Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Estatistika, Informatika eta Matematika Sailaren bitartez, eta INAMAT², NAIR, Nastat, Nafarroako Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Parlamentuarekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko Datu Irekien Atalarekin, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan, DataLABen (Datuen laborategia) 1. ediziorako deialdia egiten du.
Ekimen hau gazteen artean arrazoibide analitikoa, datuen kultura eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzeko eta iritziak emateko gaitasuna sustatzeko helburuarekin sortu da.
DataLABen helburu nagusiak honako hauek dira:
Ikerketa: Ikasleak pentsamendu zientifikoan eta ikerketa aplikatuaren metodologian hastea.
Datuen kultura eta balioa: Datuek egungo gizartean duten garrantziaz eta ebidentzietan oinarritutako neurriak eta erabakiak hartzeko duten funtsezko zereginaz kontzientziatzea.
Digitalizazioa eta gaikuntza teknikoa: Datuak tratatzeko, aztertzeko eta bistaratzeko tresna digitalen erabilera aktiboa sustatzea (kalkulu-orriak, GeoGebra, programazio-lengoiak, etab.); hori bereziki garrantzitsua da informazio bolumen handiak manipulatzean.
Irtenbideen proposamena: Erronka globalen aurrean proposamen eraldatzaile eta informatuak egitea sustatzea.
Bokazio zientifikoak eta teknologikoak (STEM) bultzatzea, emakumeek eta neskek zientzian duten zeregina sustatzean eta ikusaraztean arreta berezia jarriz.
Jarduera Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago.
2.1. Parte hartzeko kategoriak
Hiru lehiaketa-kategoria ofizial ezartzen dira:
1. Kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Oinarrizko Lanbide Heziketako (OLH) 1. eta 2. mailako ikasleak.
2. Kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako (EMHZ) 3. eta 4. mailako ikasleak.
3. Kategoria: Batxilergoko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako (GMHZ) 1. eta 2. mailako ikasleak.
2.2. Taldeen osaketa
Parte-hartzea gehienez 4 ikaslez osatutako taldeetan egingo da.
Talde bakoitza ikastetxeko irakasle edo arduradun batek gidatu eta tutorizatuko du, eta bera izango da solaskide nagusia.
Ikastetxe berak hainbat talde inskriba ditzake, eta irakasle berak talde bati baino gehiagori egin diezaioke tutoretza.
Maila desberdinetako ikaslez osatutako talde mistoen kasuan, taldeak kide nagusienaren mailari dagokion kategorian parte hartuko du.
Edizio honetako erronka nagusia ENERGIAREN arloan oinarrituko da, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) 7. Helburuari lotuta: Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria.
Taldeek honako hauetan oinarritutako lan bat garatu beharko dute:
Aztertzea: Energiari lotutako datuak biltzea eta prozesatzea (kontsumoa, ekoizpena, iturri berriztagarriak, efizientzia energetikoa, ingurumen-inpaktua, etab.).
Interpretatzea: Hautatutako datuak teknika grafiko eta kuantitatiboen bidez ebaluatzea, patroiak eta esanahiak ateratzeko.
Proposatzea: Analisiaren emaitzetan oinarrituta, neurri, gomendio edo ekintza-proposamen zehatzak formulatzea.
Lehiaketaren lehen fasea osatzeko, parte hartzen duen talde bakoitzak aurkezpen-bideo bat prestatu eta entregatu beharko du, ezaugarri hauekin:
Gehienezko iraupena: 5 minutu.
Edukia: Lanaren azalpena, lortutako emaitzen eta egindako proposamenen azalpena.
Hizkuntzak: Bideoa Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-sistemako edozein irakaskuntza-hizkuntzatan egin ahal izango da (gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa edo alemana).
DataLABen garapena bi fasetan egituratuko da:
Urriaren amaiera: Deialdiaren hasiera eta informazio zein baliabideen plataformaren irekiera.
Abenduaren 20ra arte: Taldeak izena emateko inprimakia bidaltzeko azken eguna.
Martxoaren 18a: Bideoa bidaltzeko azken eguna.
Apirilaren 16a: Azken Fase Presentziala eta Sarien Banaketa. Kategoria bakoitzean puntuazio onenak lortzen dituzten taldeak aukeratuko dira beren lanak epaimahaiaren aurrean aurrez aurre aurkezteko, amaiera-jardunaldian.
Epaimahaiak aurkeztutako lanak baloratuko ditu, honako puntuazio-bloke hauek kontuan hartuta:
Helburua eta justifikazioa: Gaiaren aurkezpenaren argitasuna, testuingurua eta proposatutako erronka energetikoa zergatik ikertzen den arrazoitzea.
Datuak: Planteatutako azterketarako informazio-iturri zorrotz, fidagarri eta egokien hautaketa.
Grafikoak eta tresnak: Adierazpen grafikorako tresna digitalen erabilera zuzena eta zorrotza, bai eta adierazten dutena modu egokian azaltzeko eta interpretatzeko gaitasuna ere.
Ondorioak eta proposamenak: Emaitzen azalpenaren argitasuna, gaitasun kritikoa eta azterlanetik eratorritako neurri edo proposamenen bideragarritasuna.
Formatua eta aurkezpena: Bideoaren kalitate orokorra, bai arlo teknikoan bai sortzailean.
Epaimahai ebaluatzailea honako hauek osatuko dute:
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleek eta ikertzaileek.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak izendatutako irakasleek.
Diplomak: Parte hartu dutela egiaztatzen duen diploma bat emango zaie parte hartzen duten ikasle eta irakasle tutore guztiei, baita ordezkatutako ikastetxeari ere.
Finalistentzako eta irabazleentzako sariak: Azken faserako hautatutako taldeetako kideek opari bat jasoko dute beren lanaren, dedikazioaren eta jardunaren aintzatespen gisa.
Irudien baimena: Lehiaketak bideoak grabatzea eta entregatzea barne hartzen duenez, adingabeen gurasoek edo legezko tutoreek sinatutako baimen bat entregatu beharko da, haien irudia lehiaketarekin lotutako hezkuntza- eta zabalkunde-helburuetarako erabiltzeko baimena emateko. Baimen hori bideoa entregatzen den unean bertan eman beharko da.
Zabaltzeko lizentzia: Aurkeztutako materiala NUPen eta Nafarroako Gobernuaren erakunde- eta akademia-plataformetan zabaldu ahal izango da, Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin (CC BY-NC-SA) lizentziapean.
DataLABen izena emateak eta parte hartzeak oinarri hauek osorik eta erreserbarik gabe onartzea dakar, bai eta deialdi honetan aurreikusi gabeko edozein ezustekoren aurrean antolakuntzak eta epaimahaiak hartutako irizpideak eta erabakiak onartzea ere.