’Tenorea tenore’...Hitz horiek, betitik entzun dituzkezu, ulertu gabe zer erran nahi zuten eta herritarrek zertarako erabiltzen zituzten. Hau da, auzoko zirtolariak, Donibane Garazin kokatu zinetelarik, Cangina zure familiari ezarri zion izengoitia. Gozotegia ideki zenutelako edo, Suisatik jinik, jende puntualak izateko omena izanik edo, ofizioz erloju eta ordulari konpontzaile zinetelako, bestalde... Nola jakin ? ’Tenorea tenore’. Dena dela, urteekin, familiakide bakoitza bere tenorean zendu zen. Orduan senitarteak, hilerrian aldiro harri potolo berri bat landatzen zuen. Barnerik gabeko ontzi borobila, harri puska batean modelatua, orotara lau baso handi iduri... Alegia, etxeko hildakoen errautsak barnean eman zituztela itxura egin nahian, berdin ? Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu.
’’Mildieu’’… Zure aita jendarmea zen. Garazi aldea gogoz, indarrez eta zintzoki zaintzen zuelako, ’’Mildieu’’ izengoitia ezarriko zioten… Zuk aldiz, Philippe bere semeak, jainko bakar bat gidari izatea, eta berarekin bizitzea nahiago zenuelako, apeztu zinen. Ondotik, bizitza osoa jainkoaren eta herritarren zerbitzuko eraman zenuen. Behin, erretretarako hemen finkatu zinen. Eta hilerrian zure azken egoitza finkaturik, bi gauza galdegin zenituen. Hemengo hildakoekin ekaitz eta galernen erasoeri buru egiteko, hilobia zen bezala, zure gorpua ere mendebalari begira ehortzi zezatela. Eta bestalde, infernuko mila deabruak hilerritik kanpo eta urrun atxikitzeko, aitaren ’’Mildieu’’ ezizena eman ziezazuten, hau armadura gisa erabiliko zenukeelakoan... Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu
‘’Ganitx’’… Haurtzarotik haste, familiakoen maitasunak babesturik, etxean euskaraz bizi zinetela, herriko kulturan murgildu zintuzten. Hainbat urtez, eguneroko bizikidetza partekatu eta gozatuz, hazia eta ikasia izan zinen. Gero, ikasketak segituz apeztu zinen, teologian doktore izanik irakasle egon, bai eta bikario nagusi arduradun. Senpereko erretore zinelarik, ‘’Ganitx’’en luma zorrotzarekin, hamar bat urtez izkirio lanetan arizan zinen. Beraz, etxeko supazter ondoan piztu zizuten sua, zure bizitzan ernatuarazi zenuen, olerki, antzerkiak sortuz ; pasadizo, ipuinak bilduz ; istorio, eleberri, kantu eta melodiak asmatuz. Dena dela, ‘‘Supazter chokoan’’ bilduma utzi zenigun, bakoitzak gure ‘’sutondoko euskal garra’’ geroan eta luzaz, bizirik gorde genezan, ote ? Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu.
’Elizandere’ izengoitiaz deitzen zintuzketen herritarrek. Alta, bazekiten elizako etxekoandere baino zerbitzari umila, besterik ez zinela. Eta hori, neska sortu zinenetik, emaztekiaren zorteak eskutik harturik eraman zintuelako. Etxean, amatxik eta amak neskato baliotsua izateko hezi zintuzten. Nahitaez ! Ondotik, herriko eskolan doi bat egonik, auzo herriko jaunetxean, denbora batez sehi egon zinen. Geroago, neska zintzo eta langile onaren omena zenuelako, ‘’andere serora’’ postua eskaini zizuten. Ez ordea, herriko ‘’serora ofiziala’’ izateko, baizik eliza barneko zereginak, herriko erretorea eta fededunen arteko harreman eta eginbeharrak kudeatzeko. Eta behin, zu Josepha, nekatuezin Elizanderea, noizbait osoki higaturik, berrogeita bost urteekin zendu zinen. Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu.
‘’Le stratège’’... Zure familiako gizonezko guziak bezala, militarra zinen. Eta zure lagunen pare, giro horretan hazia eta hezia izan. Baina, zure burua osoki militartua sentitzen al zenuen, beti ? Nornahiri gertatzen baitzaio, familia eta gurasoekin ez arras gogo bereko izatea. Ez da hala ? Zure militar ofizioa ongi eta kartsuki eraman bazenuen, noizbait, isileko afizio bat piztu zitzaizun : zerbait ikastekotan, leitu behar diat ! Eta irakurle amorratua bilakatu zinen. Zure bizitzan zehar, herriak eta eskualdeak korrituz, hiriburuak bisitatuz, liburu batzuk erosteko parada ukan zenuen. Zendu zinelarik, zure etxean 500 bat liburu bazenituela aipatu baitzen Donibaneko karrikan. Orduan jendeak ulertu zuen, zertako militarrek, ‘le stratège’ deitzen zintuzten. Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu.
’’Dom Juan’’... Merkantziako itsasontzian zure mariñelek ezizen horrekin deitzen zintuzten. Behin, Ameriketatik Medoc-eko portura iritsi eta Bordalerako bidetik, zure aitamekin bizi ziren Pauillac herrira itzuli zinen. Itsasoko ur eta lanbro gaziak luzaz jasanik, tokiko arnotik edan eta gozatu nahian. Taberna batean, andere gazte ezezagun bat gurutzaturik, laster, batak bestea bereganatu zuen. Geroago Margueritekin, ‘’St-jean-Pied-de-port’’ zure sorterrian bizitzera joateko xedea aipatzerakoan, zure maiteñoak ‘’port’’ hitza entzunik, laster onartu zuen. Zu Dom Juan, itsasoko kapitaina izanik eta, Pauillac-en bezala portua izanen zelakoan… Baina, ‘’bortua ez dela portua ‘’ ohartu zen, baina berantegi, bien amodiak orduko Donibanen errotua zuen. Hori hala bada halabiz, hala bada halatsu.
Nire hilobi gainean, ‘’Cher ange, priez pour nous’’ hitzak grabatu zituzten, familikoek beraientzat otoitz egitea eskatu nahi zidatelako. Eta hori, jakin gabe zer bilakatuko nintzen. Ohartu gabe, sortuta berehala zendu nintzenez, ez nakiela otoitz egitea zer zen ere. Hortxe nintzen lurperaturik, hilkutxa azpian lurra, gainean harri lauza hori, burdinezko gurutze eta baranda batek inguraturik, betiko preso. Zorionez, behin entzun nuen bisitari batek harri gaineko hitzak goraki leitzen : ‘’Cher ange, priez pour nous’’ Bere lagunak aldiz : ‘’Aingerutxo, otoitz egizu guretzat’’. Gero, errezatzen hasi ziren, eta nik hauekin, otoitz egiten ikasi. Holaxe, enigma honi bere giltza aurkitu nion. Eta orduan berean, harri petik eta burdinen artetik hegaldatu nintzen, aingeru baten pare... Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu.
Behin, hilerriko gurutze nagusiari juntatzeko xedearekin, hainbat gurutze eta hilarri, izenak bizkarrean, honara etorri ziren. Lehenik, handienak plantatu ziren, harri lodi eta pisuak, inguruko harripikatzaileek ederki grabatu eta zizelkaturik. Ametz hosto itxurako harri puntan gurutzea, harlauza laukia etzanik bere oinetan, gehienek apaindura berdintsuak zituztela. Bigarren boladakoek aldiz, gurutze xume eta hobi-harri tipiagoekin, handikiek utzitako leku eskasetan kokatu behar izan zuten. Etcharren familiakoen gisa, bi hilobi potoloen artean hertsaturik. Hirugarren aldikoak, haur eta gaztetxoen hilobiak, tartetxo estu eta arruntetan moldatu ziren. Eta beren kexua adierazteko, norberak burdinezko gurutzetxo bat bere harrizko mahai puntan landatu zuen. Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu.
Izenik gabeko hilobian gertatua
Aterbe berezia aurkitu zuen ihesle honek ! Jendarmeak oihuka eta lasterka bere ondotik zituela, gure gizonak karrikan korrika zoan, orotara begira, ihesbide bat bilatzen. Bere lasteraldiak hilerri honeraino ekarri zuen. Portalea idekia zen. Bertan dagoen nehor ez baita hortik eskapatuko, ez eta, kanpoko iñor bere baitarik betiko hemen sartuko ! Sargiak, ongi-etorri polita egiten bazion, gure gizona berriz, zalantzan zegoen. Baina fitexko entzun zituen kalapitek aitzina bultzatu zuten. Eta hemen, non kukutu ? Hilobi handi bat ikusi zuen hurbil, bere atetxoa zabalik. Orduan brist, hobi barnera lerratu zen ! Jendarmeak hilerrian gaindi zihoazela, batek hilobiko tapakia lurrean bildu eta ate-ziloan kokatzen ari zelarik, hobi barnetik entzun zuen : ‘Ez, ez hetsi, otoi !’ ! Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu.
Texte de Koldo Amestoy.