3.3.1 Amatasun edo haurdunaldi subrogatua

Teknika berriak aplikatu izanak zeharo aldatu du prozedura mediko asko. Laguntza bidezko ugalketako teknikak, esaterako, sumertarren garaietatik erabili izan dira ardiekin-eta, baina azken 40 urteetan, batez ere, garatu dira nabarmen.

1884an egin omen zen, Filadelfian, emakume baten lehenengo ernalketa artifiziala: unibertsitateko irakasle batek anestesiatuta zegoen emakume bat intseminatu zuen bere ikasle baten semena erabilita…

Azken urteetan, gehien erabili diren laguntza bidezko ugalketako teknikak intseminazio artifiziala eta in vitro ernalketa izan dira.

Zein da haien arteko aldea? Intseminazio artifizialean, ama izango den emakumearen uteroan sartzen da aldez aurretik aukeratutako semena. In vitro ernalketan, berriz, semena eta obuluak saio-hodi batean batzen dira eta sortutako enbrioia ama izango den emakumearen uteroan sartzen da. Orain arte, bi teknika horien bidez enbrioia garatu duen emakumea semearen/alabaren ama izan da.

Bada, gaur egun, oso polemikoa suertatu den gai bat: amatasun edo haurdunaldi subrogatua. Horretan, emakume baten uteroan semena sartzen da eta han garatzen da enbrioia ume jaio arte. Gero, ume horren gurasoa(k) prozesu hori ordaindu du(t)ena(k) izango d(ir)a.

Kontrako eta aldeko argudioak egon dagoz. Gai hau sakonago ezagutzeko, Tolosako aldizkarian Rebeka Calvok idatzitako erreportajea irakurriko duzue eta ariketak egingo dituzue.