1. SARRERA
Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Haur Hezkuntzako 4.mailako ikasleak gara eta Adierazpena eta Komunikatzeko Dramatizazioren bidezko minorra burutzen gabiltza. Meraki hitza erabili dugu taldea izendatzeko, honek "arima, sormena eta maitasuna jarri egiten den guztian, norberaren esentzia egindako lanean utziz" esan nahi baitu eta guretzat oso garrantzitsua da guk gauzatutako lanek gauza guzti horiek biltzea (Wain, 2015).
Dokumentu honetan zehar, gure proiektuari buruz hitz egingo dizuegu, honekin harremana duten oinarrizko hastapen pedagogikoen ideia bat helaraziz eta aldi berean, Curriculumean kokatuz. Ostean, helburu pedagogikoak finkatuko ditugu eta marko teorikoari hasiera emango diogu. Jarraian, dramatizazio proiektua azalduko da, ebaluaketa eta ondorioekin amaituz. Dramatizazio proiektuaren barruan, argumentuaren laburpenarekin, pertsonaien deskribapenarekin, gidoi dramatikoarekin eta eszenografiaren deskribapen eta hausnarketarekin aurkituko gara.
Haur Hezkuntzarako adierazpen-dramatikoko proiektua
Honekin, gure Moduluko diziplinarteko jarduerari (MDJ) hasiera emango diogu. Izan ere, Haur Hezkuntzako ikasleei bideratutako Adierazpen Dramatikoko Proiektu bat aurrera eramango dugu. Bertan gure minorreko, Adierazpena eta Komunikazioa Dramatizazioaren bidez, ikasgaiak eta hauen arteko lotura ezarriz. Betiere, baliabide garrantzitsuenak adierazpen eta komunikaziorakoak direlarik. .
Proiektu hau, emozioak eta gaitasunak garatzeko funtsezko baliabidea izango delakoan gaude. Aldi berean, lotsak gainditzeko eta jendaurrean hitz egiteko abilezia lantzeko eta espontanietatea edota gorputz adierazpena garatzeko aproposa delarik.
Hau aurrera eramateko, esan bezala, gure minorreko ikasgaiak eta curriculuma kontuan hartuz, antzezlan bat sortu dugu. Haur Hezkuntzako bigarren ziklora egokitutako proiektu bat egin da, hau da, 3-6 urte bitarteko haurrentzat. Ikasgaietatik hamaika baliabide aurkitu ditugu etorkizunean jorratzeko aproposak iruditzen zaizkigunak eta egun, gure proiektuari sakontasuna emateko ezinbestekoak:
Adierazpena eta Komunikazio trebetasuna ikasgaian; Haurren Ehun Hizkuntzak landu ditugu, jolas dramatikora hurbildu gara eta noski, pasioa bizitzaren abiapuntua dela konturatu gara. Hizkuntza Plastikoa eta Ikusizkoan, berriz, gauzak mila interpretazio izan ditzaketela ohartarazi gara, estereotipoak alde batera utziz eta bihotzez transmitituz, munduaren beste errealitate bat sortuko dugularik. Gorputz Hizkuntzaren bidez, askatasuna ukitu dugu, haurrek ikasten dutena maitatzeko trebetasuna garatu dugu eta. Makina bat baliabidez jardun gara, hauekin bat eginez. Dramatizazio Adierazpenerako Informazio eta Komunikazio Teknologiak funtsezkoak izan dira gaur egungo teknologia mundua kontuan izateko eta hainbeste garatzen ari den hizkuntzarekin haurren garapen integrala xede duten elkarrekintzak burutzen. Azkenik, Musika Hizkuntza, sormena eta askatasunarekin lotu dugu, ikaskuntza prozesuaren funtsezko tresna izanez.
Dramatizazio proiektu honetan, esan beharra daukagu, hastapen pedagogiko batzuk izan ditugula oinarri, adibidez, dramatizazioa eta jolas dramatikoaren harremanari buruz hitz egiterakoan, Isabel Tejerina izan dugu erreferente bezala. Gero, bost hizkuntzen garrantzia ere azpimarratu dugu, hauek proiektu honetan egiten dituzten ekarpenak azalduz.
Hala eta guztiz ere, gure antzezlaneko istorioan gehiago zentratuz, beste gai batzuk eta hauekin lotuta beste erreferente batzuk izan ditugu, hots, itsutasunaren gaian sakondu dugu, Pérez Pereira adituaren eskuz; inklusioaren gaia ere jorratu dugu, beste erreferente batzuen artean Darretxeren hitzak kontuan hartuz; eta azkenik, atxikimendua, Jauregizar, beste batzuen artean, erreferente izanik. Gai hauek, aurrerago marko teorikoan azaldu eta honetan gehiago sakonduko dira, izandako erreferente guztiak aipatuz.
Gai hauetaz gain, curriculumari dagokionez, bertan aurki ditzakegun hainbat oinarrizko konpetentzia espezifiko landuko dira ere: hizkuntza eta literatura komunikaziorako konpetentzia, teknologiarako konpetentzia, konpetentzia soziala eta zibikoa, arterako konpetentzia eta konpetentzia motorra.
Konpetentzia hauek era egokian garatzen direla ziurtatzeko, teknologia behar denean eta modu egokian baliatzea ezinbestekoa da. Gainera; ikus-entzunezkoen, teknologiaren, antzerkiaren, musikaren eta, besteak beste, gorputzaren bidez sortutako produkzioak ikustea eta baloratzea oso garrantzitsua izango da haurrentzat. Arte-adierazpenak baliatuz gertakariak, sentimenduak, emozioak, bizipenak eta ametsak adieraztea eta komunikatzea bilatzen baita. Azkenik, ez-hitzezko komunikazioa garatzea eta hau komunikazio-adierazpen ezberdin bezala identifikatzea eta dramatizazioaren bidez jolasten ikastea erakutsi nahi da. (237/2015eko Dekretua).
Helburu pedagogikoak
Curriculumeko helburuak kontuan hartzea funtsezko prozesua dela iruditzen zaigu, oso garrantzitsua gainera haurren beharretara egokitzeko. Bestalde, guretzat ezinbestekoa da haurrek emozioekin eta bizipen eta esperientziekin ikastea. Horregatik, guk helburu pedagogikoetan ere oinarritzea erabaki dugu, prozesu hau ahalik eta aberasgarriagoa suertatzeko.
Gure helburu pedagogikoei erreferentzia eginez; esan beharra dago, 3-6 urte bitartean, haurrek haien gorputzaz jabetzen direnez, honen kontrola ikasten hasten direla. Horregatik, guk umeak autonomiaz jokatzen, haienganako konfiantza eta iniziatiba garatzen dutenez, autonomia hori adieraztea dugu helburu.
Protagonista itsua dela kontuan izanda ere, haren egunerokotasuna eta izan ditzakeen oztopoak islatzea eta horren kontziente izatea izan da beste xede bat. Horrela, umeek, agian ezagutzen ez duten beste errealitate bat ikusiko dute eta bertan erakutsitako ekintzen bitartez, honetaz ikasiko dute.
Aldi berean, gaiarekiko harremana aipatuz, lehen esan bezala, inklusioa bultzatu nahi dugula azpimarratu behar dugu, horrela, harreman sozialetan, pertsonaien arteko ezberdintasunak errespetatuz eta afektuzko adierazpenak elkartrukatzen. Hori ez ezik, haien nahi, sentimendu, esperientzia eta ideiak ere, espresatzen ikastea dugu helburu, aldi berean, haien adinari dagozkien posibilitate adierazkorrak eta artistikoak gara ditzaten lagunduz.