango ohikoa den bezala uztailaren bigarren ostegunean. Udako jaiak direla eta, egutegia pixkat moldatu behar izan dugu. Hori dela eta, Gorlizko uztailaren saioa uztailaren 30ean izango da (osteguna).
Beraz, idatzi data ondo agendan, deitu zuen lagunei eta senideei, eta goazen denon artean poliki-poliki proiektu hau gero eta handiagoa bihurtzera.
Bejondeizuela eta laster arte!
2026-05-29
Maiatzean izan behar zena ekainean ospatuko da! Oraingoan Batzokian elkartuko gara euskal kantuekin gozatzeko. Gogoratu, ekainaren 11n arratsaldeko 19:30etan bertan egongo gara euskara Gorlizetik zabaltzeko eta euskal kantutegiaz gozatzeko.
Animatu zaitezte eta zatozte!
Gorliz Topakantaren inguruan gertatzen diren berri guztietaz jakin nahi al duzu?
Eman izena Whatasapp talde honetan eta ez duzu saio bat ere galduko! Sartu eta partekatu zure sareetan!
2026-05-18
Badakizue zer dioten: plana aldatzen denean, aukera berriak loratzen direla. Halaxe gertatu zitzaigun Gorlizko 4. Topakantan. Hasiera batean Batzokian elkartzekoak ginen arren, azken orduko toki aldaketa batek bidea aldatzera behartu gintuen, baina aldaketa hoberako izan zela esan genezake. Hurrengo baterako Batzokiko hitzordua gorde dugun bitartean, Olaxka tabernara jo genuen eta harrera ezin hobea jaso genuen. Eskertzekoa da benetan Olaxkako lagunek eman ziguten laguntza eta jarrera, dena izan baitzen erraztasuna gure kantuak entzun zitezen.
Gainera, zorte galanta izan genuen, egun hartan bertan tabernaren berritze obraren osteko berrirekitzea ospatu baitzen. Horrek giro berezia eman zion saioari: pintxoz beteriko mahaiak jarri zituzten eta! Olaxka jendez leporaino bete zen taberna berria ikusteko asmoz, giro alaian.
Aipamen berezia merezi du Topakantan parte hartzera propio hurbildu zen lagun talde hark; bazter batean egon arren, gurekin bat egin eta asko lagundu ziguten saioa aurrera ateratzen. Horixe baita gure funtsa: euskara saretzea eta elkarrekin abestea.
Gure helburua argia da eta ez dugu indarrik faltako: euskara bazter guztietara zabaltzea. Urdulizen hileko lehen ostegunero ereiten dugun haziari jarraipena emanez, Gorliz ere kantuz euskaldundu nahi dugu. Pausoz pauso, abestiz abesti, herria eta hizkuntza saretzen ari gara. Eskerrik asko hurbildu zinoten guztioi, hurrengoan ere eztarriak prest izango ditugu!
2026-05-11
Adi, lagunok!
Datorren osteguneko Topakantaren taberna, aldatu beharra izan da. Batzokian izan beharrean Olaxka tabernan izango da.
Beraz, kontuz ibili eta bertan itxarongo zaituztegu betiko lez arratsaldeko 19:30etan!
Animatu!
Gorliz Topakantaren inguruan gertatzen diren berri guztietaz jakin nahi al duzu?
Eman izena Whatasapp talde honetan eta ez duzu saio bat ere galduko! Sartu eta partekatu zure sareetan!
2026-04-29
Badakigu non ospatuko den hurrengo Topakanta! Gorlizko Batzokian!
Beraz zuen agendetan apuntatu, maiatzak 14, arratsalde 19:30etan Gorlizko Batzokian betiko lez elkartuko gara euskaraz mintzatzeko euskal abestiak danon artean abesten ditugun bitartean. Esan lagun guztiei eta zatozte!
Gorliz Topakantaren inguruan gertatzen diren berri guztietaz jakin nahi al duzu?
Eman izena Whatasapp talde honetan eta ez duzu saio bat ere galduko! Sartu eta partekatu zure sareetan!
2026-04-17
Atzo, beste behin, Gorlizko kaleak kantuz jantzi genituen. Hirugarren Topakanta honek Arin-Arin tabernan hartu zuen aterpe, eta eguraldiak ere bat egin nahi izan zuen gurekin; eguzkiak eta tenperatura gozoak giroa berotzen lagundu zuten hasieratik.
Ohi bezala, arratsaldeko 19:30ean hasi eta ordu t'erdi luzez aritu ginen eztarriak nekatzen. Benetan ederra izan zen adin desberdinetako lagunak elkarrekin abesten ikustea: gazte, heldu zein nagusi, denak ahots bakarrera. Hori da Topakantaren helburua, eta atzo Gorlizen argi geratu zen transmisioa pil-pilean dagoela!
Baina atzoko saioak bada nabarmentzeko zerbait: inoiz baino kantu eskari gehiago jaso genituen! Badakizue Topakanta saio bizia dela eta zuon gustuko abestiak eskatzeko aukera duzuela; bada, atzo Ander eta biok ez ginen gelditu! Eskari horiek guztiek erakusten dute gure kantutegia bizirik dagoela eta gogotsu zaudetela.
Eskerrik asko Arin-Arin tabernako lan-taldeari eta hurbildu zineten guztioi. Giro honekin, ezinezkoa da hurrengoa iristeko gogoz ez egotea! Hurrengoa, maiatzaren 14an!
2026-04-14
Behin Korrikaren marea pasatu eta gero, orain dator Euskara bultzatzeko gararia. Deitu lagunak eta hurbildu zaitezte kantu batzuk botatzera, animo!
Gorliz Topakantaren inguruan gertatzen diren berri guztietaz jakin nahi al duzu?
Eman izena Whatasapp talde honetan eta ez duzu saio bat ere galduko! Sartu eta partekatu zure sareetan!
2026-03-14
Pasa den ostegunean, bigarren Topakanta ospatu genuen Gorlizeko Argintxe tabernan. Hara iritsi eta espazioa ikusi bezain laster, asmatu genuela konturatu ginen: leku zabala eta egokia halako saio baterako. Hasiera-hasieratik, tabernako langileek erraztasun guztiak eman zizkigun, eta oso lasai ibili ginen mikrofonoei eta gainerako tramankuluei azken ukituak ematen.
Zazpi t'erdiak jotzearekin batera, lehen saioan egondako aurpegi ezagun batzuk ikusi genituen; horrek Ander eta biok asko lasaitu gintuen: Topakanta martxan da! Aurpegi berri asko ere hurbildu ziren, eta horrek bide onetik goazela berresten digu. Gainera, hemendik aurrera eguraldia lagun izango dugula ziur gaude, eta jende gehiago batuko dela gure kantu-jira honetara. Eskerrik asko, Gorliz!
Ordu t’erdi luzez jardun genuen kantuan. Bagenekien gorliztarrak kantuzaleak zirela, baina lehen pertsonan eta aurrez aurre ikustea txundigarria izan zen: a zer-nolako ahotsak! Bejondeizuela!
Gogoratu, lagunok: datorren apirilaren 16an, arratsaldeko 19:30ean, hurrengo Topakanta egingo dugu (taberna oraindik zehazteke dago). Gorde data, zabaldu egitasmoa zuen ezagun eta lagunen artean, eta goazen denon artean euskara Gorlizen saretzera!
Biba zuek!
__________
Eman izena Whatasapp talde honetan eta ez duzu saio bat ere galduko!
2026-02-17
Bigarren Topakanta Argintxe Tabernan izango da datorren martxoaren 12an, arratsaldeko 19:30etan.
Euskaraz aritzeko gogoa baduzu edo gurekin kantatzeko animoak, itxaroten zaitugu! Animatu!
2026-02-12
Atzo beste Topakanta bat egin genuen, oraingoan Gorlizen. Gainera, berezia izan zen, Gorlizeko proiektu berriaren lehen saioa izan baitzen. Hemendik aurrera, aurten zehar, Gorlizen ospatuko da hilabete guztietako bigarren ostegunetan, taberna desberdinetan, 19:30etik 21:00etara.
Lehen hitzordua “Portalena” tabernan izan zen, eta ezin dugu aipatu gabe utzi bertako jabeen jarrera: oso jatorrak izan ziren eta erraztasunak baino ez zizkiguten jarri. Halako babesarekin errazagoa da halako egitasmo bat martxan jartzea. Saio hau, gainera, Udalaren eskutik egin ahal izan zen, eta horregatik ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.
Gogoratu nahi dugu: Topakanta ez da kontzertu bat. Ez dago oholtzarik, ez dago ikusle eta artista arteko bereizketarik. Aitzakia bat da: euskaraz mintzaleku bat sortzeko, euskarari arnasgune bat emateko eta, jakina, elkarrekin kantatzeko. Parte-hartzea da giltza.
Saioetan abesti sorta bat eramaten dugu, baina bertaratutakoek erabakitzen dute zein kantatu nahi duten. Kantutegia webgune batean dago eskuragarri, eta modu errazean aurki daiteke nahi den abestia, letra guztiarekin, denok batera kantatu ahal izateko.
Lehen saioa izanik, hasieran jendeak ez zekien oso ondo nola funtzionatzen duen Topakantak. Baina saioak aurrera egin ahala, giroa askatzen joan zen, jendea animatzen hasi zen eta, azkenean, oso ondo pasatu genuen denok elkarrekin.
Kantatu genietuen abestien artean Euskal Herrian Euskaraz, Zurekin batera, Matalaz, Aske maite, Eperrak beste honelako beste sorta luze bat. Ederto abestu genuen!
Hurrengo hitzordua martxoaren 12an izango da, betiko lez, 19:30etan, oraindik zehazteke dagoen taberna batean.
Animatu eta zatoz kantura! 🎶
2026-02-09
Gorliz Topakantaren inguruan gertatzen diren berri guztietaz jakin nahi duzu? Eman izena Whatasapp talde honetan eta ez duzu saio bat ere galduko! Sartu eta bidali zure sareetara!
2026-02-09
Hemen daude jatorrizko bertsioekin egindako Spotify zerrenda bat. Joan euskal abestiez bustitzen zuen eguneroko bizitza!
2026-02-05
Berri bikaina euskalzale eta kantuzale guztiontzako! Ingurutik egindako egitasmoaren arrakasta ikusita, aurten, 2026an, Gorlizera iritsikoa da Topakanta!
Topakanta zer den jakin nahi baduzu webgune honetako Egitasmoan ondo azalduta dagen arren, laburbilduz, zera da:
Hilero, adostutako egutegi baten barruko ostegun batean euskal kantuz gozatzeko aukera izango duzue giro lasai eta euskaldunean. Gure helburua euskaraz aritzea da gure herrikide eta lagunekin, euskaraz kantari gagozalarik.
Laister berri gehiago izango dituzue, baina lehen Topakanta otsailaren 12an izango dela badakigu. Arratsaldeko 19etan elkartiuko gara oraindik zehazteke dagoen taberna batean. Beraz lagunekin hitzordua gorde eta informazio gehiago dakigunean hemen bertan jarriko dugu! Animatu!