Protokoloa



Hezkuntza orientabideak (Eusko Jaurlaritza)


PROTOKOLOA. ANTZEMATEKO ETA ERABAKIAK HARTZEKO PROZESUA

Protokolo honen bitartez gaitasun handiko ikasleak antzemateko prozesua bideratu nahi da, baita ikasle horien ezaugarriei eta premiei egokitutako hezkuntza-erantzuna bermatuko duten erabakiak hartzea ere.


1. Gai honetan zerikusia duen edozein eragilek (irakasleak, orientatzailea, aholkularia, familiak, kanpoko beste eragile batzuk), ikasturteko edozein garaitan, ikasleren batek gaitasun handiak izan ditzakeela sumatzen badu, gainerako eragileei albait arinen jakinaraztea komeni da, identifikazio‐prozesua abian jarri dadin.

2. Familiak errealitate hau egiaztatzen duten kanpoko profesionalen txostenak ekarriko balitu, tutoreak harremanetan jarri beharko du ikastetxeko aholkulariarekin edo orientatzailearekin, eman beharreko urratsak emateko.

3. Ikastetxeko aholkulariak edo orientatzaileak, tutorearekin eta zuzendaritza taldearekin batera, egoeraren azterketa egin eta ikastetxeak berak dituen tresnekin eta/edo estrategiekin erantzungo du, eta hori guztia lan‐planean eta/edo jardun‐planean jasota geratuko da.

4. Ikastetxeko lantaldeak aholkularitza psikopedagogikoa behar dela uste badu, edo egoera kontuan hartuta, aparteko neurriak hartu behar badira, dagokion Berritzeguneko hezkuntza‐premia berezietarako aholkularien laguntza eskatuko du, eta, hala badagokio, ebaluazio psikopedagogikoa egingo dute. Balioespen horrek familiaren edo ikaslearen legezko ordezkarien adostasuna beharko du.

5. Ebaluazio psikopedagogikoa elkarlanean egin beharko da. Eragile guztiek beren informazio‐ekarpena egingo dute bakoitzaren esparrutik. Informazioa bilduko da, ahalik eta zehatzena, ikasleek testuinguru bakoitzean zer ezaugarri eta premia dituzten jakiteko. Askotariko tresnak erabiliko dira: galdera‐sortak, elkarrizketak, proba estandarizatuak…

6. Ebaluazio ahalik eta osatuena egiteko, datu hauek jaso behar dira: ikaslearen informazioa (eskola‐historiako datu aipagarriak, ezaugarri orokorrak -afektiboak, sozialak-, ahalmenak, gaitasunak, motibazioak, interesak...), eskola‐testuinguruari buruzko informazioa (ikasgela barruko elkarrekintzak, estrategia metodologikoak… ); familia‐testuingurua (itxaropenak, etxeko arreta‐ eta erantzun‐ aukerak); eta gizarte‐testuingurua (gizarte‐ eta kultura‐baliabideak).

7. Informazioa biltzeko eta ebaluatzeko, hainbat eragilek har dezakete parte. Honako hauek: ikaslearen egungo irakasleak, aurreko ikasturteetakoak, ikastetxeko laguntza‐taldea, familia, ikasleak beraiek, ikaskideak eta dagokion Berritzeguneko hezkuntza‐premia berezietako aholkulariak.

8. Jasotako datuetan oinarriturik eta kontuan harturik ikasle guztiak desberdinak direla, ikaslearen premiekin bat datorren erantzuna proposatuko da. Erantzun hori egokitzat hartzen diren neurrien bitartez garatuko da. Neurri bat baino gehiago erabili ahal izango da aldi berean (eskola‐neurriak eta/edo eskolaz kanpokoak, ohiko neurriak eta/edo ohiz kanpokoak).

9. Lankidetzazko lanaren lerroari jarraituz, alternatibak aukeratzeko, alderdi guztiek (irakasleak, familiak eta ikasleak) jakinaren gainean egon eta parte hartu behar dute, bai eta, behar izanez gero, alternatiba horiekin ados egon ere, ohiko neurria izan (aldaketa edo egokitzapen metodologikoa, curriculum‐aberastea edo curriculumetik kanpoko aberastea, curriculum‐handitzea, azelerazio partziala), edo ohiz kanpoko neurria izan (eskolatze‐aldiaren hasiera azkartzea edo malgutzea, aholkularitza…).

10. Familiek eta ikastetxeek batera jardungo dute. Familiek seme‐alabari buruzko informazio garrantzitsua eman dezakete. Halaber, irakasleek, beren lanbide‐ gaitasunean oinarriturik, jarraitu beharreko estrategiei buruzko orientazioa eman ahal izango dute ikaslearekin garatzen ari den prozesuari laguntzeko. Gainera, hartzen diren erabakien berri emango diete familiei.

11. Ezinbestekoa da hartutako neurriak ebaluatzea, bai eta haurren bilakaera eta ikasleen, senideen eta hezkuntza‐profesionalen gogobetetze‐maila ere. Horretarako, bilerak noiz egingo diren zehaztuko da, bai eta haietan zer eragilek parte hartuko duten eta zer gai landuko diren ere.

12. Ikasturtearen hasieran eta amaieran, ebaluazioak egingo dira, hezkuntza‐ neurriak egokitzeko eta/edo doitzeko, eta irakasle eta hezkuntza‐profesional berriei hartutako erabakien berri emateko.

Protokolo honetan adostutako neurriak lan‐plan pertsonalizatuan eta/edo jarduera‐planean jasoko dira.