2. MARKO TEORIKOA
Marko teoriko hau proiektuan kontuan hartutako teorien edota kontzeptu teorikoen oinarria da. Bertan, guk egindako ikerketa eta azterketetan oinarritu gara.
Eskoletan hizkuntza berriei atea zabaltzea oinarrizkoa bilakatu da. Hizkuntza hauek haurrei etorkizun batean trebeak izatera, komunikatzeko ahalmena garatzera, zaintzeko abilezia lantzera eta bereizketak egitera lagunduko diete. Aurrekoa kontuan izanda, Haur Hezkuntzan hainbat dimentsio gehitu behar dira errekurtso pedagogiko bezala, esaterako: gorputz, estetika, ikus-entzun eta teknologia dimentsioak (Tresserras, 2017; Rodríguez, 2012 eta Cassà, 2005).
ADIERAZPENA ETA KOMUNIKAZIOA: EGITASMOAREN OINARRIAK
Adierazpena eta komunikazioa dramatizazioaren bidez lantzea denez gure egitasmoaren funtsezko oinarria, hauek definitzen hastea egokia iruditzen zaigu:
Jarduera dramatikoa, hezkuntzako testuinguruan, dramatizazio esanguran ulertu behar da, hau da, adierazpen eta komunikazio kodeen globalizatze prozesu korapilatsu bat bezala. Honetan, norbere burua eta ingurune sozial eta kulturala ulertzeko bidea ematen da. Aldi berean, adierazpenari oso lotuta dago eta honen funtzio nagusia, haurrak bere buruan konfiantza gehiago izatea eta komunikatzeko ahalmena garatzea da. Gainera, alfabetatze estetikoa ere lantzen du, bereziki; emozioak, kultura, historia eta pedagogia. Bestalde, kritikotasuna, sormena eta harremanak ere garatzen ditu (Teruel, 2016).
Adierazpenarekin jarraituz eta kontzeptua zehazteko asmoz, gorputz adierazpenean jarri nahi dugu arreta. Gorputz adierazpenaren oinarria norbere gorputza bilatzea, erabiltzea eta onartzea da, honen bidez emozioak, sentimenduak, ideiak eta gure barnean dauzkagun gauza guztiak adierazi ahal izateko mugimenduen eta keinuen bitartez. Hala ere, aurrean aipatu dugun moduan, autoestimua eta konfiantza indartzea ere da helburu nagusienetako bat (Vizcarra et al, 2010).
Curriculumari dagokionez, oso garrantzitsua da bertan adierazpena eremu guztietan integratua egotea eta ez bakarrik eremu kognitiboetan, pertsonaren dimentsio guztiak lantzeko ezinbestekoa baita. Tamalez, gaur egungo curriculumean adierazpena “Norberaren ezagutza” eremuan soilik aurki dezakegu. Dramatizazio teknikak gauzatzeko, haurren adina ere kontuan hartu beharko litzateke eta gure kasuan, bereziki, jolas dramatikoan murgilduko gara. (237/2015 DEKRETUA).
DRAMATIZAZIOA, HIZKUNTZEN ABIAPUNTUA
Honekin lotuta, Isabel Tejerinaren (1994:120) esanetan, gaur egun dramatizazioak eta jolas dramatikoa bat egiten dute: “así pues, la dramatización es hoy sinónimo de juego dramático. Puede plasmarse mediante el lenguaje de los gestos (juegos mímicos) o mediante el corporal y el verbal, ya sea actuando de modo directo los jugadores (juegos dramáticos personales) o bien con el uso de sustitutos simbólicos dramáticos os (jueproyectados con máscaras, títeres o sombras)”.
Aurreko paragrafoan esan duguna kontuan hartuz, gehitu behar diogu Alvarez-Uriak eta Tresserrasek (2014) esaten duten moduan jolas dramatikoa aukerarik hoberena dela haurrekin dramatizazioari hasiera emateko. Gainera, jolas honen gozamenaren bidez antzerkiaren zentzua lor daiteke.
Adierazpen-baliabideekin jarraituz, oraingoan hizkuntza plastikoa eta ikusizkoari helduko diogu. Honen xedea errealitatea ulertzea eta adieraztea delarik, irudimena, sormena, ulermen estetikoa eta adimen emozionala garatzen ditu. Horrez gain, etorkizuneko hezitzaileen kalitatezko formakuntza bat eskeintzen du. (25/2007 FORU DEKRETUA; Hezkuntza, kultura eta kirol Saila, 2000 in Madina, 2013).
Hizkuntza honek, bi komunikazio maila behar ditu komunikatzeko, ekoizteko, sortzeko, errealitatea eta norbera hobeto ezagutzeko eta gizatiartzeko. Bi mailetako bat, adierazteko egiten jakitea litzateke, maila honetan ikerketarako, ekoizpenerako eta sorkuntzarako jarrera garatzen da. Prozesuan eskuratutako ezagutza kontzeptual eta prozedurazkoek gauzak adierazten eta sormena garatzen laguntzen diete. Bigarrena, adierazitakoa ulertzeko ikusten jakitea da, hau lortzeko, pertzepzioa landu behar da jasotzen den informazioa ebaluatzeko eta modu objektibo, arrazoitu eta kritiko batean aztertzeko. Honetarako ulermen estetikoa garrantzitsua da, honi esker, onarpenezko edo ezespenezko ondorio pertsonalak ateratzen baitira (Nafarroako Gobernua, 2007).
Honetaz bestalde, hezkuntza artistikoak obra plastikoak eta irudiak aztertzeko eta balioztatzeko eta hauek sortzeko pertsonak heztea du helburu. Izan ere, lan plastiko eta irudien sorkuntza, hauen pertzepzioa bezain garrantzitsua da, ezin baita ulertu existitzen ez dena. Helburu hauek lortzeko gaitasunak pertzepzioa eta bisuala, manipulazioa eta prozedurak eta sorkuntza eta espresioarekin erlazionatuta daude (Izquierdo et al., 2001).
Hezkuntza artistikoak musika hizkuntza ere hartzen du bere baitan, honek entzuleei emozio sakon eta anitzak helarazten dizkienez, adierazpen bide bat dela esan dezakegu.
Antzinako Greziatik musikak eszenarekin lotura estua izan du, musika erabiltzen zen ekintza sendotzeko, eszena desberdinak batzeko edo jendea atsedenaldietan entretenitzeko. Musika eta antzerkiaren arteko lotura horrek generoak sortu ditu, hala nola opera, musika intzidentala edo musikala.
Badira musikaren definizioan laguntzen duten beste autore batzuk, Fernández-en hitzetan (2009) musikak izaera harmonikoa eratzen laguntzen du, gaitasun guztiak estimulatuz. Bestalde, Díaz-ek (2004) gaitasun horiek zehazten ditu; musikaren bidez gaitasun anitz lantzen dira, hala nola, memoria, entzumen bereizketa, arreta, sinkronizazioa, parte hartzea eta talde zentzua.
Musika adierazpen artistiko bat da, honek antz handia du gainontzeko arteekin. Hala eta guztiz ere, beste arteek ez duten ezaugarri bat dauka: entzumenaren gaitasunaren erabilera. Entzumena uneoro erabiltzen dugun gaitasuna da, gizakiaren inguruarekin zein pertsonekin harremanetan jartzeko eta interakzioan egoteko ezinbestekoa da. Entzumen ahalmenak arreta mantentzen eta irudimena garatzen laguntzen du (Cabezas, 2009).
Hau guztiagatik, Urrutiak musikaren erabileraren garrantzia azpimarratzen du. Haurraren garapen osoa lortzeko eta bere entzumena, adierazpena eta sormena adierazteko ezinbestekoa da azpimarratzea musikaren bizipena eta erabileraren garrantzia. Musikaren bitartez haurraren barruko mundua adierazi ahal dela aipatzen du. Halaber, beste konpetentzia batzuk badaudela azaltzen du; zeharkako konpetentziak, esaterako. Haurren arteko harremana eta, norberaren eta ingurunearen ezagutza ere landu ahal da musika erabiliz. Halaz, geletan bizikidetza hobetzeko modua ere badela argitzen du (UEUren, d. g.).
Aurretik aipatutako adierazpenak jakitera emateko Informazio eta Komunikaziorako Teknologiak (hemendik aurrera IKT) bitartekari egokiak direla uste dugu, gaur egungo gizartean edonon baitaude. Hortaz, esan beharra dago etengabeko kontaktuan gaudela haiekin eta gure gizarterako, eta kasu honetan gure proiekturako, ezinbestekoak direla. IKTen zabalkuntza hau alor guztietan ematen ari da abiadura handian eta habian edo martxan dagoen prozesua da, gero eta teknologia gehiago daudelako eta gero eta onartuagoak daudelako gizartean zein gure bizitzan (Perera eta Suárez, 2009; Graells, 2000).
IKTak onura asko ekarri dizkigute, esaterako: Informazio iturri erraldoi baterako sarbide erreza; prozesu azkarra eta fidagarria datu mota anitzetara; berehalako komunikazio bideak; biltegirako ahalmena; lanen automatizazioa; elkarrekintza eta informazio guztiaren digitalizazioa. Onurak asko badira ere, hainbat balaztarekin egin dugu topo. Hala nola; arazo teknikoak, formazio falta, segurtasun arazoak, ekonomia oztopoak eta kultur- trabak. Oztopo hauek direla medio, askok beldurra hartu diete IKTei edo ezkortasuna adierazten dute, batik bat, haurren hezkuntzan txertatzearen kontuarekin (Graells, 2000).
IKTak ondo erabilita hezkuntza eta hazkuntza prozesuetan lagundu dezakete esperimentaziorako agertoki desberdin eta berriak asmatuz edo sortuz eta modu honetan, batzuetan agertzen den estresa eta frustrazioa gailendu daiteke. Nahiz eta teknologiak onak izan, kontuz ibili behar gara hauen erabilerarekin. (Tresserras, 2017; Claro, 2010).
Gure antzezlanean landuko diren ideiak
Orain arte aipatutako euskarri teoriko guztiengan oinarrituz gure antzezlanaren proiektua eraman dugu aurrera. Honetan islatu nahi den gaia objektu batekiko atxikimendua da. Objektu hau koloretako gatz-pote bat izango da eta hau antzerki osoan zehar presente egongo da, protagonistaren segurtasun falta adieraziz. Protagonista, haur itsu bat da eta jolasteko garaian izan ditzakeen oztopoak azaltzen joango dira. Hauei aurre egiten doan heinean, atxikimendu potetik aldentzen joango da eta gai izango da hura barik konfiantza, autonomia eta segurtasuna eskuratzeko. Hortaz, antzezlan honetan zehar inklusioa landuko dugu eta aipatutako gaiei garrantzia ematea eta sakonki aztertzea ezinbestekoa iruditzen zaigula esan dezakegu.
Lehenik eta behin, itsutasunaren kontzeptuarekin hasiko gara. Hortaz, esan beharra daukagu istorioa eraikitzerako orduan, gai honen inguruko hainbat aspektu izan genituela kontuan. Lehenik eta behin, pertsona itsuak, itsu jaio izan badira, beste kasuetan baino azkarrago egiten dutela aurrera egunerokotasunean maneiatzean. Egunerokotasun honetan, itsu batentzako imitazioak, errutinak eta errepikapenak funtsezkoak bihurtzen dira eta hauen erabilerak hizkuntza konplexuagoa izatea eragiten du ere bai (Clark, 1974, 1977; Snow, 1981, 1983; Kuczaj, 1982; Speidel y Nelson, 1989 in Pérez, 1991).
Itsuek izaten duten zailtasun bat garapen psikomotorrean eta sozialean aurkitzen da, ikusmena duten haurrekiko ezberdina baita eta azkeneko honi, ikusmenak eskaintzen duen egoera eta harreman sozialei buruzko informazio ezak kalte egiten dio (Scott,1969 in Pérez, 1991). Hala ere, esan beharra dago, askotan itsuekin egoterakoan gauza batzuk naturaltasunez hartu behar direla, adibidez, “begiratu” eta “ikusi” hitzak hizkera arruntekoak dira, eta naturaltasun osoz erabiltzea komeni da. Azken finean, haur itsuak eskuen bidez adierazten du ikusmena duen haurrak begiradaren bidez adierazten duenaren zati bat.
Jarraitzeko inklusio kontzeptua aurkezteko honi buruzko aipu bat azalarazi nahi dugu: "Hezkuntza da gizartea eraldatzeko armarik indartsuena, eta borroka horretan kokatu behar dugu inklusioa" (Darretxe, 2012, 4.orr.).
Martinez-ek (2017) dioen moduan, gaur egun aurki daitezkeen hezkuntza sistemen desafio nagusia hezkuntza demokratiko eta inklusiboa sustatzea da. Izan ere, haur zein gazteek berdintasunaren eta justizia sozialaren printzipioetan oinarritutako kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea dute. Honekin ados dago Darretxe (2012), honek gaur egun gaiak duen garrantzia azpimarratzen baitu eta errespetua eta heterogenotasuna bermatzen duten politiken alde eginez.
Inklusioa prozesu bat da parte-hartzeko eta irakas-ikasteko oztopoak identifikatzen dituena, oztopo hauek hezkuntza eskubidea mugatzen dute. Nabarmendu behar dugu inklusioak hezkuntza komunitate osoan jartzen duela fokua. (Ainscow, Booth eta Dyson, 2006 in Martinez, 2017).
Gure proiektuan ematen den atxikimendu egoera horrek beharrezko presentzia izan dezan honi buruzko ideia batzuk azalduko ditugu. Atxikimenduak haurraren lehenengo urteetan bere garapen prozesuarekin bat egiten du. Lehenengo erreakzioei erreparatuz; haurretan larritasuna ikusten zen atxikimendu-irudiarengandik banatzean eta oso esanguratsua zen zer nolako erreakzioa zuten berriro elkartzean, mendekotasuna islatuz. Atxikimendu objektu horiek segurtasuna ematen diete haurrei sortzen den lotura emozional horren ondorioz, gure antzezlanean lotura hori potearekin ikus daiteke. Honetan oinarrituz hiru atxikimendu mota nagusi daudela esan dezakegu: atxikimendu segurua, larritasun handiko atxikimendu anbibalentea eta ekiditezkoa (Jauregizar, 2009).
Gure egitasmoan ikusten den bezala, egunean zehar haurrak hainbat aldiz objektu hori ukitu, ikusi eta usainduko du. Beste gauzekin jolasean egon daiteke eta bat-batean bere atxikimendu objektuari erreparatu bakarrik sentitzen denean. Leku guztietara eraman behar du, horrek segurtasuna ematen dio eta (Gonzalo, 2009).
Norberaren izaeraren eraikuntzan garrantzi handia du atxikimenduak. Auto-konfiantza eta autoestimuari dagokionez eta besteekiko konfiantza garatzeko orduan, prozesu zaila izango den arren, erlazio positiboak garatzea du helburu. Gainera, bakoitzak bere burua ezagutzea da beste xedeetako bat, horrela, oztopoei aurre egiteko prest eta zailtasunak gainditzeko prest egonez. (Reizabal, 2013 eta Marrone et al, 2001).