Irailaren 15 eta 16-an, “Arte eta Haurtzaro Txikia” jardunaldia gauzatu genuen Adierazpena eta Komunikazioa Dramatizazioaren bidezko minorrean, Ieltxu Ortuetaren eskutik. Bizitako esperientziak sakonki zalantzan jarri zuten gure begirada pedagogikoa eta hezitzailea, eta komunikazioari, jolasari, sinpletasunari eta harremanei buruz gogoeta egitera gonbidatu zigun. Hortaz, atal honetan esperientzia horretatik sortutako ikaskuntza eta gogoeta nagusiak jasotzen dira.
Esperientziak erakutsi zigun hitzak ez direla beti beharrezkoak, eta begiradak, keinuak, eta isiltasunak oso indartsuak izan daitezkeela. Hortaz, honako ondorioak atera genituen:
Hitzik gabeko komunikazioa mintzamena baino aberasgarriagoa izan daiteke.
Hizkuntzatik eta azalpen arrazionaletatik haratago konektatzeko aukera ematen du.
Begirada ez da ekintza fisiko bat bakarrik, jarrera pedagogiko eta gizatiar bat baizik.
Ieltxuren laguntzarekin konturatu ginen jolasa ez dela haurren kontua bakarrik. Gainera, jolasaren onurak oso argi geratu zitzaizkigun:
Sortzeko, askatzeko, konektatzeko eta ikasteko tresna da.
Berezkotasuna, sormena eta konfiantza bultzatzen ditu.
Akatsetik ikasteko aukera ematen du, epaiketari beldurrik izan gabe.
Jolasa pentsamendu, sentsibilitate eta ikaskuntza partekaturako espazio gisa aldarrikatzen da.
Hala eta guztiz ere, onartu behar dugu asko kostatu zitzaigula jolastea, eta horrek galdera hauek egitera eraman gintuen: "Zergatik kostatzen zaigu jolastea norbaitek eskatzen digunean?" ; "Zergatik sentitzen dugu ziurgabetasuna jarraibide argirik ez dagoenean?" ; "Zergatik bilatzen dugu beti ondo egin behar hori?" ; "Zergatik lotzen dugu jolasa haurtzaroarekin eta ez helduaroarekin?"... Hau esanda, galdera hauek abiapuntu bihurtzen dira gure taldearentzat, eta abendura begira, hauei erantzunak bilatzea izango da gure erronka nagusia.
Gai izango al gara berriz jolasten ikasteko? Ikusiko dugu hurrengo hilabeteetan.
Esperientziak zalantzan jarri zuen ideia distiratsuak edo konplexuak izateko etengabeko beharra:
Sinpleena esanguratsuagoa izan daiteke.
"Emaitza perfektuaren" presioa ezabatzean sortzen da sormena.
Inprobisazioak eta leuntasunak konplexutasunak baino gehiago aberasten dute ekintza.
Eguneroko objektuekin dinamika aberatsak eta sakonak sortu ziren. Gakoa ez da materiala, harekin ezartzen den harremana baizik. Honako materialak izan genituen adibide gisa:
Plastiko metalizatua
Zelofanezko borobil urdinak
Papera
Hari gorria
“Egin ezinezkoa posible, posiblea erraza eta erraza dotorea”.
Entzute aktiboa bermatzera.
Pertsona bakoitzaren erritmo eta emozioekiko errespetua sustatzera.
Lankidetza berdintasunetik ulertzera.
Gonbidapena harremanaren oinarri gisa ulertzera.
Azkenik, esperientzia honen inguruko argazki karrusel bat aurkeztuko da: