Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika sailak, Udal Ludotekak eta Udal Gaztelekuak elkarlanean sortutako Jolasaren Asteak, aurten, JOLASIAN izena izango du. Eta ez da aldaketa bakarra izango!
Izan ere, aurten berrikuntzekin gatoz: alde batetik, data. Aurten ekainean izango da; ekainaren 4tik 13ra arte hain zuzen ere. Beraz, gorde data horiek!
Bestetik, egun horietan HHtik hasi eta DBHra bitarteko haur, nerabe eta beren familiek jolasarekin lotutako eskaintza izateaz gain, antolatu dugun eraikuntza lehiaketan ere parte- hartzeko aukera izango dute.
Azken horretan parte hartzeko izen-ematea maiatzaren 19an hasi eta 26an bukatuko da; eta eraikuntzak ekainaren 4an aurkeztu beharko dira Aita Agirreko Kulturgunean, 16:30etik 18:00etara bitartean. Lehiaketan parte hartzeko galdetegia Elgoibarko Izarraren edota Udalaren web-orrian izango duzue eskuragarri; baita gure Instagrameko kontuetan ere. Horri lotutako informazio gehiago hurrengo estekan duzue: EGIN KLIK IKUSTEKO.
JOLASIAN egitasmoaren informazio gehiago datak hurbildu ahala emango dugu; beraz, egon adi Atxutxiamaikaren, Ludotekaren eta Gaztelekuaren instagrametan!
Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika sailak, Udal Ludotekak eta Udal Gaztelekuak antolatzen dugu ekimen hau. Helburua herritarrei jolasak duen garrantzia helaraztea izateaz gain, sormenezko zenbait baliabide eskuragarri jartzea ere bada egitasmo honen funtsa. Izan ere, arrazoi ezberdinengatik eskola orduz kanpoko ekintzetan sarbiderik ez duten edota aukeratzen ez dituzten saioak kalera ateratzen ditugu eta herritar guztien eskura jartzen ditugu.
Horrez gain, eta gure egitasmoaren helburuetako bat den Haurren Hiriaren korronteari jarraituz, kaleak okupatzeari eta sorkuntza-espazioak sortzeari bide ematen die ekimen honek.
Familiekin lanketa egiteko ere oso baliagarria zaigu, izan ere, familia ezberdinen topagune bihurtzen baitira aste honetako zenbait ekimen. Horrez gain, gurasoek umeekin euskaraz aritzeko eta gainontzeko familiekin harremanak sortzeko aukera ere eskaintzen die honek.