Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak,
jendarme auto bat
bidean bildots artean pasatzen.
Etxe elizetan otoitzak,
betiko otoitzak neguko kearen antzera
lehun igotzen.
Martin Larralde ez da sekula itzuli,
baina itzuli balitz
(arantzak barrurantza itzuliak lituzkeen sagarroia lez)…
Itzuli izan balitz, zer? Gaur Igandea da,
larre berdeak,
etxe zuri teila gorriak, jendarme autoa bidean
Bayonne 17 panopetik.
Jendea familia erretratuetan bezala
Larritasuneraino
perfumaturiko arima erakutsiz doa mezara.
Inork ere ez du
(dena ohitura, dena errua, dena barkamena )
oroiminaren
korapiloa deslotzen. Inork ere ez du
dena ohitura, dena errua, dena barkamena
koblakaririk behar…
Martin Larralde honelako egun batez hil zen
galeretan,
begiak zabalik etzanda,
zerua itsaso zikin bat da.
Zerua itsaso zikin bat dela esanez,
agian zerua itsaso zikin bat dela esanez.