Arrankudiaga-Zollo Bizkaiko hegoaldeko udalerria da, Nerbioi ibarra eskualdekoa eta Hego Uribe azpieskualdekoa. Arabako mugan dago. Mugakide ditu ipar-mendebaldean Alonsotegi, ipar-ekialdean Arrigorriaga, ekialdean Ugao, mendebaldean Laudio eta Okondo (Araba) eta hegoaldean Arakaldo.
Mendebaldean Ganekogortako mendilerroa dauka. Arrankudiaga ohiko abiapuntua da Goikogane (702 m), Kamaraka (800 m) edo Mugarriluze (735 m) mendietara igotzeko.
Klima
Ozeaniar motakoa da: tenperatura leunak, urtero gorabehera gutxikoak, eta euritsua. Hala ere, eguraldiaren ezaugarriak gogorragoak izaten dira Zolloko elizatean, oso garaia baita berau Ganekogortatik hur dagoelako.
Garraiobidea
Arrankudiagatik A-68 autobidea hartuz gero Bilbora eta Gasteizera joan daiteke, eta N-625 errepidea hartuz gero Amurriora eta Bilbora. Renfe konpainiak herritik igarotzen den Bilbo-Urduña ohiko tren-zerbitzua du, gainera Bizkaibusak ohiko linea ere badu.